Eusko Jaurlaritzan Amasamendiko makroproiektu eolikoaren (Hernani I eta II kluster eolikoaren) aurkako 4200 alegazio aurkeztu ditu Amasamendi Bizirik! taldeak, "herritarren eta hainbat eragileren izenean. Lorpen hau herritarren autoantolakuntzari eta hilabeteotan egindako lan etengabeari esker izan da posible".
Urrian zehar eta azaroaren 27ko epemugara bitartean, informazio-postuak jarri ditu taldeak Amasa-Villabonako plazetan, Urnietan, Andoainen, Hernanin nahiz inguruko herrietan. "Esan beharra dago herritarrek hasieratik adierazi dutela proiektu honekiko kontrakotasun borobila, jada 2025eko udan bildutako 1.548 sinadurek argi utzi zuten Amasamendin bi makro-aerosorgailu, bide-zabaltzeak eta goi-tentsioko linea ezartzearen aurkako jarrera nagusia".
Taldeak adierazi duenez, "Premier ESPF Renovables enpresaren egitasmoak biodibertsitatean bereziki babestutako hegazti eta saguzarrengan, zein ingurunean eragingo lituzkeen kalte onartezinak agerian geratu dira azterketa tekniko zein juridikoetan".
Gaur aurkeztutako alegazioez gain, Amasa-Villabonako Udalari ere eskabide formal bat eta txosten juridikoa igorri dizkio, "koherentziaz jokatzea eta dituen eskumen guztiak baliatzea eskatuz". Honako puntuak jasotzen ditu txostenak:
● Zuzenbidearen aurkako proiektua: adierazi nahi dugu proiektua Zuzenbidearen aurkakoa dela, ez baitago aurreikusita Tolosaldeko Lurraldearen Plan Partzialean (LPP) ezta Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialean (LPS) ere eta, beraz, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako aurreikuspenen aurkakoa da.
● Plan Berezia eta baimenak ez ematea: Villabonari dagokion eremuko LPPak ez baditu jasotzen instalazio eolikoak ezartzeko beharrezkoak diren lurzoru-erresebak, Plan Bereziek ezingo dute halakorik egin. Beraz, Villabonako Udalak parke eoliko bat eraikitzea aurreikusten duen Plan Berezi bat onartzea legez kanpokoa litzateke, LPPan aurreikusita ez dagoelako.
● Udalaren eskumenak eta toki-erakundeen parte-hartzea: Martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuaren 11. artikuluari jarraituz, toki-erakundeek prozeduran parte hartu eta proiektuarekin ados dauden ala ez adierazi behar dute. Une honetan uste dugu Udalak aurka egin beharko lukeela, lurralde-antolamenduari eta haren araubide juridikoari buruz egiten diren kontsiderazioetan oinarrituta.
● Gardentasuna: Udalari eskatzen diogu proiektuaren bideragarritasunari buruz dauden txosten juridiko eta tekniko guztiak herritarren eskura jartzeko.
Amasamendi Bizirik taldeak adierazi duenez, "momentuak jarrera politiko argia eta konpromisoa eskatzen ditu. Orain arte, Udalak ez du garbi adierazi zeintzuk diren proiektu suntsitzaile hau gelditzeko dituen eskumen propioak, eta anbiguotasunez jokatu du. Ezin da gehiago erdibideko diskurtsoen atzean ezkutatu". Eskaera zuzena ere luzatu diote Amasa-Villabonako Udalari: "Udalak baditu bide juridiko eta hirigintza-mailako lanabes eskudunak eta horregatik, exijitzen diogu herritarren aurrean garbi jokatu eta dituen eskumen guztiak behingoz modu irmoan baliatu ditzala Amasamendiko makroproiektua erabat gelditzeko".
Etorkizunari begira, borrokan jarraitzeko borondatea erakutsi du taldeak, "proiektua behin-betiko gelditu arte. Gainera, azpimarratu nahiko genuke mehatxua ez dela hor amaitzen: pasa den azaroaren 5ean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) beste proiektu bat argitaratu zen, Zizurkil, Aia eta Usurbilgo lurretan 2 aerosorgailu jartzea aurreikusten duena. Argitalpen berri honek erakusten du berriro ere finantza-funtsek eta multinazionalek gure mendiak industrializatzeko eta trantsizio energetiko faltsuaren izenean etekin pribatuak handitzeko asmoa dutela. Horregatik, ez dugu onartuko ez Amasamendin ez inon gure natura eta ingurunea suntsitzea. Antolatzen, saretzen eta lurraren defentsan borrokan jarraituko dugu".