Urriaren 15ean Onintza Enbeitia “Bizitza baten txatalak. Andre bat lurrari emana” liburuari buruz arituko da Amasako kultur etxean. Solasaldia Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta antolatu du Amasa-Villabonako Udalak. Landa-eremuetan bizi eta lan egiten duten emakumeen garrantzia, lana eta ekarpena aitortzeko ospatzen da egun hori.
Onintza Enbeitia muxikarrak 2025ean atera zuen argitara liburu hau. Bertan Feli Madariaga foruarraren bizitza kontatzen du, lurrari emana. Bera Muxikako Igertu baserrira ezkondu zen, eta gaur egun laurogeita hamar urtetik gora dauzka. Ekonomia zirkularrean, eskuz eskuko salmentan, eskuz eskuko ekoizpenean eta garaian garaikoan sinetsi duten emakume baserritarren belaunaldi baten lekuko da Madariaga.
Enbeitiak garrantzitsua ikusten du Feliren belaunaldiko historia kontatzea, “guk buruan dugun irudia ez baita egia”. Muxikarrak graduondokoa egin zuen agroekologian, “baina ez nuen liburu hau idazten ikasi dudanaren erdia ikasi” aitortu izan du.
Bizitza baten txatalak. Andre bat lurrari emana.
Hamabi gaineko eta hamabi azpiko izan ziren Feli Madariagaren arreoa. Haiek hartuta joan zen Muxikako Igertu baserrira. Hortik aurrera bizitza ederra eraiki zuen Julian Gabikaetxebarria senarrarekin eta bien artean izan zituzten hiru alabekin. Laurogeita hamar urtetik gora, oraindik ere hezurrek uzten diotenean jorran egitera joaten da ortura. Baserriko lana gogorra omen da, baina lurrak bizitzeko behar izan duen guztia eman dio Feliri. Gure amonen, birramonen edo gure amen bizimodua kontatzen da hemen andre baten ahotan. Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe.