Saioan zehar Punttuka bertso eskolako lau gaztetxok Iguarani, Mendiluzeri eta Kolinari puntuak jarri zizkieten. Guztien artetik, hona lau puntu eta lau erantzun:
Julen Gaztañaga:
Zuretzako bertsoa
aisi edo lana?
Oihana Iguaran:
Nahiz sarri nekatuta
heldu zuengana,
nahiz ta albora utzi
kuadrilaren plana,
zuekin kantatuta
aldatzen da dana.
Iñaki Lopez de Muniain:
Sorabilla aldean
ikusten zaitugu
Aitor Mendiluze:
Bai, amak estalpea
han bertan hartu du.
Beraz, handik pasako
garela seguru,
amak beso zabalik
hartzen baikaitu gu.
Eneko Uria:
Bazkaria kentzera
joaten al zera?
Aitor Mendiluze:
Seme gehienen gisa
gutxi gora bera,
eta jakin joango
naizela atzera,
prestatzen jardun gabe
bapo bazkaltzera.
Eneko Rubio:
Andoainen etxe bat
jarriko dizugu.
Sustrai Colina:
Ta horren motibua
ez nago seguru.
Nahiz ta urtean egin
bi saio inguru
emandako guztiak
hartu ohi ditugu.