Oinkariko dantzariek mailarik gorena erakutsi dute

Argazkia: Oinkari dantza taldea

June Aguado eta Ibai Izagirrek irabazi zuten Bergaran jokatu zen Euskal Herriko Bikote Gazteen Dantza Solte Txapelketa, eta Gipuzkoar erako Euskal Herriko Aurresku Txapelketa, berriz, Mattin Etxebestek.

Pil-pilean daude Oinkari dantza taldeko dantzariak. Azaroaren 15ean Euskal Herriko Bikote Gazteen Dantza Solte Txapelketaren 48. edizioa egin zen, eta June Aguado eta Ibai Izagirre Oinkariko dantzariek eskuratu zuten txapela. Bergarako Seminarixo aretoan elkartu ziren 16 urtetik beherako dantza-bikote gazteak fandango eta arin-arin doinuen artean lehiatzeko.

Pasa den asteburuan, berriz, Hondarribian Gipuzkoar erako Euskal Herriko VIII. Aurresku Txapelketa jokatu zen. Bertan, Oinkariko sei dantzarik parte-hartu zuten, eta Mattin Etxebestek jantzi zuen txapela. Hirugarrenez lortu zuen garaipena oiartzuarrak, 2022ko eta 2024ko saioetan ere berak eraman baitzuen etxera txapela.

2018an hasi ziren era bateratuan parte-hartzen emakumeak eta gizonak txapelketa horretan. Itsas Etxeko txapelketan hamalau dantzari lehiatu ziren, Hernaniko txistulariek lagunduta. Lehenengo zatian, guztiek Aurkez aurke (desafioa) eta Soinu zahar bat (Betronio handia, Ehun dukat edo Graziana, norberak hautatutakoa) dantzatu zituzten. Ondoren, finalera igaro ziren sei dantzariek Zortzikoa plazaratu zuten, eta azken txanpa horretan lortutako puntuei esker, Etxebeste Oinkariko dantzaria nagusitu zen.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!