"Lehen egun hauetan bezeroek oso harrera ona egin digute"

Aiurri 2019ko mar. 28a, 09:00

Alex eta Alejandro Andoaingo Zumea plazako 97 tabernako arduradun berriak.

Alejandrorentzat une honetan ostalaritza "bere bizitza" da. Duela bost urte hasi zen mundutxo horretan lanean, Ganbaran hasieran eta Olajaunan ondoren. Gogotsu dago abentura berrian, eta gogo hori bezeroek nabaritzea nahiko luke. Alexek Txalaka taberna-jatetxean trebakuntza handia jaso zuen, eta egitasmo berriarekin "oso pozik" dagoela aitortzen du.

Bien artean ekin diote "97 taberna" izeneko abentura berriari. Zumea plazan dago, eta aurreko astean ireki zutenetik jendetza hurbiltzen ari zaie. Hauexek beren lehen adierazpenak.

Irekiera ekitaldian jendetza bildu zenuten. Pozik egoteko modukoa da, ezta?
Bai, oso harrera ona egin digute bezeroek. Aurreko ostegunean jende piloa hurbildu zen. Malkogarriyak taldea zuzenean aritu zen, gainera. Adin guztietako jendea hurbildu zen, eta kristoren giroa sortu zen. Oso pozik gaude, egia esan, egin diguten harrerarekin.

Banan bana eskerrak ematea zaila da, baliatu Aiurri hurbildu zirenei eskerrak emateko.
Garrantzitsua zen guretzat hasiera ona izatea. Urduri geunden, ezjakintasun handiarekin. Baina gure apustua ondo hartu dutela ikusi genuen, eta orain sentsazioak oso onak dira. Aurretik egitasmo ona dugula iruditzen zaigu.

Barraren atzean nortzuk egongo zarete lanean?
Alex eta Alejandro, gu bion esku egongo da ardura. Bi laguntzaile izango ditugu, oraingoz: Naroa eta Aitor.

Ireki duzuenetik Zumea plazara jende gaztea hurbiltzen ari da. Espero zenuten horrelako harrera izatea?
Espero genuen, baina egia esan uste genuena baino jende gehiago hurbildu da. Eta ez gazteak bakarrik, baita helduagoak diren beste bezero asko ere. Irekiera ekitaldian Hernaniko eta Amasa-Villabonako jendea ikusi genuen. Oso pozik gaude.

Lehengo tabernarekin alderatuta, zertan bereiztuko da 97 taberna?
Beste giro bat sortu nahi genuen, hasiera hasieratik. Aurretik zegoen taberna girora gure inguruko jendea ez zen sartzen, eta guk taberna ireki bat egin nahi izan dugu.

Adinak ez digu inporta, denentzat egin nahi dugu lan. Musika ona, giro ona,... aukera horiek baliatu nahi ditugu. 

Edarietan berezitasunak izango dituzuela jakin dugu...
Artisau garagardoa merkaturatu nahi dugu, eta dagoeneko hamar erreferentzia eskaintzen ari gara. Euskal ekoizpenak dira, Hernaniko eta Barañaingo enpresetakoak. Kaineroan ere artisau garagardoa eskainiko dugu. Ardoei dagokionez, bospasei ardo txukun eskaini nahi ditugu. Zerbitzu ona eman nahi dugu.

Zein izango da zuen ordutegia eta egutegia?
Astean zehar, astelehenean atseden eguna izango da. Asteartetik ostiralera, eguerdiko 12:00tan ireki eta 00:00ak aldera itxiko dugu. Asteburuetan, berriz, goizeko 11:00tatik goizaldeko 01:00ak arte zabalduko dugu. Afaldu eta gero kopatxoa nahi duenari aukera hori eskainiko diogu. Eta hortik etxera joan daitezela, edo Txuri Beltzera (kar, kar...).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!