Kandida antzezlana, datorren azaroaren 8an Villabonan

Tartean Teatroa konpainiaren antzerkia, Patxo Telleriak zuzendua, ikusgai izango da igande honetan Gurea antzokian.

Kandida antzezlana Villabonako Gurea antzokira iritsiko da igande honetan arratsaldeko 19:30ean. Patxo Telleriak zuzendutako antzerki berri honetan, etxegabetzeen errealitatea, elkartasuna eta bizitzako kontraesanak jorratzen dira Miren Gaztañaga, Nerea Mazo eta Mikel Martinez aktoreen eskutik.

Klara Balzes idazle gazteak Kandida nobela idatzi du eta bertan etxegabetu bati buruzko istorio bat kontatzen du. Kandida fikziozko pertsonaia da, baina benetako pertsona batean oinarrituta dago: Manuela, Klarak desahuziatuen aldeko elkarte batean ezagutu zuena. Nobelan, Klarak bere etxean jasoko du Kandida; errealitatean, Klarak Manuelaren arrastoa galdu zuen betirako. Nobela argitaratzen den egunean, Manuela Klararen etxean agertuko da eta nobelan egin duen gauza bera egiteko eskatuko dio gazteari: bere etxean jasotzea.

Sarrerek 8€ balio dute eta dagoeneko salgai daude villabona.eus webgunean eta antzokiko leihatilan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!