Lutxi eta zuhaitza dokumentalaren proiekzioa egingo da Amasa-Villabonako Gurea zinean, urriaren 27an arratsaldeko 19:30ean. Lander Garrok zuzendutako ikus-entzunezko lan honek 1987an Guardia Zibilak Pasaian hildako Lucia Urigoitia ETAko militantearen historia kontatzen du, egoera nahasi hartako argi-ilunak mahai gainean jarriz. Lanak ekoizpen-talde zabala du atzetik, antzezleen artean dago Garazi Urkola villabonatarra.
Urigoitia familiaren abokatuaren eta auzian parte hartu zuen forentsearen testigantzatik abiatuta, prozesuaren inguruko kontraesanak eta zalantzak aztertzen ditu narrazioak. Memoria bakarraren ideiari aurre eginez, zuhaitza altxatzen da dokumentalean memoria oso eta inklusibo baten beharraren ikur gisa.
Urkolak, Arte dramatikoan Bilboko Dantzerti eskolan graduatuak, ibilbide oparoa pilatu du urte hauetan guztietan: zineman (Akelarre, Las buenas compañías, La infiltrada), telebistan (Go!azen) eta antzerkian zein ikus-entzunezko proiektu ugaritan aritu da lanean. Interpretazioaz gain, literaturaren eta sormenaren eremuan ere ezaguna da, Iraitz ipuin-bildumaren egilea baita, baita haurrei zuzendutako ikastaro eta ekimenen bultzatzailea ere.
Ikus-entzunezkoa ikustera joateko sarrerak eskuragai daude jada Gurea antzokiko webgunean. Dokumentalari buruzko xehetasun gehiago eman dizkigu villabonatarrak.
Nola iritsi zitzaizun Lander Garroren dokumental honetan parte hartzeko aukera, eta zer-nolako pertsonaia edo papera antzeztu duzu bertan?
Lander Garrok berak idatzi zidan, dokumentalaren fikziozko zatian pertsonaia bat interpretatzeko, Lutxi bere etxean babestu zuen emakume baten papera egiteko hain zuzen ere. Orduan izan nuen dokumentalaren eta kasuaren berri. Dena den, nire parte hartzea txikia izan da, istorioan bere tokia duen arren, pertsonaia txiki bat interpretatzen dut eta.
Proiektuak lekukotasun errealak eta fikziozko edukiak edo antzezpenak uztartzen ditu. Nola lan egin duzue fikzioaren eta testigantza errealen arteko mugak zeharkatzeko?
Nire kasuan fikziozko zatian bakarrik hartu dut parte eta alderdi horretaz arduratu behar izan dut soilik. Kasua gertutik bizitu zutenen testigantzekin kontatzen da istorioa, eta fikzioan eszena batzuk berregin dira kontakizun horri forma eta akzioa emateko. Bi ildoak bateratzeko ardura dokumentalaren zuzendariak eraman du, bera izan baita kanpotik dena ikusi eta gidatu duena. Fikzioaren atalari dagokionez, esan dezaket grabaketa formatua kuriosoa izan zela. Niri zegokidan zatia etxe batean gertatzen da, eta, horretarako, etxe batera beharrean, Tolosako Leidor antzokira joan ginen. Eszenatokian, egongela bat sortu eta bertan grabatu genuen, teloia jaitsita. Horretaz gain, gero, eszena batzuk beste espazio batzuetan filmatu zituzten, kalean, mendian eta abar.
"uste dut garrantzia duela halako kasu bat gertutik bizitu zutenen testigantzak jasotzen dituen material bat egoteak."
Dokumentalean "memoria oso baten beharra" aldarrikatzen da. Aktore eta sortzaile gisa, zer ekarpen egiten diolakoan zaude ikus-entzunezko honek gure historiaren transmisioari?
Dokumentalek duten gauza bat da, pertsona batzuen errealitatea oso modu zuzenean jasotzen dutela eta memoriari dagokionez, batzuetan badirudi historian, kontatzen ez dena ez dela existitzen, beraz, uste dut garrantzia duela halako kasu bat gertutik bizitu zutenen testigantzak jasotzen dituen material bat egoteak.
2026. urtea oso emankorra izaten ari da zuretzat (Salitre, Yerma, Rigor Mortis antzezlana...). Nola uztartzen dituzu ikus-entzunezkoen eta antzerkiaren arteko erritmo desberdinak?
Garai polita izaten ari da alde horretatik. Bi diziplinek erritmo desberdina dute, baina aurten nahiko bateragarriak izan dira. Kasuaren arabera errazagoa edo zailagoa izan daiteke, dena den. Proiektuak normalean tenporalak izaten dira, lan batzuk, 2-3 egunekoak dira, beste batzuek asteak edo hilabeteak irauten dute, antzerkiko emanaldiak asteburuetan izaten dira gehienetan, entseguak eta grabaketak astean zehar... Batzuetan proiektuek haien artean ez dute talka egiten eta ondo antola zaitezke; beste batzuetan egun berdinetan kointziditzen dute eta hor erabaki egin behar duzu. Apur bat momentuaren arabera. Diziplina bakoitza desberdina da eta gustatzen zait hori, beraz, ahal den neurrian, biak uztartzen jarraitzea gustatuko litzaidake.
Dokumentalaren trailerra ikusgai