Martxoaren amaieran, 25. jardunaldian garaipena lortu ostean, jokalariak ametsezko egoera irudikatzen hasi ziren: Igoera lehen aukeran lortu beharra zegoen, Andoaingo Ubitarte zelaian. Eta zaletuen aurrean. Denboraldi bikaina egiten ari ziren, ia partida bakoitzean garaipena lortuz. Beste bat gehiago lortu beharra zegoen, Andoainen ahal zela. Aurkaria ere ez zirudien zaila zenik. Joanekoan, urdiñek 1-5eko garaipen argia lortu zuten beratarren zelaian. Iritsi zen larunbata, ametsezko egoera gauzatzeko unea, eta ez zuten hutsik egin. Garaipena, liga eta poza. Poz handia. Igande goizaldera arte luzatu ziren bibak eta oihuak, Andoaingo kaleetan.
Kirol lorpen handi hori lortzeko meritu handiena jokalariena eta lantalde osoarena da. Baita zuzendaritzarena ere. Merituen zerrendan ezin aipatu gabe utzi Joxean Huizi lehendakari ohia. Pozik legoke, oso pozik, gure artean egongo balitz.
"Eskerrak eman nahi dizkiet Ubitartera hurbildu diren zaletuei"
JULEN LOIDI KAPITAINA
3-2 ozta-ozta irabazi, baina azkenean garaipena lortu duzue.
Irabazi beharra zegoen gaur, festa guztia antolatuta zegoelako. Ezin genuen kale egin. Asko sufrituta baina azkenean lortu ditugu hiru puntuak. Garaiena lortuta, difrutatzea tokatzen da orain.
Astez aste ibili zarete sailkapenaren gaikaldean. Azkenean garaipenarekin batera igoera eskuratu duzue.
Bai, horren zain geunden. Ea igoeraren aukera noiz lortzen genuen. Eskura izan dugun lehen aukeran lortu dugu. Aukera aprobetxatzen jakin dugu. Hiru jardunaldi falta dira liga amaitzeko, eta orain behintzat jokalarioi lortutakoaz gozatzea dagokigu.
Zaletuak, gainera, zuen alboan izan dituzue. Zer esango zenieke?
Zaletuen erantzuna ikaragarria izan da, eta horrek guri indar handia eman digu.
Eskerrak eman nahi dizkiet Ubitarte zelaira hurbildu diren denei.
“Ez da batere erraza horrelako partida bat jokatzea”
IKER DORRONSORO ENTRENATZAILEA
Hamar minutu garaipena lortu duzuela. Nola sentitzen zara?
Garaipenarekin igoera lortu dugu, sari potoloa. Bi urteotako lana izan da, eta denbora horretan jokalarien inplikazioa oso handia izan da. Garbi dago lanak bere fruitua eman duela.
Gaurkoan larri ibili zarete, halere. Urduritasun gehiegi akaso?
Horrelako partida jokatzea ez da batere erraza izaten. Gola sartu dugu, berdinketa lortu dute... atsedenaldia iritsi aurretik berriro aurretik jartzea garrantzitsua izan da. Bigarren zatian lortu dugu 3-1ekoa baina argi dago partida amaitu arte jokatu beharra dagoela. 90. minutuan sartu dute 3-2koa. Eurek aurrealdean jokalari indartsuak dituzte. Partida gogorra izan da, bai.
Liga erregularra egin duzue.
Bai, iaz oso denboraldi ona egin genuen. 65 punturekin hirugarren postua lortu genuen. Aurre denboraldi honetan, abuztuan, iazko puntuaketa igo behar genuela adierazten genien. Eta hiru partidaren faltan, 81 puntu egon dira jokoan eta 71 lortu ditugu. Datuak hor daude, 27 partidatatik 23 irabazi ditugu. Jokalariei zorionak eman beharrean gaude.