Andoaingo Sanjuanak 2018

Udalak San Juan jaien balorazio positiboa egin du

Aiurri 2018ko eka. 27a, 12:49
Alkatearen eta udalbatzaren soka-dantza izan zen larunbatean Goikoplazan.

Atzo amaitu ziren Sanjuanak Cavaldeath pirotekniazko ikuskizunarekin. Udalak jaien inguruko balorazioa egin du, baina zabalago uztailak 2an egingo da Urigainen, 19:00etan.

Udalaren balorazioa:

Aurtengo Sanjuanetan “denok dantzan!” aritu gara

Bost egunez festan murgilduta egon ostean, amaitu dira aurtengo Sanjuan festak.
“Sanjuanetan denok dantzan!” lelopean antolatu genituen aurtengo jaiak, eta zalantzarik gabe, gorputzeko gihar guztiak nekatu artean ibili gara batera eta bestera gorputza astinduz.

Aurtengo Sanjuanetako egitaraua ekintzez betea etorri da, urtero legez; 58 ekintza burutu dira guztira, horietako asko herriko talde eta elkarteek antolatu eta aurrera eraman dituztenak. Partaidetzari dagokionez, berriz, azken urteetan gora doa egunez antolatzen diren ekimenen partaidetza. Aurten gainera eguzkia eta eguraldi ona izan dugu lagun, eta horrek ahalbidetu du andoaindarrak goizean goizetik kalean egotea, antolatutako ekimenez gozatuz. Adin guztietako herritarrak batu dira festara, eta hori oso poztekoa da.

Ez genuke amaitu nahi jaiak aurrera ateratzeko ahalegina eta lana egin duten horiei esker
mezua helarazi gabe: elkarteei, taldeei, herritarrei, eta batez ere, Udaleko langileei, oso
bereziki Kultura saileko langile eta kideei.

Datorren uztailaren 2an, 19:00etan, balorazio sakonagoa egiteko aukera izango dugu Urigain kultur etxean. Herritar guztiak animatu nahi ditugu euren iritzia ematera eta guztion artean, Andoain egitera!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!