John Blacking (1928-1990) onartua izan da musikologia berriaren sortzaile gisara eta bere esanetan musika, ezinbestez, giza artean garatzen den jarduera bezala hartu behar da, hots, musika, kulturaren barruan eta honekin batera aztertu behar da ezinbestez. Beraz, Blacking-en ekarpenik garrantzitsuenetako bat da, gizakiak musika sortzeko duen gaitasuna edota musikaren esperientzia osatua (ikus-entzulearengan gauzatzen dena) testuinguru sozial jakin baten barruan eta elkarren arteko partaidetza gisara ulertu behar direla. Adibide ulergarri baten bidez saiatuko naiz hauxe azaltzen, alegia eta esaterako: “Santakrutz martxa” entzun edo jotzen dugunean, Bandako kide batzuren joera eta egoerak aldaera nabarmena izaten du. Hots, Zumea edota Santa Krutz inguruan jaio eta bizi izan garenok barru-barruan daramagu Eulogio Saldiasek sortutako doinu hau eta zutitzeko eta ozenago jotzeko “gogoak” ematen digu. Txikitandik entzun dugu martxa hau eta ziur nago, horrelako emozioa ez digula ez piezaren kalitate musikal handi edo txikiak, ezta, noski, adibidez, Saldias ezagutu izanak sortzen. Santa Krutz ingurukooi emozio berezia sortzen digu martxa gure bizi esperientziarekin, gure ohiturekin, gure jaiekin... lotzeak, ez gutxiagok, ez gehiagok. Alabak, ordea, ez du inoiz hau ulertu eta ondotik egiten du barre ikusita zenbateraino garen kapaz “burua galtzeko” eta gainera, emozio partekatua izatea belaunaldi ezberdinen artean: berdin-berdin emozionatzen gaitu zahar, heldu eta gazteak..., etorkizunean gaurko umeak emozionatuko dituen bezala. Alabari galdetu nion, ordea, zergatik bera ez zuen hunkitzen, zergatik uzten zuen hotz edota barregarri iruditzen ote zitzaion gure emozioa. Ez zidan zuzenean erantzun edo “zergatik bai...” edo horrelakoren bat esan zidan baina ondoren, gauza asko argitu zizkidan baieztapena egin zuen: “Ni, San Juan zortzikoak bai emozionatzen nauela!” Jakina, Dorleta Arrate plazan jaio eta inguruan hazi eta hezi da. Bera gizarte esperientzia jakin batera lotzen duena, txikitatik entzundako “San Juan zortzikoa” da eta hori, gainera, gizarteak burutzen duen ospakizun erabateko eta nagusiarekin lotuta dago: festekin alegia. Bada, guzti honi, musika jakin batek edo pieza zehatz batek gazte edo ez hain gazteongan zergatik horrelako lotura sortzen ote duenari buruz hausnarketan niharduela topatu nuen Blacking-en “Zenbat musika dago gizakian?” liburua (gazteleraz: “J. Blacking, “¿Hay música en el hombre?” Alianza, Madrid 2006, 178 orrialde). Gai honen inguruan kezka edo jakin-minik duenak ez luke irakurri gabe utzi behar Jaume Ayats-en hitzaurrea non argi eta txukun azaltzen baita laburtuta Blacking-en pentsamentu eta ekarpen nagusia. Baina honek guztiak nora narama? Nora garamatza? Lehenago ere idatzi izan dut Aiurrin musikaren eginkizun sozialaren eta musikaren esperientziaren inguruan eta, batetik, aipatu autoreak nire intuizioak baieztatzen eta zabaltzen dituela esatea zilegi bazait, behin betirako jakintzat eman behar badugu musika ez dela norbanakoaren garapen soila, gizarteari egiten zaion ekarpena baizik eta zentzu horretan laguntza eta bultzada behar duela, oraingoan elementu bat gehiago erastera dator, bestetik, hau guztia: musikak gizarteratzeko, gizarteari, bere ohitura, usadio, bizipen, balore eta abarrei lotzeko ezinbesteko elementua dela eta zentzu horretan, guregan borra ezinak diren talde esperientziak musikak eta musikak bakarrik lotzen dituela gure baitarik sakonenean, beste ezerk baino hobeto, beste ezerk ez bezala. Egin ezazue frogatxo bat (normalki irudiekin egiten duguna): gogoratu experientzia nagusi eta ahaztezin bat musika edo abesti jakin batekin... Beti ateratzen da zerbait! Agian horregatik askok esan didate aurtengo Santakrutzetan zergatik ez ote genuen jo, zergatik egitaraua osorik begiratu eta aurten ez zen Bandaren emankizunik. Agian horregatik kezkatzen naute belaundi berriek, ikusita musika bazter batera utz daitekeen zerbait dela, gizartearekiko loturarik gabe uztea, erreferentziarik gabe galtzea. Eta ez da ezer, ez da gazteei “txapa” sartu behar zaiela, ez da “momentuan” emozio apur bat ere azalduko dutela, ez... Musika da eta musika geu gara. Barregarri izan daiteke batzurentzat baina andoaindar asko eta asko “Santa Krutz martxa” musika bandak eta dultzainariek jotzen dutenean, altxa egiten gaitu!