Tuduriren kontakizun laburrak eta poesiak

Xabier Lasa 2019ko mar. 24a, 12:00

Nerea Tuduri sorabillatarrak “Inviernos frente al mar” poesia liburua plazaratu du. Poesia eta kontakizun laburrak nahasten ditu, eta horietan hausnarketa pertsonalak luzatzen dizkio irakurleari. Ikusmina sortu du ingurukoen artean.

Nolako harrera jaso du liburuak orain arte?

Bikaina. Autoedizioa da, niri egokitzen ari zait promozioko kanpaina egitea eta Andoainen bakarrik zabaldu da orain arte, baina bigarren edizioan doa. Poesiak, oraindik, atzera bota arazten du zenbait jende, baina nik esaten diet aurre iritziak baztertzeko eta saiatzeko.

Irudikatu ere egingo ez nuen jendea irakurtzen ari da, eta onak dira egin dizkidaten kritikak. Baten batek esan dit irakurketak barruak mugi arazi dizkiola. Beste batek, hiru txandatan irakurri duela, eta aldi bakoitzean sentimendu ezberdinak eragin dizkiola.

Bada zeharo harritu denik liburua plazaratu dudalako. Lehen, Ganbara tabernako zerbitzaria izateagatik ezagutzen ninduten askok, eta orain “idazlearen” etiketa jarri didate. Grazia ematen dit horrek.

Autobiografikoa al da liburua?

Kontakizun laburretan errealitatea eta irudimena nahasten dira. Baina poesian biluztu egin naizela esango nuke. Ukitzen ditudan gai ugari barru-barruko sentimenduetatik irten dira, nire bizipenetatik.

Noiztik idazten duzu?

Sorabillara bizitzera joan arte nire bizitzako lehen zazpi urteak Gerendiaingo umezurztegian igaro nituen. Nire lehen zazpi urtetan matematikan ez nintzen batere trebatu, baina irakurri, zirenak eta ez zirenak irakurri nituen: tradiziozko haur ipuinak, Gloria Fuertesenak... Hamabi urterekin jada nire gauzak idazten nituen, eta horretan jarraitu dut hartaz geroztik. Liburu honetan biltzen diren poesiak, nolanahi ere, bizitzako azken aldikoak dira.

Helduko al da bigarren liburua irakurleen eskuetara?

Idazten segitzen dut, eta baiezkoan nago. Dagoeneko jendearen begietara pretentziosoegia izatearen beldurrak uxatu ditut, eta argi daukat gehiago idatzi ahala argitaratzen jarraituko dudala. Modu batera edo bestera jarraituko dut. 

Hori bai, nere kabuz egin dut ibilbide osoa. Autodidakta naiz eta oraindik ere idazketaren teknikak lantzea eta garatzea falta zait.

Aurkezpen ekitaldi jendetsua Ernaitza liburudendan

Nerea Rodriguez bere adiskideak egin zituen aurkezpen lanak: “Eskarmentu handikoa da eta badaki ekitaldi bizi eta freskoak egiten; gainera, ondo ezagutzen nau. Aurkezpen ekitaldia liburuaren islada izan zela esango nuke. Xarmangarria gertatu zen aurkezpena. Ezin da gehiago eskatu! Liburuak zaintzen dituzten liburudenda batean ospatu zen, gainera".

Andoainen salgai

Ernaitza liburudendan salgai dago. Instagram bidez (@versos_nereatuduri) edo emailez eska daiteke ere: nerea.tuduri@gmail.com.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!