“Krisi garaian irabaziak egiten jarraitzeko beste bide bat dira”

Iraia Sanchez Arregi

Amasamendi Bizirik herri plataformak Euskal Herria Bizirikekin batera “trantsizio energetiko faltsuari ez!” hitzaldia eskaini zuten Amasa-Villabonan. Herritar ugari bertaratu ziren gaiarekiko interesa piztuta.

Euskal Herritik egingo duten hitzaldi zikloari hasiera emanez, Euskal Herria Bizirikek aurreneko hitzaldia eskaini zuen Amasa-Villabonan. Solasaldiaren hasieran, Amasamendi Bizirikeko kide batek hartu zuen hitza, Amasamendiko lurretan eraiki nahi duten proiektu eolikoaren inguruko errepaso bat egiteko. Premier ESPF renovables enpresak aurkeztutako proiektuaren xehetasunen berri emateaz gain, horrek Amasamendi inguruan eta bertako biodibertsitatearengan izango lituzkeen kalteez aritu zen. Horrez gain, herriko Udalak proiektuaren berri izatetik gaurdaino emandako urratsen errepasoa egin zen, eta baita Amasamendi Bizirik plataformatik egindako ekimenen berri eman ere.

Egungo testuingurua ulertzeko hiru gako

Jarraian, EH Bizirikeko ordezkariak hartu zuen hitza. Energia berriztagarrien proiektuen zabalpena kokatzeko eta egungo testuingurua ulertzeko hiru gako eman zituen: eredu ekonomikoaren ezaugarritzea, instituzioen papera eta krisi ekologikoa.

"Natur baliabideak geroz eta bizkorrago ari dira erauzten"

“Krisia bizitzako esparru guztietara ari dela zabaltzen” ohartarazi zuen, eta horren atzean "aberastasuna geroz eta esku gutxiagotan metatzen ari dela eta hori pilatzen joateko natur baliabideak geroz eta bizkorrago ari direla erauzten” salatu zuen. Ingurune naturala gizakiak bere egunerokoan aurrera egiteko ezinbestekoa du, “baina kapitalismoaren garaian natur baliabideak merkantzia bihurtu dira, eta horiek oso abiadura handian ari dira xahutzen” gaineratu zuen. Egoera horren aurrean, instituzioek euren politikak aurrera eramateko orduan, “enpresa pribatuen irabaziak ahalik eta errentagarrienak egitea bideratzen duten proiektuei ematen dietela bide” nabarmendu zuen. Izan ere, “enpresa pribatu horiek dira zerga bidez diruaren zati bat itzultzen dutenak”. Gainera, “ekonomia berdea” edo “trantsizio energetikoaren izenean” aritzen diren instituzio horiek berak datu zentroen ekoizpenean zein gerran ari direla inbertitzen ohartarazi zuen.

Txanpon beraren bi aldeak

Geroz eta indar handiago hartzen ari diren datu zentroek “izugarrizko energia kontsumoa zein ur kontsumoa dakarte”. Halaber, inguruetako ibai zein ur-inguruneetako tenperatura igoera eragiten dute, bertako biodibertsitatearengan kalteak eraginez. Gerrei dagokienez, berriz, horien eraginez CO2 isuriak nabarmen igotzen direla salatu zuen. Hori ikusarazteko, datu asaldagarri bat eman zuen: “2023an AEB eta Israel Palestina bonbardatzen hasi zireneko aurreneko 14 egunetan 84 herrialdek urtebetean isuritako CO2 adina isuri zutela.”

"Izugarrizko energia kontsumoa zein ur kontsumoa dakarte"

Adibide horren bidez ikustera eraman zuen energia berdearen izenean onartzen dituzten energia berriztagarrien proiektuen helburua “ez dela benetan krisi ekologikoaren arazoari erantzutea, baizik eta krisi garaian irabaziak egiten jarraitu ahal izateko beste aukera bat direla haientzat”.

Gainera, krisi ekologikoa krisi klimatikora mugatzetik urrun, 9 muga biofisikok definitzen dutela gaineratu zuen. Beraz, “krisi ekologikoari bere osotasunean heldu behar zaiola, eta ez krisi klimatikoari bakarrik”.

LPSa energia berriztagarrien zabalpenerako

Hitzaldiari amaiera emateko, EAJ eta PSE alderdiak bultzatzen ari diren Lurralde Plan Sektorialari (LPS) buruz aritu zen. LPSak Autonomia Erkidego mailan lurraldeak sailkatzen ditu energia berriztagarriak ezartzeko bideragarritasunaren arabera. Alabaina, haren helburua “lurralde antolaketaren bidez enpresei energia berriztagarrien proiektuak lurreratzea erraztea” dela salatu zuen. Horrekin batera, energia berriztagarrien zabalpena eman ahal izateko traba burokratikoak murriztea ere ekarriko duela gehitu zuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!