Elduaingo ekitaldi kulturalak, Tolosako setioa eta Belabietako bataila

Karlos Almorza Aranzadiko historialari andoaindarrak II. Karlistaldian (1872-1876) gertatu ziren Belabietako bataila eta Tolosako setioa ditu hizpide, eta horiekin lotuta, azken urtetan Tolosaldean egindako ikerketa gogoratu du, zenbait argazki, bideo eta agirien laguntzaz. Azkenik, ikerketa Gipuzkoa osora zabaltzeko premia azpimarratzen du, honako artikuluan.

“Aranzadi Zientzia Elkarteak Tolosaldeko Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain,  Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidania- Goiatz, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu,  Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, Villabona-Amasa eta Zizurkilgo herrietan, Tolosako setioa eta Belabietako batailari buruzko dokumentu eta udal artxiboak arakatu eta 25 mila jaso ditu orain arte. Aurtengo abenduan web orri batean zintzilikatuak izango dira denak.  

Bestalde, horrela zioen Tolosaldeko Ataria-k 2026ko irailaren 16an:

"Abuztuaren 10ean ehun urte bete ziren Manuel Santa Kruz Loidi Kolonbian hil zela. Herrikide izan zutenaren heriotzaren mendeurrena okasio aproposa iruditu zaie elduaindarrei herriaren historiaren inguruan hausnartzeko, eta aurtengo urtean zehar ekitaldiak antolatzeko. Hala, Urdelar kultur elkarteak eta Elduaingo Udalak egitaraua osatu dute. Tartean Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntza ere izan dute”.

Bat egiten dute Elduaingo ekitaldi hauek eta Tolosako setioa eta Belabietako batailak, enfrentamendu nagusia Amasan izan zuenak, bertan ibili baitzen Santa Cruz apaiza.

 

Seiurteko demokratikoa eta Espainiako Lehen Errepublika

Seiurteko demokratikoa Espainiako historiaren garai bat da, 1868ko Iraileko Iraultzaren eta 1874an Berrezarpen Borboitarra ekarri zuen pronuntziamenduaren artekoa.

1868ko Iraultza, Espainiako historiografian Iraultza Loriotsua (gaztelaniaz: La Gloriosa) deitua, urte hartan Espainian izandako altxamendu militarra izan zen, Elisabet II.a Espainiakoa tronutik kendu zuena. Iraultzaren buruzagiek italiar printze bat, Amadeo I.a Saboiakoa, errege izendatu zuten.

Amadeo I.aren Erregealdiak bi urte baino ez zuen iraun eta Espainiako Lehen Errepublikak ordezkatu zuen.

Espainiako Lehen Errepublika horrek ere beste bi urte baino ez zuen iraun. Lehen Errupublika 1837ko otsailaren 11tik 1874ko abenduaren 29ra arte iraun zuen.  Martínez Campos jeneralak altxamendu militar bat gidatu eta, Elisabet II.aren semea, Alfontso XII.a errege izendatu eta Borboiak berrezarri zituenean.

Beraz, Tolosako setioa eta Belabietako bataila Espainiako Lehen Errepublika garaian izan ziren.

 

Tolosako setioa

Bigarren Karlistaldia 1872tik 1876ra Hego Euskal Herrian eta Espainian gertatutako guda izan zen. Alde batetik, Karlos VIIa izenarekin Espainiako koroa aldarrikatzen zuena zegoen, bere jarraitzaileekin, eta bestetik, Amadeo Ia, Espainiako Lehen Errepublika eta Alfontso XIIaren gobernuak.

1873an Espainiako Lehen Errepublikan karlisten indarrek hartua zuten Gipuzkoaren zati handi bat. Tolosa, ordea, liberalen eskuetan zegoen eta hiria setiatzea proposatu zion Lizarraga jeneralak orduko erregegai karlista Carlos VIIari.

Ordurako hasiak ziren liberalek Tolosa gotortzeko lanak.

Tolosako artxiboan daude zein material erabili zuten horretarako eta zenbat diru kostatu zen.

Historialari batzuek diote Tolosako setioa 1873ko abuztuan hasi zela, Lizarraga general karlistak irailaren 21an bidali baizion Tolosako Alkateari mehatxuko mezua: Hona hemen Tolosako alkateari Lizarraga komandante jeneralak bidalitako mehatxuzko mezua:

"Deseando evitar todo lo posible el derramamiento de sangre española invito a V. S. (Vuestra Señoría) que rinda esa plaza con todas las fuerzas que la guarnecen a S. M. (Su Majestad) el  Rey  N. S. D. (Nuestro Señor Don) Carlos 7º (Q.D.G.) (Que Dios Guarde) en cuyo caso ofrezco en su nombre re- conocer todos los grados y empleos que disfrutan a los oficiales que quieran servir en nuestras filas dar libertad completa a los que no quieran entrar en ellas y conceder la licencia absoluta a la clase de tropa y el pase a donde les convenga a todos.

