Oihana Iguaran finalaurrekoetan izango da

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako aurreneko faseko zazpi saio jokatu ostean, ezagutarazi dituzte zeintzuk izango diren finalaurrekoen lehenengo itzulian arituko diren bertsolariak.

Erabakita geratu da zeintzuk izango diren Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen lehenengo  itzuliko lau saioetan abestuko duten bertsolariak. Aurreneko faseko saio bakoitzeko 7 irabazleak zuzenean igaro ziren hurrengo fasera. Horiez gain, puntu gehien batzea lortu duten 10 bertsolariak ere finalaurrekoetan izango dira. Horien artean dago Oihana Iguaran amasarra.

Guztira 24 bertsolari arituko dira finalaurrekoetan lehiatzen: izena eman duten 2022ko zazpi finalista eta lehenengo faseko saioetatik sailkatu diren 17 bertsolari. Eibarren jokatu den finalaurrekoan arituko da amasarra urriaren 31an. Alaia Martinek, Asier Azpirozek, Nerea Elustondok, Nerea Ibarzabalek, Miren Artetxek eta Oihana Iguaranek osatuko bertso saioa. Saio horretako aurkezlea Igotz Alkorta zizurkildarra izango da.

Lau finalaurreko saio jokatuko dituzte, azkenekoa Miarritzen izango da azaroaren 14an. Saio guztiak 17:00tan hasiko dira, eta sarrerak eskuragai daude jada bertsosarrerak atarian. Finalaurrekoetako saioak ETB 1 ON katean zuzenean emitituko dira. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!