Amasamendi Bizirikek alegazioak sinatzera eta mobilizatzera deitu ditu herritarrak

Iraia Sanchez Arregi

Amasamendi Bizirik plataformako kideen eta inguruko bizilagunen babesean, Gurutze Astiasaranek eta Josu Jauregik hartu dute hitza Amasa-Villabonan egindako agerraldian, Premier ESPF Renovables enpresak aurkeztutako proiektuari ezezko borobila emateko eta herritarren erantzuna bideratzeko lan-agenda zabaltzeko.

Amasa-Villabonako, Hernaniko, Andoaingo, Urnietako eta inguruetako herritarrak bildu dira Amasa-Villabonan, Amasamendi Bizirik plataformaren eskutik, Premier ESPF Renovables S.L. enpresak Amasamendiko eremuan eraiki nahi duen bi makro-aerosorgailuko proiektu eolikoaren aurrean euren jarrera azaltzeko. Plataformako ordezkariek azpimarratu dute proiektuaren dokumentazioa aztertu ondoren, ingurumen-inpaktua eta kalteak "onartezinak" direla.

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, ezarri nahi duten bi haize-erroten egitasmoak ez ditu bi elementu isolatu bakarrik ekarriko, baizik eta mendian eragin zuzena izango duten azpiegitura eta lan ugari berekin. Bestalde, sarbide gisa Amasako herri-bidea erabiltzea aurreikusten denez, makineria nahiz materialak igotzeko bideak egokitu eta zabaldu beharko lirateke, lur-mugimendu handiak, desjabetzeak eta paisaiari nahiz inguruneari kalteak eraginez. Horri guztiari Gipuzkoako Foru Aldundiko txosten batek ohartarazitako biodibertsitatearen gaineko eragina gehitu diote, hainbat espezie babesturi, hala nola arrano beltza, sai zuria, miru gorria, sai arrea edota saguzarrak zein ekosistemei eragingo liekeela nabarmenduz.

Era berean, kableatua Hernaniraino bideratzeko Amasa-Villabona, Andoain zein Urnietatik igarotzea beharrezkoa litzateke, eta horrek nekazari zein abeltzainei lurrak desjabetzea edo kaltetzea ekarriko liekeela salatu dute.

Kezkatik ekintzara: plataformak iragarritako ekimenak

Proiektu horren aurrean, plataformak azaroaren 4ra bitartean alegazioak sinatzeko deia egin die herritar guztiei. Horretarako, informazio eta sinadura-postuak jarriko dituzte hainbat udalerri eta azokatan.

Horrez gain, hurrengo asteetan, kalteen berri emateko eta atzean dagoen eredu energetikoa azaleratzeko ekintzak bultzatuko dituzte.

Azkenik, Amasamendi Bizirikek berriro eskatu dio Amasa-Villabonako Udalari “koherentziaz jarduteko, enpresarekin behin betiko harremanak eteteko eta dituen eskumenak erabil ditzala proiektuari bidea behingoz ixteko”. Plataformak ohartarazi du mobilizatzen eta lurraren zein mendien defentsan jarraituko duela egitasmoa behin betiko bertan behera geratu arte.

Alegazioak sinatzeko postuak

  • Urriak 4: Lazkaon (goizean) eta Urnietan (arratsaldean).
  • Urriak 11: Anoeta eta Zizurkilgo azoketan.
  • Urriak 31: Tolosako azokan.
  • Azaroak 1: Amasan (goizean).
  • Ostegunetan (18:00-20:00) eta larunbatetan (11:30-13:30): Malkar plazan.
  • Asteazkenetan (18:00-19:00): Amasako plazan.

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!