Mugimendu Feministak deituta elkarretaratzea egin dute Amasa-Villabonako N-1 errepide azpiko zubian. Indarkeria matxistaren aurkako egunean egindako mobilizazioan, “faxismoaren, eskuin muturraren eta diskurtso erreakzionarioen gorakadaren aurrean, mugimendu feministak ez duela etxean geratzeko edo lortutako eskubideetan pauso bakar bat ere atzera egiteko asmorik” eman dute aditzera. Bide horretan, garbi adierazi dute “ez ginen atzera egiteko jaio”. Halaber, azaroaren 25a izanik, Euskal Herrian indarkeria matxistak eraildako emakumeak omendu eta oroitzeko panel bat inauguratu dute zubian.
Memoria kolektiboa eta elkartasuna
Mobilizazioan azken urtean Euskal Herrian eraildako bost emakumeak, Tatiana, Amaia, Arelys, Saida eta Kaliem-, ekarri dituzte gogora, haien senide eta lagunei babesa helaraziz. Memoria kolektiboa oroitzeko, aitortzeko eta erreparatzeko borroka-tresna gisa aldarrikatu dute. Bide horretan, abenduaren 11n Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak herriz herri egingo duen memoria kolektiboa indartzeko ariketan parte hartzera deitu dituzte herritarrak, “instituzioei erantzukizuna har dezaten” galdegitearekin batera. Halaber, mundu osoan erresistentzian dabiltzan emakumeei* eta sexu-genero disidenteei elkartasuna adierazi diete, bereziki Palestinako herriari genozidioaren amaiera eskatuz.
Erreakzioaren aurrean, justizia feminista
“Sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak emakumeak*, pertsona migratu eta arrazializatuak nahiz sexu-genero disidenteak bereziki kolpatzen dituela” ohartarazi dute. Faxismoaren eta eskuin muturraren diskurtso erreakzionarioen aurrean, argi utzi dute “ez dutela onartuko feminismoaren izenean gorroto-diskurtso arrazistak zabaltzea, ezta segurtasunaren aitzakian polizia gehiago eskatzea ere”; horren ordez, justizia feminista eraikitzearen alde egin dute.
Aliantzak ehuntzeko deia
Azaroko mobilizazio-zikloari jarraipena emanez —Ipar Euskal Herriko bizitzaren garestitzearen aurkako greba eta Hego Euskal Herriko etxebizitza eskubidearen aldeko aldarriak gogoan—, “kaleak hartzen jarraitzeko konpromisoa” berretsi dute. “Erasoen, eskubide-ukapenen eta zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurrean, autodefentsa feminista” aldarrikatu dute borroka-tresna nagusi gisa. Azkenik, “baliabiderik jartzen ez duten instituzioen, anaidia sostengatzen duten gizonen eta antifeminismoaren aurka, sareak sortzeko eta aliantzak ehuntzeko” deia egin dute, “faxismoari feminismoz erantzungo diogu” lelopean.