Hirurogeita hamar urte bete dituen egun berean hartu du erretiroa Bittor Ormaetxea pediatrak. Goxotasunez hartu izan ditu beti haurrak bere kontsultan eta, goxotasun hori itzuli nahi izan diote gaur. Ahoz aho eta whatsapp bidez zabaldutako deialdiak erantzun zabala izan du, eta 14:30ak alderako jendea ikus zitekeen Villabonako anbulatorioaren inguruan. 14:50 inguruan atera da Bittor Ormaetxea bertatik, txalo zaparrada eta esker hitzen artean.
Hunkituta agertu da pediatra. Bi umek eramandako opariak jaso ondoren, Unai Mendizabal bertsolariak eskainitako bertsoa entzun du:
Umeen arta-pediatrikoa
ez da gero berriketa;
goxotasunez eta euskaraz
eman diguzu arreta.
Zenbat famili ta zenbat ume
eta zenbat errezeta.
Eskerrik asko haundi bat Bittor,
gure bihotzak beteta.
Goza ezazu erretiroa
merezia dezu eta.
Urtebetetze eguna zuen gaurkoan Bittor Ormaetxeak eta kantuz zoriondu dute bertaratutakoek. Ekitaldi xumea amaituta, eskerrak eman eta bertaratutakoak agurtzeko tartea hartu du Bittorrek, berezkoa duen goxotasunarekin.
Bertaratutakoak agurtu eta banaka eskerrak emateko tartea hartu du