Atzoko andoaindarren lekukotza, betirako eta eskura

Xabier Lasa 2017ko abe. 5a, 01:00

Ahotsak egitasmoan lekukotza eman duten 73 andoaindarrei aitortza eta eskertza adierazi nahi izan zitzaien Basteron igandean. Andoaingo XX. mendeko belaunaldi oso baten ordezkaritza zabala bildu zen ekitaldian, eta une hunkigarriak bizi zituen.

Ainara Rodriguez Andoaingo Udaleko Euskara zinegotziak eman zien ongietorria Basteroko ekitaldi gela lepo jarri zuten guztiei. “Euskararen Nazioarteko eguna den abenduaren 3a aukera paregabekotzat jo dugu Euskararen Normalkuntzarako Batzordetik, Andoainen Ahotsak ekimenari amaiera emateko”.

Ahotsak-eko elkarrizketatuei omenaldia

Ahotsak egitasmoari esker Andoaingo herriak daukan ahozko altxorrari eman nahi izan zion garrantzia Rodriguezek. “Jabetu behar gara, inoiz ez bezala, euskararen historian, Andoainen daukagun lehen lekukotasuna dela bideo edo grabazioen bidez jasotako elkarrizketa sorta hori dena. Gaurtik aurrera hobeto ezagutu ahal izango dugu gure herriaren iragana. Ez dugu iraganera itzultzeko asmorik, baina geure iragana jakitea beharrezkoa dugu, nondik gatozen konturatzeko eta etorkizuna eraikitzeko”.

Ana Carrere Alkateak ere ildo beretik jardun zuen, eta poza agertu hainbeste andoaindarrek euren bizipenen inguruko lekukotasuna eman dutelako eta horien hitza betirako gordeta geratuko delako.  “Mendeetan zehar andoaindarrok, eta euskaldunok orohar, gure bizipena eta lekukotasuna hitzez gorde dugu. Gutxitan, gutxiegitan esango nuke, azaldu izan dugu idatziz. Mendeetan, Andoaingo jendearen ahotsak sutondoko ahots eta murmurio izan dira. Belaunez belaun, sutondo bazterrean gurasoengandik alaba eta semeengana isuritako xuxurla izan da. Altxor ezkutatua, gure izaera etxekoentzat gordetzen genuena. Maiz ez diogu garrantzia eman gure bizipen eta kondairak lau haizetara zabaltzeari, beste gizarte eta kultura batzuek egin moduan. Horregatik, gaurkoak, bere apaltasunetik, garrantzi handiko pausoa eman dugula adierazten du. Zuen bizipen eta kontakizun horiek ez dituelako denboraren joanak isilduko. Hor geldituko baitira. Gaurko eta biharko andoaindarrek, jakin mina duen oro, ezagutu ditzaten zuengandik jasoz”. 

 

Badihardugu elkartea, sustatzaile nagusia

Ahotsak egitasmoa bultzatu duen Badihardugu elkarteko Ainhoa Ansa eta Irati Lizeagak hartu zuten hitza ekitaldian. Ansa izan zen Andoainen bideoz grabatu ziren elkarrizketa gehien-gehienen egilea, eta eskerrak eman zizkien elkarrizketatuei, solasaldirako proposamena egin ahala etxeko ateak ireki izanagatik. “Sukalderaino gonbidatu ninduzuen, ateak zabal-zabalik ireki zenizkidaten, eta eskerrak eman behar dizkizuet; ez bakarrik nik ikasi nuenagatik Andoaingo herriari buruz, baita ere garai bateko bizimoduaz eman zenizkidaten azalpen jakingarriengatik. Etorkizun bateko euskaldunek jakin bezate hor dauzkatela, artxiboan bilduta, zuen kontakizun guztiak; primerako materiala egingo zaie zuen hizkera eta bizikera ikasteko eta aurrera segitzeko”.

Irati Lizeagak Ahotsak egitasmoaren nondik norakoa azaldu zuen. Ahotsak egitasmoa Deba Ibarreko Badihardugu Euskara elkarteak jarri zuen martxan 1999an, esan bezala. Hasieran, Ibarra osatzen duten hamazazpi herrietako hizkerak, ahozko ondareak eta norbanakoaren bizipen pertsonalak modu etnografiko batean jasotzean oinarritu zen egitasmoa, eta denbora batera, Euskal Herrira zabaldu zen. Egitasmoaren inguruan herriz herri indarrak batzen joan ziren eta elkarlana sustatzen. Jende ugariren (itzultzaileak, irakasleak, teknikariak, idazleak, kazetariak...) atxikimenduari esker, Euskal Herriko herri gehienetan egin ahal izan dira elkarrizketak. Sistematizazio eta metodologia zehatz batekin egin dira elkarrizketa guztiak.

