Hurria Sahararen aldeko bertso saioan gai-jartzaile lanetan ikusi zaitugu aurreko edizioetan. Oraingoan, berriz, bertsolarien artean iragarri zaituzte. Erronkarako prest?
Aurten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa ospatuko da. Duela lau urte, parte hartu ala ez, zalantzan ibili nintzen. Orduko hartan ez nintzen animatu, baina oraingoan bai. Probatze aldera, ondo etorriko zait Basteroko saioa. Txapelketari begira, nire burua estutzeko aproposa izango baita.
Punttuka bertso eskolakoekin hitz egin eta gero, kantuan ariko naiz. Eta Unai Ormaetxea gai-jartzaile bezala ariko da. Udazkenean Goiburun egin genuen saioan oso lan txukuna egin zuen.
Erronka handia, Andoainen bertan eta bertsolari handien ondoan.
Halaxe da, eta bertigo piska bat badudala aitortu beharrean nago. Erronka da, eta ikusiko dugu zer moduzko saioa ateratzen zaidan.
Ahal dela, beste bost kideekin batera kantatuko nuke. Bakarkako saioa saihestu nahiko nuke, hasiera batean. Andoaingoa, maiatzera begira, nire bertsokera lantzen jarraitzeko ariketa modukoa izango da.
Zirikatuko zaituzte, puntutako saioetan...
Ziur! Unai Muñoa herriko ikastetxeetan bertso irakasle lanetan aritzen da eta lasai hartzeko aholkua eman dit. Bertsoa osatzeko gai naiz, eta hortik aurrera ea saio ona ateratzen den.
Andoaingo ikuspegitik pozgarria da herriko bertsolari bat berriro lehian ikustea.
Ardura handia ere bada. Andoainen azken hamarkadatan egon diren bi bertsolariak handiak izan direlako. Jokin Sorozabal Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalera sailkatu zen, eta Aitor Mendiluze azken edizioko txapeldun-ordea da.
Oso txiki sentitzen naiz bi izen horien alboan. Poz hori ulertzen dut, eta pena gehien Eskudero anaiak lehian ez ikusteak ematen dit. Nirekin ibili dira beti, bapatekotasuna eurekin ulertzen dut. Herriartekoan elkarrekin parte hartu dugu beti. Ez dira animatu, besteak beste, pilota eskolako arduratan murgilduta daudelako. Pena hori badut, baina halere haien laguntza izaten ari naiz.
Prestaketa saioetan zabiltza, beraz.
Harituz taldekoekin elkartzen gara, asteazkenero. Lanketa egiten ari naiz, eta oraindik ere lanketa gehiago egin beharko dut. Oraingoz txapelketara tentsio handirik gabe noa. Ikusiko dugu hurrengo asteetan. Txapelketara nire burua probatzera noa, eta ikusiko dugu noraino iritsiko garen.
Noiz ekingo diozu txapelketari?
Maiatzean izango da, Errezilen. Beste bost lagunekin batera arituko naiz kantuan. Horietako bi ondo ezagutzen ditut: Adur Gorostidi abaltzisketarra eta Imanol Irazustabarrena alegiarra. Jokin Uranga azpeitiarrak ere saio berean abestuko du. Baita Andoni Mujika urnietarrak ere.
Animo asko jaso al dituzu inguruan?
Etxekoak oso lotsatiak dira, nahiz eta gurasoak eta anaia bertsoa osatzeko gai izan. Sufrituko dute, eta ez dut uste ni ikustera etorriko direnik. Ea noraino irits gaitezkeen. Arantza hori banuen sartuta, eta proba egin nahi dut.
Prestatzen hasi beharra daukat. Martxoaren 30ean Irunberriko bertso bazkarian abestuko dut, eta biharamunean Basteron.