Amasa-Villabonan bada kultur ekimenez gozatzeko aukera

Azarorako adin guztietako herritarren neurrirako kultura-jarduerak egongo dira ikusgai. Musika emanaldiak, pailazoak zein dokumentalen proiekzioak antolatu ditu herriko kultura sailak.

Azaroaren azken txanpa honetarako Amasa-Villabonako kultura sailak hainbat kultur jarduera antolatu ditu. Adin guztietako herritarrek beren tokia izango dute, eskaintza anitza baita.

Azaroaren 19an 300 haritz dokumentala proiektatuko dute 19:00etan Hika txakolindegian. Proiekzioaren ondoren, luntx txiki bat banatuko dute bertaratutakoen artean. Dokumentala Donostiako zinemaldian estrainatu zen, eta Mantala Basque Gastronomyk bultzatu zuen, euskal gastronomia bultzatzeko Basque Culinary Centerren ekimenak. Dokumentalaren izenburua irudi sinboliko batetik dator: garai batean, baserri bat eraikitzeko 300 haritz behar izaten ziren. Basoa agortu zenean, egurrak harriari utzi zion lekua, eta horrek erakutsi zuen nortasuna ere eraldatu egiten dela iraun ahal izateko. Ideia horretatik abiatuta, filmak pertenentziari, eraldaketari, memoriari eta etorkizunari buruzko hausnarketa irekitzen du.

Azaroaren 20an, berriz, herriko musikarien txanda izango da. Loatzo Musika Eskolako tailerreko ikasleek emanaldia eskainiko dute 18:00etan Gurea antzokian. Izan ere, azaroaren 22an Santa Zezilia eguna ospatzen da, musikaren eta musikarien eguna, hain zuzen ere. Egun horren harira, musika eskolak zenbait ekitaldi antolatu ditu, horien artean Gurea antzokian eskainiko dutena. Emanaldia . gelan egiten dutenaren erakustaldia izango da. Musika bidelagun izanik, nork bere sentimenduekin eta emozioekin konektatu eta musikaz gozatzea hartu dute helburutzat.

Hilari amaiera emateko, azaroaren 29an Muxin eta Zapotxin pailazoek Baserritarrak emanaldia eskainiko dute 17:00etan Gurea antzokian. Ikuskizun berri horretan, Amona Mirentxuren baserrira joango dira, eta bertan abentura, bihurrikeria eta ezusteko ugari biziko dituzte.

Datozen kultur ekimenak

  • Azaroak 19: 19:00tan, 300 haritz dokumentalaren proiekzioa eta luntxa Hika txakolindegian
  • Azaroak 20: 18:00tan, Loatzo Musika Eskolako tailerreko ikasleen emanaldia Gurea antzokian
  • Azaroak 29: 17:00tan, Muxin eta Zapotxin pailazoen Baserritarrak ikuskizuna Gurea antzokian

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!