Si por el contrario se obstina V.S. (Vuestra Señoría) con las fuerzas de que dispone en mantener esa plaza al servicio de la república le advierto que estoy resuelto a estrechar más y más el cerco que contra ella tengo establecido y así romper pronto el fuego de artillería que no cesará hasta que logre rendirla, en cuyo caso serán sus defensores tratados con arreglo a las leyes de la guerra. Advierta V. S. (Vuestra Señoría) esta resolución al vecindario de esa villa para que prevenga contra los daños que pueda causarles. Dios guarde a V. S. (Vuestra Señoría) muchos años, Campo del honor, 21 de setiembre de 1873.

El General Comandante General Antonio Lizarraga  Sr. (Señor) Alcalde de Tolosa".

Bestalde, Tolosan inguratuta izan zen  Loma liberalak idatzi zuen hamar urte beranduago 1882an, setioa 1873ko irailaren 13an hasi zela eta 1874ko otsailaren 28an bukatu zela.

Hemendik aurrera data hauek erabiliko ditugu.

Aranzadi Zientzia Elkarteak, Tolosako fortifikazioa irudikatu nahian, nafarroako Virtualan enpresari eskatu dio eginkizuna. Hau da aurreneko proposamena.

Liberalek idazki guztietan aipatzen dute goiko aginduak jaso ondoren Tolosako setioari bukaera eman ziotela eta bertatik irten zirela Donostiarantz.

Tolosako artxiboan dauden dokumentuak irakurri ondoren baiezta dezakegu Tolosako hirian janaria bukatu zela, ezin zutela gehiago iraun eta liberalen goiko aginduarena asmatua izan zela. Aginduarena egia bada ere, janariarik gabe liberalek egun gutxi batzuk gehiago besterik ez zuten setioari eutsiko.

Tolosako setioa bukatu aurretik, liberalek Tolosa gotortzeko egindako lan guztiak txikitu zituzten, idatzita utzi zuten moduan (Diario de San Sebastian, 01.03.1874 2 or.).

Karlistak Tolosan sartu ziren egunean hasi ziren liberalek Tolosa gotortzeko erabilitako material guztia jasotzeko lanak. Artxiboetan aurkitutako gastuen fakturak aztertuz, horretarako zenbat gizon eta denbora erabili zuten jakin izan da. 

 

Belabietako bataila

1873ko abenduaren 9an Amasako Belabietako parajean Gipuzkoako Bataila izenarekin ezagutu izan zena jazo zen. 

Karlisten eta liberalen arteko borroka odoltsua izan zen, inoiz Amasa-Villabonako lurretan izandako gertakizun militar historiko azpimarragarriena. Belabietako batailan Amasa inguruetan 14.000 pertsona egon ziren borrokan eta egun bakarrean 600 baja izan ziren.

Andoain, Aduna, Zizurkil, Villabona eta Hernialde ere aipatzen badira ere, bereziki Amasako lurretan izan zen.

Enfrentamendu handiena gaur Meakako gurutzea dagoen lekuan gertatu zen, Joxe Joakin Etxeberriaren testigantzak (Alustiza etxea, Amasa) dioen moduan (bideoan).

 

Oraindik ere batailaren aztarna batzuk aurki daitezke.

Morionesen tropa liberalek Tolosako setioa haustea lortu zuten, janaria Tolosan sartu eta ondoren alde egiteko.

Tolosako setioa 1874ko otsailaren 28an bukatu zen.

 

Gipuzkoara zabaltzeko moduko ikerketa

Bigarren karlistaldia 1876an bukatu zen Karlisten porrotarekin. Aurten ere gogoratu dituzte gertakari haiek. Hau da Orain-eus-en irakurri duguna.

“EAJko eta EH Bilduko 200 alkate eta zinegotzi bildu ziren 2026ko uztailaren 19an,  bi efemeride berezi oroitzeko: Euskal Foruen indargabetzearen 150 urteurrena eta Alkateen Mugimenduaren sorreraren 50. urteurrena. Frankismoaren amaieraren ondoren, 70 alkate abertzale bildu ziren Bergaran herriaren nortasuna, udalen tradizio demokratikoa eta autogobernuaren borondatea berresteko. 50 urte geroago, ekimen horren bultzatzaileak omendu dituzte uztailaren 19 honetan, eta haien lekukoa hartuko dute, “euskal nazioa ez dela iraganeko kontua” defendatuz, “egungo behar demokratikoa”; baizik.  Eider Mendozaren esanetan, foruen abolizioak euskal erakunde historikoen, autogobernuaren eta eskubide historikoen galera ekarri zuen, eta gaur egun ere euskal nazioa osatzen duten herritarrek beren etorkizun politikoa modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu du”.

Gerraren emaitza izan zen Foruak galtzea.

1876ko uztailaren 21ean gobernuaren legea onartu zen: harrezkero, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko biztanleek zergak ordaindu eta soldaduska egin beharko zuten Espainiako beste probintzietakoek bezalaxe.

Zerga bilketa antolatzeko orain hain aipatuak diren Kontzertu Ekonomikoak ezarri zituzten (diputazioek dirua bildu eta Madrili kupoa entregatu). Kontzertu Ekonomikoak zerga politika berezia bilakatu ziren Euskal Herrian.

Gaiak hainbesteko garrantzi eta ondorioak izan zituela ikusirik Arantzadi Zientzia Elkartea ikerketa Gipuzkoa osora zabaltzeko proposamen bat aztertzen ari da".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!