Outlet kalean, Salkin elkartearen ekimenez

Jon Ander Ubeda 2019ko mar. 20a, 15:41

Joan zen ostegunean eta ostiralean, Andoaingo Salkin merkatarien elkarteak Outlet kalean ekimena aurrera eraman zuen. Herriko kaleak girotzearekin batera, erosle askoren arreta bereganatu zuten bi egunez.

Bezeroen esku aukera bikainak eskaintzea eta tokiko merkataritzari ikusgarritasuna eskaintzea izan ziren Outlet kalean ekimenaren helburu nagusiak. Parte hartu zuten dendarien artean, ekimenari jarraipena emateko gogoa nabari da.

Maripi Herce, Xare oinetakoak

"Eguraldiak lehen orduetan ez digu gehiegi lagundu. Bezeroek ondo hartzen dute, eta esango nuke batzuk outlet-a zabaltzeko zain izaten direla. Horrek eragozpen bat sor dezake, eroslea beti outlet edo beherapenetan erostera ohitzea".

Loli Martos, Durazno

"Ekimenarekin guztiz bat nator, kontsumitzaileak kontzientzia hartzeko balio duelako. Ezinbestekoa da produktuak kalean salgai jartzea. Denda barruan soilik ipiniz gero, barrura sartzea kosta egiten zaie. Ostegun goiza geldo samarra izan da, baina arratsaldean gehiago animatu da. Bereziki, txarangari esker. Hemen herriaren goialdetik birritan igaro dira. Alde horretatik, oso ondo".

Ana Zalakain, Izeia

"Herritarrak mugiarazteko ekimena ondo dago. Bi egunetan parte hartu dugu outlet ekimenean. Guretzat nahikoa. Bezeroek ondo hartu dutela ikusi dugu, gogoko dute ekimena. Salkin elkartetik horrelako ekimenei eustearen aldekoa naiz. Eta gehiago egin behar dira, merkatariok bestela ez dugu ikusgarritasunik lortzen".

Maria Jesus Otegi, Gamer

"Kanpoko postutxoa  prestatzen hasita, bi egunetan parte hartu dut. Jendeak oso ondo hartzen ditu horrelakoak. Nire kasuan, gauza txiki asko eskaintzen ditut. Produktu asko erdi prezioan jartzen ahalegindu naiz. 2, 3 edo 4 euroko eskaintzak oso gustura hartzen ditu erosleak".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!