“Sorginak, putak, terroristak” lana hurbiletik ezagutzeko aukera

Olatz Dañobeitia, ‘Sorginak, putak, terroristak’ liburuarekin. Egilea: Andoni Canellada

Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunaren harira antolatu dute liburu aurkezpena. Bertan izango dira Olatz Dañobeitia idazlea eta Iratxe Retolaza Emagin elkarteko kidea.

Azaroaren 23an, astelehenarekin, “Sorginak, putak, terroristak” liburua  aurkeztuko du Olatz Dañobeitia egileak Amasa-Villabonako Subijana etxean. 18:30ean hasiko da aurkezpena, eta, idazlearekin batera, Iratxe Retolaza Emagin Formazio eta Ikerketa Feminista elkarteko kideak ere solasaldian parte-hartuko du. Aurkezpenaren ostean, tailer bat egingo dute.

Berdintasunean Ados! mahai partehartzaileak antolatu du ekimena indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunaren harira. Izan ere, liburuak indarkeria matxistaren ertzak lantzen ditu, tortura politikoa, hain zuzen ere.

Dañobeitia Soziologian lizentziaduna eta Hezkuntza Zientzietan diplomaduna da. Gaur egun, doktoregaia da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta IEALCren Latinoamerikako Feminismoei buruzko Ikasketa Taldean egiten du egonaldia, militantziari eta errepresio politikoari buruzko doktorego-ikerketaren esparruan, 90eko hamarkadatik Euskal Herrian.

Ariketa kolektibo baten emaitza

Bere azken liburuan gatazka politikoaren baitan emakumeek pairatutako bortxa berezituaren azterketa izan du hizpide, ikuspegi feministatik helduta. Ariketa kolektibo baten emaitza bezala aurkeztu du lana, hainbat eragilek parte hartu baitute saiakera horretan: Emagin elkarteak, torturak jasan dituzten emakumeak eta torturaren aurkako eragileak, besteak beste. Ostiral honetan aurkeztu dute Donostian, egileak berak, Iratxe Retolaza Emagineko editoreak eta Iñigo Satrustegi Txalapartako editoreak.

Idazleak 1990ean osatutako tesi bat du abiapuntu saiakera honek; ikerketa hartan, ezker abertzaleko emakumeen militantzia eta jasandako errepresioa, egileak berak ere pairatutakoa, izan zituen aztergai. Tortura bera “praktika matxista bat” ere badela oinarri hartuta, gai horren alderdi eta ikuspegi ugaritan sakondu dute lanean.

Sinopsia

Tortura atzo, gaur eta bihar da. Horixe da liburu honen abiapuntuetako bat. Lehenago aitortu nahi ez, eta orain iraganeko kontua dela sinestarazi nahi digute; bortxa egoera horiei ez ikusiarena egiteak, ordea, ez ditu mina eta indarkeria iraunkor baizik bihurtzen. Horretaz jakitun, eta torturak indarkeria matxisten beste ertz bat direla sinetsita, liburu honetako egileek arduraz heldu diote prozesu honi: Euskal Herriko gatazka politiko-armatuan borrokatu diren emakume torturatuek pairatutako bortxa berezitu hori aztertzeko eta kokatzeko marko feminista bat eraikitzea, elkarlanean eta orain arte egindako aitortza eta osatze bidearen jarraipen gisa. Ariketa kolektibo honetan, beraz, ikuspegi feministatik aztertu nahi izan dute errepresio-molde jakin hori, erreparazio pertsonal eta kolektiboa helburu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!