Herria diseinatzen duen hirigintza plana, aldatua

Irailaren 23an egin zuten HAPO berrituaren aurkezpen publikoa, Subijana etxean. Aiurri

2007an onartu zuten egun Amasa-Villabonan indarrean dagoen Hirigintza Plan Orokorra. Ibilbide korapilatsua izan du geroztik eta, azken hilabeteotan, hainbat moldaketa egin dizkiote eskakizun ezberdinetara moldatu, eta egungo beharretara moldatzeko

Herriaren diseinua egiteko tresna da Hirigintza Plan Orokorra (HAPO); udalerriko lurraldea antolatzen duen dokumentu eta arau-tresna nagusia. Etxebizitzak eraikitzeko eremuak zehaztu, zerbitzuetara bideratuko direnak finkatu..., herria nolakoa izango den jasotzen du plan orokor horrek. Amasa-Villabonan egun indarrean dagoena 2007koa da eta, ibilbide korapilatsua izan du. Hirigintza Plan horretan jasotako arauak eta hainbat eremutan jasotako lurzoruen erabilerak ez ziren onartu, eremu horiek zuten uholde arriskuagatik. 2007ko HAPO hari hainbat aldaketak egin zizkioten eta 2020an lortu zen, azkenik, argitaratu eta indarrean sartzea. Hala ere, ez zen osotasunean onartu. Herria 23 eremutan banatuta badago, haietako hamar onartzeke geratu ziren.

Azken hilabeteotan, hainbat moldaketa egin dituzte onartu gabe zeuden eremu horietako plangintzan. Xabat Laborde hirigintzako arloaz arduratzen den zinegotzia da eta hark azaldu duenez, "uholde arriskuaren aurkako neurriak hartu behar izan dira, aldaketak indarrean sar daitezen". Ia herrigune osoari eragiten diote aldaketak: "Etxeondotik Txermin auzora bitarte, ibaiaren inguruan dagoen eremua da eta uholde arrisku mapetan markatuta dago, uholdegarritasun handiko eremu gisa. Bere garaian Ur agentziak eta  Konfederazio Hidrografikoak ezarritako baldintzak betetzera doaz orain HAPOari egindako aldaketa horiek".

Prozedura luzea

2025ean ekin zion Udalak HAPOaren aldaketa lantzeari: "Garbi ikusi genuen beharrezkoa zela 2007ko HAPOan onartu gabe geratu ziren eremuetako araudia berritzea. Izan ere, 1992ko araudiarekin ari ginen eremu horietan, eta horrek arazoak sortzen zituen. Ezin genuen aurreko mendeko araudiarekin jarraitu". Lanketa handia eskatzen zuen horrek eta, Udalak dituen baliabideekin egitea zaila izango zela iritzita, "aditu talde bat kontratatzea erabaki genuen. Kontratazio publikora atera zen eta, Luciano Pagaegi eta Araudi SL enpresako aditu talde baten eskaintzak eskuratu zuen kontratua". 

Ia urtebeteko lana egin dute Udalarekin elkarlanean eta, dagoeneko sortua da txostena. "Horrez gain, HAPO osoaren ingurumen inpaktuko ebaluaketa ere egin dute, aurrekoa oso zaharkituta zegoelako". Lanak eginda, herritarren aurreko aurkezpen publikoa egin zuten joan zen irailaren 23an. Herritar asko gerturatu zen ekitaldira eta, HAPOak izango dituen aldaketak azaldu zituzten, eremuz eremu.

Dokumentuak prestatu eta jendaurrean aurkeztu ondoren, prozedurako hurrengo pausoa ematera doa Udala: "Udalbatzara eramango da, lehen onarpena emateko. Ondoren, boletin edo aldizkari ofizialean argitaratzen da, eta helegiteak aurkezteko epea zabaldu. Norbanakoek, erakundeek, taldeek... aurkez ditzakete alegazioak. Bestalde, epealdi berean, txosten sektorialak prestatu behar dituzte hainbat erakundek. Esaterako, Foru Aldundiak, Ingurumen sailak, Uraren Agentziak... Eskuduntza duten erakunde horien aldeko txostena beharrezkoa da, tramitazioak aurrera jarrai dezan. Orain arte fase honetan gerarazi izan dute, ez duelako lortu Uraren Agentzia eta Konfederazio Hidrografikoaren onespena". Aldeko txostena lortu eta prozeduran aurrera egitea lortuz gero, udalbatzak behin-betiko onarpena eman beharko lioke, baita Foru Aldundian eta Jaurlaritzan ere. 