Ekitaldian zehar, eta hizlariekin tartekatuz, musika emanaldiaz gozatu ahal izan zuten Basterora bertaratutakoek; Joxan Goikoetxea (teklatua), Iosune Marin (kitarra) eta Olatz Pratek (ahotsa) osatutako hirukotearen eskutik heldu zen emanaldi hori.

 

Dokumental bihotz ukitzailea

Bideoz 58 andoaindarri egin zaizkie elkarrizketak. Bada, horiek guztiekin egindako elkarrizketa luzeetatik pasarte txikiak atera eta muntaia osatu dute, eta ekitaldian espreski eskaintzeko. Ordu erdi eskaseko muntaia da, eta osorik eskaini zen Basteron. Ekitaldian zehar une hunkigarri ugari izan ziren, baina ziurrenik muntaiaren ikusaldiak eragin zuen bihotz sarkorrena; bati baino gehiagori barreak zein malkoak isurarazi zizkion zinez. Ez zen gutxiagorako, pantailan azaldu ziren asko jada joanak baitira gure artetik.

Dokumentalean zehar argi antzematen da XX. mendeko lehen hamarkadetan jaiotako andoaindarren ahotan euskarak hartzen duen ukitu aparta eta grazia.

Makina bat gai jorratzen dituzte bertan: Andoaingo auzoak eta auzotarrak, etxeko lanak, baserri lanak, jolasak, eskola, kristau ikasbidea, eliza, kirolak, 36ko gerra, gerra osteko gosea eta miseriak, euskara galarazia...  

Hona zeintzuk agertzen diren dokumentalean: Joxe Mari Olazabal, Rafael Etxezarreta, Roke Etxeberria, Jexux Mari Otamendi, Miel Muñagorri, Martin Zabala, Carmen Jauregi, Mari Cruz Sagarzazu, Joxe Antonio Huizi, Joxe Iraola, Maria Kristina Zinkunegi, Martin Aranburu, Txomin Usandizaga, Mari Karmen Ansa, Migel Ansa, Antonio Zabala, Joakina Irizar, Maria Dolores Arruabarrena, Angel Amenabar, Luxio Aranburu, Maria Angeles Amenabar, Mikela Ansa, Joxe Mari Urola, Arantxa Artano, Primitibo Arregi, Joxe Luis Usarralde, Migel Amas, Bittori Zabala, Maria Uranga, Fermin Belamendia, Pedro Jauregi, Maria Pilar Beloki, Erramun Ansa, Juan Batista Barandiaran, Delia Huizi, Ramon Huizi, Joxeba Amutxastegi, Joxe Manuel Erkizia, Iñaki Arregi, Bittoriano Ansa, Juan Batista Aizpurua, Juan Aizpurua, Joxe Forcada, Txomin Aranburu, Miren Zarraga, Maria Angeles Belamendia, Maria jesus Ansa, Maria Jesus Fernandez, Migel Irazusta, Gurutz Gantzarain, Roxario Begiristain, Iñaxio Mendiluze, Mertxe Mujika, Juan Bautista Arruti, Loren Nabarro, Patxi Irizar, Felix Zabala eta Salbadora Roldan.

Ekitaldiari amaiera emateko, oroigarria eman zitzaien banan-banan 73 lekukotza emaileei edo beren senideei. Bi oroigarri izan ziren, zehazki esanda: pertsonalki egindako elkarrizketaren grabazioa eta ekitaldian eskaini zen dokumentalaren kopia.

 

Lau iturrien emana

Guztira, 73 elkarrizketa zabaldu dira interneten. Lau iturrietatik edan du Ahotsak egitasmoak elkarrizketa horiek biltzeko:

- Larramendi Bazkunak “Atzoko Andoain eta andoaindarrak” ekimenaren baitan egindako elkarrizketak.

- Larramendi Bazkunak “Beterriko Kantak” ekimenaren baitan Leire Ibañezek egindako elkarrizketak. 

- Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuak argitaratu zuen Orria aldizkarirako egindako elkarrizketak.

- Badihardugu euskara elkarteak bultzatutako Ahotsak ekimenaren baitan Andoaingo herritarrei egindako elkarrizketak. Azken hauek bideoz grabatuta daude.

 

Ahotsak egitasmoa Andoainen, zenbakitan:

- 73 hizlari.

- 99 zinta-grabazio (1989koa da zaharrena).

- 1.807 bideo-transkripzio.

- 187 audio.

- 1.619 bideo.

- Horiek denak ikusi eta entzuteko: www.ahotsak.eus/Andoain

 

Inkesta lau lekukotza emaileekin:

Basteron izan ziren elkarrizketatuen artetik lauri bizpahiru hitz eskatu zizkion Aiurrik, behin ekitaldia amaitu eta gero.

