Torturatutako emakumeak, isilpetik argitara

Iraia Sanchez Arregi

“Sorginak, putak, terroristak” liburua izan zuten mintzagai indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunaren atarian. Bertan izan zen saioa bideratzen Iratxe Retolaza Emagin Formazio eta Ikerketa Feminista elkarteko kidea.

Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunaren atarian, “Sorginak, putak, terroristak” liburua oinarri hartuta, torturatutako emakumeak erdigunean jarri zituzten. Berdintasunean Ados! mahai partehartzaileak antolatuta, Amasa-Villabonako Subijana etxean elkartu ziren liburuaren aurkezpena egin eta gaiaren inguruan hausnartzeko. Iratxe Retolaza Emagin Formazio eta Ikerketa Feminista elkarteko kidea arduratu zen saioa dinamizatzen, berak ere liburuaren sorkuntza-prozesuan parte-hartu baitzuen.

Izenburu deigarri bezain esanguratsuak emakumeak gutxiesteko historian zehar erabilitako irainak biltzen ditu. “Genero-arautik urrundu diren horiek seinalatzeko” erabilitako terminoak izanik. Irain horien bidez, “emakumeak gizatasunetik urrunarazi” nahi izan dituztela aipatu zuten.

Prozesu kolektibo baten emaitza

Liburua ekoiztearen ideia behar batetik etorri zen. Nafarroako Torturatutako Emakume Sareak torturaren gaia feminismotik lantzeko zegoen gabeziaz jabetuta, Emaginengana jo zuen proposamenarekin. Hutsune horri heltzeko, elkartea Olatz Dañobeitiarekin jarri zen harremanetan. Izan ere, Dañobeitiak Ezker Abertzaleko emakume militanteak elkarrizketatu zituen lan bat onduta zuen, eta, bertan, jakina, torturak bere tokia hartu zuen. Bera izan zen liburuari forma eman ziona, baina lana borobiltzeko hainbat abokaturen eta psikologoren ekarpena ere ezinbestekoa izan zen.

Dena den, liburua eta hura ekoizteko bidea prozesu baten kate-begiak izan direla aitortu zuen Retolazak, eta, horrenbestez, ibilbideak jarraipena izango duela eman zuen aditzera.

"Torturatzean komunitate bati gizatasuna ukatzen zaio"

Torturagarritasunaz

Biolentzia “ez da estatikoa” ohartarazi zuten, eta haren formak garaiz garai eraldatzen dituela. Hortaz, torturagarritasun kontzeptuaz hausnartu beharra eta definitu beharra nabarmendu zituzten. Tortura bera zer den ebazteko “denbora eta espazio jakin batean muturreko biolentzia erabiliz eta beldurra sorraraziz norbaiti gizatasuna ukatzen zaion momentua” aitatu zituzten. Tortura-mekanismoen bidez, norbanakoaz harago, komunitate bati gizatasuna kentzen zaiola adierazi zuten. Bortizkeria horren moldagarritasunaren adibidetzat eman zuten gaur egun migratzaileen aurkako jazarpenarekin egiten dena.

Ildo horretan, liburuan tortura-politikoa aztertzen da, berau militante politikoen aurkako muturreko jazarpen bezala ulertuta. Espainiar estatuko kasuak aztertzen dira, 60ko hamarkadatik 2014ra bitartean egikaritutakoak. Espainiako tortura-mekanismoa Frankismoan sortu zela azaldu zuten, erregimena ezartzeko aparatu bezala. Emakumeetan zentratuz, “erregimenak inposatu nahi zuen emakume otzanaren eredua ezartzeko baliatu zen tortura” zehaztu zuten. Gainera, emakume bezala espazio politikoa hartzegatik modu bikoitzean zigortu zituztela ohartarazi zuten.

Feminismoaren ekarpena

Feminismoak indarkeria matxistaz hitz egiterakoan, indarkeria momentuaz gain, prozesu guztia aztertzen duela azaldu zuten. Indarkeria jasandakoan, eta, modu berean, tortura jasandakoan, hiru aldi bereiztu zituen Retolazak: lehena, torturagarritasun aldira, terroristatzat hartu denean kolektibo bat; bigarrena, biolentziaren momentua; eta, azkena, harrera edo komunitateak jazarpen hori prozesatzen duen momentua. Horrela, prozesuan bere orokortasunean, eta, unean une, matxismoak eragindakoa aztertzen dute.

"Feminismoak indarkeria matxistaz hitz egiterakoan, indarkeria momentuaz gain, prozesu guztia aztertzen du"

Bide horretan, feminismotik aldi bakoitza birplanteatu eta birformulatu beharko litzatekeela hausnartu zuten. Esaterako, lekukotzak jasotzeko momentua birpentsatu beharra nabarmendu zen. “Isiltzeko aukera, berdinkideekin aritzeko espazioak eratu beharra zein justifikatzeko beharrik ez izatea” aipatu zituzten.

Halaber, sistemaren aurka altxatutako emakumeak torturagarriak izateaz gain, subjektu hori biolentzia bikarioa jasateko harrapakin erraza dela jarri zuten jo-puntuan. Horrekin batera, torturarekiko orokortuta dagoen iruditeria eraldatu beharra mahaigaineratu zuten, "tortura ez baita jipoiak jasatea soilik".

Saioa amaitzeko, torturaren inguruan ikono bihurtutako hainbat poemen letrak aztertu zituzten; tartean, Gabriel Arestiren “Egia bat esateagatik” edota Telesforo Monzonen “Itziarren semeak” landu zituzten.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!