Donostiako manifestazioa amaituta, Andoaingo bidean zirela, Aiurri astekariak egunaren balorazioa egitea eskatu zien Andoaingo Asanblada Feministako kideei. Hauxe izan zen telefonoaren bestaldetik bi kidek egindako balorazioa: “Bezperan, pintxopote more feministarekin greba deialdiari ekin genion. Ez zen jende asko hurbildu baina oso giro polita sortu zen. Zumea plazan dantzan amaitu genuen! Oro har, ordu horietan herritar asko konturatzen hasi zen martxoaren 8a iristear zegoela.
Greba egunari euripean ekin diogu, Makaldegitik irten den kotxe karabanarekin. 22 ibilgailu mugitu gara herrigunean eta industrigune ezberdinetan. Arreta handia bereganatu dugu. Iaz ez genuen horrelakorik egin eta arrakastatsua izan da. 11:00ak aldera Goikoplazan elkartu gara, eta 2018an bezala manifestaziorako ikusgarria izan da. Manifetazioari hasiera emateko gogo bizia nabaritzen zen. Iazko arrakasta eta gero beldur piska bat bagenuen, baina kontrakoa gertatu da. Jende gehiago elkartu gara. Kaleak bete ditugu.
Basterotik pasa gara, bazkariari ekin aurretik. Laguntzera emakume ugari elkartu da. Eskertzekoa da lanaren pisu guztia Asanbladaren esku ez uztea. Bazkari autogestionatua aurrera atera bada, denek bere ekarpena egin dutelako izan da. 80 lagun espero genituen, baina azkenerako askoz gehiago izan gara. Eta kide batzuk pankartak lurrean ipini eta bertan bazkaldu behar izan dute. Oso giro polita izan da bazkarian, eta bereziki ondorengo kantaldian eta jokoetan. Musikarien saioak elkartu egin gaitu. Jolasen saioa arrakastatsua izan da ere. Berehala sortu ditugu lau talde. Proba ezberdinak ipini dizkiegu, pike sanoa sortu da, eta denon artean giro hobea eman diogu bazkalosteari.
Donostiako manifestaziora autobusean joan gara. Donostian bertan Andoaindik joan garenok elkartu eta taldeko argazkia atera dugu. IIaz baino askoz gehiago hurbildu gara Donostiara.
Horregatik guztiagatik oso balorazio positiboa egiten dugu. Oraindik ere emozioak dantzan ditugu. Lanean jarraitzeko gogoz gaude. Atseden hartzeko unea da, baina gertu ditugu Santakrutzak”.