Joakina Irizar: “Ez nuen uste ekitaldia horren polita izango zenik. Esan behar dizut pantailan neure burua ikusteak efektu arraroa eragin didala: elkarrizketa egin zidatenean gazteagoa nintzela uste nuen! Zahartuta agertzen naiz, ordurako hala bainengoen! Ni Garro baserrian hazi eta hezitakoa naiz. Ez naiz eskolara asko joandakoa; oso ume nintzela, ama barazkiekin Donostiara salmentara joan behar izaten zuen, eta zortzi urterekin etxean geratzen nintzen bazkaria jartzen. Azak txikitu eta neronek preparatu behar izaten nituen; egun batean behatz handian ebakia egin nuen, eta infektatuta eduki nuen. Baina orduan ez zen medikurik sendatzeko. Hamabi urterekin, berriz, neskame joan behar izan nuen. Eskola gutxi esan bezala, baina zer kontatua eduki dut asko. Sorabillako tabernan 46 urte egin nituen, eta jendartean hizketarako erraztasuna ematen du horrek”.

Maria Jesus Ansa: “Alberto Agirre abesbatzarekin entsegua egiten dugun tokian egin zidan elkarrizketa Aranoko Ainhoa Ansak, Ahotsak-eko gazteak. Txikitako kontuak, abestiak, jolasak... era guztietako galderak egiten zizkidan, eta nik ere denetik erantzun. Ni oso andoaindarra sentitzen naiz. Betirako geratuko dira gure kontakizunak. Gerorako eta datozen gazteentzat eskoletan ikasteko oso irudipen politak geratuko dira gordeta. Gaur etorri garenak pribilegiatu batzuk gara, bizi garelako. Egin kontu zenbat diren joanak...”.  

Migel Ansa: “Polita iruditu zait gaurko ekitaldia. Ia bi orduz aritu ginen hizketan, baina gero, zati txikia agertu da gaur erakutsi diguten dokumentalean bakoitzarekin egindako testigantzatik; normala, hainbeste izanik. Denetik kontatzeko denbora eman zidan elkarrizketak: umetako ibilerak, eskolatik etxerako ibilerak eta gaiztakeriak, baserriko zereginak, fabrikako lanak..., eta baita hamabi urterekin frankismoan zehar ikusitako mugimenduak eta klandestinitateko ekintzak, alegia, Jainkoa eta Lege Zaharra lema zeramaten pintadak, Buruntzako gurutzean ikurrina jartzeak, Urbiako zelaietan jende artetik ikurrina altxatzeak eta bizitutako emozio eta dardarak....”.

Maria Angeles Belamendia: “Oso ekitaldi polita, gogoangarria izan da gaurkoa. Makina bat lan egin du baten batek! Nire kasuan, ze kontatuko nuen ba? Larre motzean hazitakoak izan arren, beti kontuak adieraztearen aldekoak izan baikara. Hamaika seme-alaba ginen baserrian baina ama oso ona genuen, eta behin ere errietarik ez zigun egin. Euriak kalean harrapatu eta etxera itzuli behar zenean, alpargatak ez puskatzeagatik lepoan hartu eta hankutsik abiatzen ginen. Intxaurrondo handia bagenuen etxe ondoan, eta ezkurrak erortzen ziren garaian, koxka batean jarri eta panpinak egiten genituen intxaurrekin eta ezkurrekin; batzuk mantalarekin, besteak mantalik gabe... Kalera etorrita, kale bakarra zen Andoainen baina hortik ez zen automobilik ibiltzen, eta gu txingoka jolasean zenbat ez ote ginen ibiltzen karretera generalean, kotxerik ikusi gabe! Gerra ere ezagutu genuen, baita soldaduak eta guardia zibilak; bonbak etxe ondotik pasatzen zitzaizkigun eta korrika abiatzen ginen belaze azpian sartzera. Holaxekoa izan zen gure bizimodua, baina beti pozik! Umeak ume bezala pasatzen baditu urte horiek, jolasean eta horrela, zoriontsu da beti.

Sorabillara joaten ginen plazara, eta han On Domingo apaiza egoten zen. Harekin ikasi genituen lehenbiziko letrak, batuketak, kenketak, dotrina... Dena euskaraz! Hark ez zigun dotrina galdetzen; “zuek nik baino gehiago dakizue” esaten zigun. Gero eskola publikoan hasi ginen, eta han dena erderaz eta eskas. Piku baten azpian, astean behin guri doktrina ematearen aitzakian, euskaraz hitz egiten genuen. Goxokia ekartzen zigun; badakizu zer zen guretzat goxokia apaizak ekarrita? Gero hasi ginen kalean eta fabrikan erdaldunekin. Gure etxean erderaz hasten ginen, eta komeriak aitarekin! Ez eskolatua izanagatik, bizkorra zen hura! Behin bakarrik jo zidan, ia-ia sudurra txikitze adinakoa. Erdaraz sumatu gintuen ahizpa eta biok behin, eta danba! Hantxe bukatu ziren, gaur arte, erderazko kontuak!

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!