Nare yoga, norberaren esentziarekin konektatzeko espazioa

Iraia Sanchez Arregi

Garbiñe Mendizabal, Nare yoga espazioaren atarian.

Ia urtebete igaro da Nare yogak Amasa-Villabonan ateak zabaldu zituenetik. Proiektuaren atzean dagoen Garbiñe Mendizabalek hari buruzko xehetasunak eman dizkigu

Nondik sortu zen Nare proiektua?

Orain dela 20 urte pasatxo, aurreneko semeaz haurdun nengoela, yoga egiten hasi nintzen, eta bigarren umearen ondoren, asteroko praktika batekin hasi nintzen. Azkeneko 9 urteetan gehiago sakonduz, eguneroko praktikan murgildu nintzen yoga terapeutikoarekin, eta azkeneko 5 urteetan formatzen aritu naiz. Bideak honetara naturalki eraman izan banindu bezala, Nare proiektura. Lokal hau nire amarena zen, eta proiektu honen hasieran gaixotu egin zen, pasa den abuztuan zendu zen. Beraz, bide hau bere opari bat bezala da. 

Ia urtebete beteko da yoga proiektuak Amasa-Villabonan lur-hartu zuenetik, zer-nolako harrera izan du herritarren artean?

Hasieratik oso harrera ona izan dut. Ez dakit jende guztiarengana heldu naizen, baina gerturatu direnek ikusi dute espazio goxo bat, beraiek beraien buruekin eta bizitzako gorabehera eta estres horretatik ateratzeko gunea. Bai Villabonako, bai Zizurkilgo eta orokorrean Aiztondoko jendea etorri da. Yogako klaseetara etorri denak badaki lasaiago joaten direla, oasi txiki baten modukoa sortu dugu.

Yogaz gain, 65 urtetik gorako jendearentzat klase batzuk irekitzeko asmoa dugu, astearte goizetan. Eta horrez gain, yoga indibidualizatua eskaintzen dugu, talde batean oso eroso sentitzen ez denarentzat berarekin saio pertsonalizatuak edukitzeko. Bestetik, yoga terapeutikoa dago. Hori nahiko ezezaguna dela esango nuke. Pertsona batek behar fisiko edo emozionalak sentitzen baditu, bere bidean laguntzeko banakako yoga da. Terapeuta baten eta bezero baten arteko harremana bezalakoa sortzen da. Hori da azkeneko urteetan praktikatu dudan yoga eta duela gutxi formatzez bukatu dudana.  

Aurtengo ikasturterako berrikuntza moduan lau emakume inspiratzaile aurkeztu dituzu, zer eskainiko du bakoitzak?

Talde bat gara eta denok helburu bera dugu, gure esentziarekin konektatzea. Orain bi kolaboratzaile ditut. Nekane Santamariak ere yoga terapeutikoa ematen du, baina horrez gain, masajeak ere ematen ditu hemen. Nare yogarekin bat datozen masaje energetiko eta terapeutikoak. Beste alde batetik, Alaitz Garmendia billabonatarrak lore terapia egiten du, bach loreak eta erabiltzen ditu saio pertsonalizatuak emanez, eta baita tarot terapeutikoa ere. Bi bidelagun horiek ditut, eta horien bidez gure esentziara iristea eta apur bat baretzea bilatzen dugu, gure bihotzarekin eta esentziarekin konektatzea. 

Bestalde, Cristina Perezek hemen, Villabonako bulegoan, psikoterapia eskainiko du saio pertsonalizatuen bidez, edo taldean zerbait aterako balitz, ere bai.

Niretzako garrantzitsuena yogako klaseak ematea da, orain hasten eta hazten ari naiz, baina jendearen nahiaren arabera ere tailerrak eskaini nahiko nituzke. Nutrizionista batekin ere harremanetan nago, behar bada azarora begira nutrizioaren eta menopausiaren inguruan tailerren bat emateko. Edo yin yoga, beste yoga mota lasaiago bat ematea eta erlaxazio sakonago batetara eramatea, edo aromaterapia ere bai… Ideia desberdinak ditut, baina denak zentzu berarekin: gure barruarekin konektatzeko denbora bat hartzea. 

Yogaren barruan ere hainbat diziplina bereizten dira, zein diziplina jorratzen dituzue?

Yoga terapeutiko indibidualizatuaz gain, hemen klaseetan ematen duguna oinarrizko yoga da. Yoga diziplina guztiak hatha yogatik datoz, yoga fisiko bat. Nik jaso dudan formakuntza bini yogatik dator, ez dena oso ezaguna. Bini yogak 'yoga pertsonari egokituta' esan nahi du. Hemen, horregatik, talde txikiak hobesten dira. Klaseak ez dira fisikoki oso exijenteak izaten, egoera fisiko on batean dagoenarentzat ez dira zailtasunezkoak. Arnasketarena izaten da zailagoa.

Gero, 65 urtetik gorakoentzat aulki baten laguntzarekin egokitutako ariketak proposatzen ditugu. Lesioak dituztenentzat edo postura jakin batzuetan jarri ezin dutenentzat egokituz. Nire irakasleak esaten duen bezala, arnasa har dezakeen edonork egin dezake yoga. Yoga azken finean bizitzeko modu bat da, filosofia praktiko bat, esaten den guztia aplika baitaiteke lehen minututik. 'Yogia' izatea ez da postura jakin bat egitea, baizik eta bizitzan oreka bat aurkitzen duen pertsona baten ibilbidea. 

Ikastaroren batean izen-eman nahiko lukeena oraindik garaiz al dabil yoga saioren batean apuntatzeko?

Bai, hemen ateak beti ditugu irekita. Edonork edozein momentutan probatzera etorri nahiko balu, konpromezurik gabe klase bat hartu eta ikus dezala ea gustuko duen edo onurarik ekartzen dion. 

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 702 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!