“Sorkuntza bideratzeko aukera emango dit Borbor dendak”

Virginia Ameztoy, tintatzeko erabiltzen dituen landareekin. 

Arte eta artisautza munduan murgilduta ibili izan da beti Virginia Ameztoy. Bere sorkuntzei tokia eman nahian, Borbor denda zabalduko du Villabonako Kale Nagusian, urriaren 30ean

Urriaren 30ean zabalduko dituzu denda berriko ateak. Zerk bultza zaitu erabaki hori hartzera?

Tailerrean egin izan dut beti lan, nire gauzak egiten, esperimentatzen... beti bakarrik. Egindako lan horiei irtenbidea ematea ez da erraza, merkatua nahiko murriztuta dagoelako. Azokatara joatea izan daiteke irtenbide bat, baina niretzat zaila da aukera hori. 

Beste alde batetik, leku fisiko bat edukitzeko beharra nuen. Nire lanak bertan jarri, nolako harrera duten ikusi... gaur egun kutxetan sartuta ditut nire sorkuntzak eta horrela zaila da daukazun horren inguruko kontzientzia hartzea. Gabonetan azoka txikia egin izan dut etxean, eta han izandako harrerak ere bultzatu nau pausoa eman eta denda irekitzeko saiakera egitera. Aldaketa handia izango da, baina erabakia hartuta, martxan nago.

Udalaren laguntzak ere bultzadatxoa eman zidan erabakia hartzeko garaian. Alokairua ordaintzako laguntza eskaintzen dizute bi urterako eta denda martxan jartzeko ere dirulaguntza ematen dute. Horrek asko lagundu du erabakia hartzeko garaian.

Estanpazio eta tintaketa botanikoa egiten duzula aipatu duzu. Azalduko al diguzu nola bideratzen duzun?

Tinte naturalekin lan egiten dut eta haietako gehienak landareetatik ateratzen ditut. Duela hiru urtetik, neronek egiten dut prozesu osoa, haziak ereitetik hasi, landareak bildu, tratatu... Inguruko beste landare batzuk ere erabiltzen dut. Garaiko koloreak eta estanpatuak egiten ditut horri esker. 

Oihal gaineko estanpazioa eta diseinu ikasketak egin nituen, baita gainazalaren dekorazio ikasketak ere, Middlesex unibertsitateko diseinu fakultatean. Garai hartan tinte sintetikoak erabiltzen ziren eta nik ere horrela ekin nion bideari. Hainbat urtez erabili nituen tinte sintetikoak, baina kezka eragiten zidan, kaltegarriak zirelako pertsonentzako eta ingurumenarentzat. Tinte naturaletarako trantsizioa egitea pentsatu nuen, eta beste ikasketa prozesu bat egin nuen horri lotuta. Baratzea jarri, eta ikasteko aukera izan nuen. 

Zer aurkituko du zure dendara gerturatzen denak?

Apaingarriak, zetazko zapiak, tintatutako txapelak, txaketak, gonak, kamisetak, koleteroak, galtzerdiak... guztiak tinte naturalekin tintatu edo estanpatutakoak. Gauza praktikoak eta bereziagoak eskainiko ditut.

Bestalde, artelanak ere jarriko ditut, erakusgai eta salmentan. Maddi Trutxuelo andoaindarra izango da gerturatzen lehena. Zianotipiak egiten ditu eta hark ere tinte naturalak erabiltzen ditu bere irudiak tratatzeko. Lotura polita ikusi nuen, nire lanekin bat egiten dutelako. 

Hiru hilabetez behin artista berria gonbidatzeko ideia daukat. Dendan gauza berriak eskaintzen joango naizen bezala, artista ezberdinei aukera ematea ere interesgarria iruditzen zait. Artisautza eta artearen arteko lotura oso polita da. 

Oihalen tintaketa naturalaren atzean dagoen prozesu osoa ere zabaldu nahi dut dendaren bidez. Erakusleihoa erabiliko dut horretarako. Landareak, koloreak... jarriko ditut bertan, jendeak ezagutu ditzan. Modu didaktikoan egin nahi dut; haurrentzat, helduentzat..., guztientzat interesgarria izan dadin. 

Zein izango da dendaren izena?

Buelta asko eman dizkiot izenari. Lagunei, etxekoei... jende askori eskatu diot aholkua. Azkenean, hiztegira jo nuen eta Borbor jarriko diot. Irakitearen soinua da, erritmo polita dauka, euskarazko hitza da baina aldi berean afrikarra ere izan zitekeen, jolas hori asko gustatu zitzaidan. Aldi berean, ideiak bor-borka dauzkadala ere adierazten du eta hori oso lotuta doa sorkuntzarekin. 

Denda saltokia izango da noski, baina ez dut saltoki hutsa izaterik nahi. Izan ere, tinte naturalek arlo asko ukitzen dituzte: artea, historia, zientzia... Hori guztia erakusteko modua aurkitu nahi dut; oso mundu interesgarria da. 

Kontsumo ohituren inguruko kontzientziazio lana egitea ere oso garrantzitsua da. Azalaren gainean jartzen dugun horrek eragin handia izan dezake, eta arropa gure azalarekin kontaktuan dago; zaindu egin behar da hori. 

Denda fisikoa izateko premia sentitu duzula aipatu duzu, webgune eta sare sozialak ere erabiliko al dituzu bide berri honetan?

Bai, gaur egun ezinbesteko tresna dira. Borbor denda martxan jartzean, online denda ere abiaraziko dut, nire sorkuntzak han ere eskaintzeko. Sare sozialak berriz, beharrezkoak dira dendari zabalkundea eman eta lana ezagutzera emateko. Gaur egun ere martxan ditut sare sozialak, nire izenarekin eta horrelaxe mantenduko ditut.  

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 701 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!