Aizkardiren Mendi Astea, azaroaren 23tik 27ra

Aizkardi Mendi Taldean bere Mendi Astearen 42. edizioa ospatuko du aurten. Azaroaren 23an zabalduko dute argazki rallyko lanen erakusketa eta asteartetik ostegunera, hainbat solasaldi izango dituzte. Ostiralean egingo dute argazki rallyko sari-banaketa ekitaldia eta, ohi  bezala, igandeko mendi ibilaldiarekin amaituko dute astea. 

Azaroaren 15ean egingo dute Argazki Rallya. Elkartearen egoitzatik aterako dira parte-hartzaileak, 09:00etan eta egunean bertan egin beharko da izen-ematea. Antolakuntzak zehaztutako mendi ibilbidean barrena ateratako argazkiak sartuko dira lehiaketan. 9 kilometro inguruko luzera izango du, eta 4 orduko iraupena. 

Azaroaren 23tik 26ra jarriko dituzte ikusgai lan guztiak, Gurean. Hauexek izango dira lehiaketako sariak: argazki onenak 150 euro, bigarren saria 100 euro, hirugarren saria 75 euro. Publikoak aukeratutako argazkiaren egileak berriz, Aburuza sagardotegian bi lagunentzako afaria izango du sari. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!