Genero ikuspegiarekiko eta feminismoarekiko kontzientzia hartze kolektiboa ematen ari dela ondoriozta daiteke, martxoaren 8ko manifestazioari erreparatuz gero. Ez da hutsean sortu, eta ez da soilik Andoainera mugatzen. Kontzientzia hartze hori Euskal Herri osora zabaltzen ari da. 2018ko deialdietan urrats handia eman zen. Orduko hura, baina, ez zen salbuespena izan eta urtebete beranduago borroka feministarekin bat datozela erakusten ari dira andoaindar asko eta asko. Emakumezkoak nagusiki, eta baita gizonezkoak ere.
Azken urteotako manifestazio handiena izan zen ostiralekoa. 11:30ak iristeko minutuak falta zirenean, Goikoplazan jende ugari bilduta zegoen. Deitzaileek, Andoaingo Asanblada Feminista, gogotsu zeudela aitortu zuten gerora. Eta horregatik ondorioztatu daiteke manifestazioa garaiz eta arin irten zela. Inori gehiago itxaron gabe, "Heteropatriarkatu kapitalistari planto! Bizitzak erdigunean" zioen pankartaren atzetik abiatu ziren. Ehunka eta ehunka lagun ziren herrigunea zeharkatu zutenak. Pankarta gehiago ikus zitezkeen, greba deialdiaren bost ardatzei loturikoak (zaintza, ikasleak, kontsumoa, pentsioak eta enplegua). Horiek guztiak deitzaileek egindakoak ziren. Ez ziren bakarrak izan, gutxienez bi gehiago ikus zitezkeelako: Martin Ugalde Kultur Parkeko langileena edota Leizaran institutuko ikasleena.
Jendetza hori batuta, manifestazioa gainerako herrikideentzat ez zen oharkabean igaro.
Martxoaren 8a, aldarrikapen eguna
Goiza 09:30ak baino lehen abiatu zen kotxe-karabana, Makaldegitik. Kaleberriatik ibili eta gero, Goikoplaza aldera joan ziren. Kaletxikira jaitsi eta gero, Leizotz industrigunera abiatu ziren. Hogeita bi ibilgailu ibili ziren greba deialdiaren berri ematez.
Eguerdia Manifestazio jendetsua Goikoplazatik abiatu zen, Zumea plazaraino. Asanblada Feministako bi kidek manifestua irakurri zuten, euskara eta gaztelania uztartuz. Pentsiodunak, zaintzaileak, ikasleak..., sektore zaurgarrienak gogoan hartu zituzten.
Arratsaldea Bazkarira uste baino jende gehiago hurbildu zen, eta batzuk lurrean bazkaldu behar izan zuten. Giro ederrean igaro zen bazkalostea, kantaldiarekin eta jolas parte hartzaileekin. Aulkiak eta mahaiak jasota, bazkalostetik Donostiako manifestaziora joan ziren.