Aldaketak

Amasa-Villabonako erdigunera etorrita, bi aldaketa txiki egin dira. "HAPOaren berrikuspena baliatuta, aukera berriak sortu nahi izan ditugu herrian. Kale Nagusia 7 eta Kale Berria 18 arteko etxe multzoan, Izkiña gisa ezagutzen den eremuan, eraikin batzuk egoera txarrean daude; eraikin horiek bota eta berriak egiteko garaian, baldintza berriak ezarri dira. Gaur egungo eraikinek oso altuera txikia dute, eta berriei altuera gehiago eman ahal izango zaie. Berdin gertatzen da Kale Berria 27-29an". 

Etxebizitza berriak

Txermingo aparkaleku handiaren lehen erdian etxebizitza babestuak egiteko eremua aurreikusi da. Guztira 70 etxebizitza inguru eraikiko lirateke bertan, lau eraikinetan banatuta. Lurzorua publikoa da eta dagoeneko Etxebizitza Sailarekin elkarrizketatan hasita daude Udaleko kideak, etxebizitzak ahalik eta azkarren egiteko. Burnizubi aldera aparkaleku berriak ere egingo lirateke. "Etxebizitza horiek auzoan txertatzea lortu nahi genuke, auzoan egin dezatela bizitza, auzoaren biziberritzeari laguntzeko. Horrekin lotuta, azken asteotan parte-hartze prozesua abiarazi dugu, Txermin auzoaren eraberritzearen inguruan". 

Otsabi auzoan ere antolamendu berria planteatu du HAPO berrituak. "Trakets dago auzoa; etxebizitzak eta industria elkarrekin daude bertan. HAPOan auzo residentziala proposatu da. Arriaran enpresaren eremuan etxebizitzak egiteko aukera emango litzateke, Otsabiko parkea mantendu, eta Arbe enpresa ere etxebizitza erabilerarako bideratuko litzateke". Uraren Agentziak eskatutako baldintzak betetzeko, Otsabi erreka lurpetik atera eta azaleratzea aurreikusten da, eremua bernaturalizatuz. Etxebizitza tasatuak (28), libreak (71) eta babes ofizialekoak (43) aurreikusten dira bertan, baita inguru osoaren urbanizazioa berritzea ere. 

Sacem

HAPOak auzo berri bat jasotzen du Sacem-go eremuan, baina orain arte ez du onespenik jaso izan, zonaldearen uholde arriskuagatik. "Zubitik, Sacemgo enpresa handira arteko eremuan etxebizitza auzo berria aurreikusten da eta, Akolobi inguruan industriagune berria.  Zubi bidezko lotura egin nahi zaio A1 autobidearekin. Uraren Agentziak blokeatutako eremua da, ordea". Eremu hori desblokeatzeko saiakera egin dute HAPO berriaren proposamenean, "baina Uraren Agentziarekin izandako harremanetan, zaila ikusten da lurzoru erabilera hori bideratu ahal izatea". 

Kezka adierazi du Xabat Laborde zinegotziak: "Saiatu gara irtenbide ezberdinak aurkitzen, baina Uraren Agentziak ez digu erantzun zuzenik ematen. Ibaia zabaldu, lurzoruari altuera gehiago eman... ez dakigu zein izan daitekeen irtenbiderik egokiena, baina herri gisa erantzun bat merezi dugu eta orain arte ateak itxi izan dizkigute. Amasa-Villabonak hazi beharko balu, eremu hori izango litzateke horretarako naturalena, eta erronka garrantzitsua dugu. HAPO honetan onartua izatea nahi genuke, baina badirudi zaila izango dela. Ez dugu presarik herria hazteko, baina garrantzitsua da aukera hori zabalik izatea". 

 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 701 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!