Ardo eta gazta dastaketa iritsiko da Hika Txakolindegira datorren abenduaren 16an Mikel Garaizabal enologoaren eskutik. Bertan, upategiko 4 ardo eta Amasa-Villabonako 2 ekoizlek egindako artzain-gaztak dastatuko dira: bata, Garmendi-Txiki baserriko Jabier Aguirrezabalarena, eta bestea, Ander Barandiaran amasarrak Idiazabalen egiten duena.
Ekitaldiaren gidaria Mikel Garaizabal enologoa izango da. Garaizabal Elorrioko ardo-dibulgatzailea da eta gaztetatik dago murgilduta ardogintza munduan. Madrilen sommelier ikasketak egin ondoren, euskaraz ikastaro bat emateko aukerari aurre egin zion, eta ordutik figura ezaguna bihurtu da euskal ardogintzan.
Ekitaldia 19:00etan hasiko da eta sarrerak, 12€-ko prezioan, dagoeneko salgai daude villabona.eus webgunean eta Gurea antzokiko leihatilan.