Ekimen aitzindaria tokiko administrazioan

Aiurri 2019ko api. 13a, 14:17

Andoaingo Udalak, Osakidetzak eta Ertzaintzak indarkeria matxistak eragindako biktimak artatzeko protokoloa adostu eta sinatu dute. Tokiko administrazioaren alorrean, Andoain herria aitzindaria da.

"Indarkeria matxista oinarrizko giza eskubideak zapaltzen dituen errealitatea da. Urtero ehunka biktima sortzen ditu, urteetan milaka, eta instituzio publikook pertsona horien eskubideen erreparaziorako prozesuan gure ardura betetzen hasi behar dugu". Ana Carrere alkatearen adierazpenean, argi azaltzen da zein den Andoaingo Udalaren asmoa. 

Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako 4/2005 izeneko legeak erakundeen arteko akordioak lortu behar direla zehazten du. Andoaingo Udalak bide horretan sakondu du, akordioa sustatuz eta lortuz. Joan zen astean Ertzaintzarekin eta Osakidetzarekin batera aurkeztu zuten protokoloa aitzindaria da. Andoain, beraz, alor honetako hitzarmengintzan lehen lerroan dago.

Gizartea gehien asaldatzen duen arazoa da, egun, sexu erasoena. Kasu guztietan ondorioak larriak dira. Hiltzen ez dituzten kasuetan, bizirik ateratzea lortzen dutenek ondorio latzak pairatzen dituzte. Zer egin, bada, kasu horietan? Erakunde ezberdinak martxan jarri dira, artatze prozesua koordinatua eta bateratua izan dadin.

Andoainen sinatu duten hitzarmenak, gainera, biktimari berme gehiago eskaintzen dizkio. Istanbuleko akordioak bereganatu ditu, esaterako. Nazioarteko araudian indarkeria matxistari aurre egiteko ematen diren urrats berrienekin bat eginez.

Erreparazio eskubidea

Andoainen sinatu duten protokoloaren arabera, biktimari erreparazio eskubidea aitortuko zaio. Hots, biktimari ordainsaria, errehabilitazioa eta berriro ez errepikatzeko bermea eskainiko zaizkio.

Aitzindaria den egitasmoa eragile askoren lanari esker lortu ahal izan da. Ana Carrere alkateak eragile horiek guztiak zerrendatu zituen: "Eskerrak eman nahi dizkiogu Osakidetzari, Ertzaintzari, Andoaingo ikastetxe gutziei, eta Udal zerbitzu ezberdinei: Udaltzaingoa, Gazte Lokala, Gizarte Zerbitzuak, Berdintasun Saila eta alderdi politikoetako ordezkariak".

Horiez guztiez gain, hainbat biktimen lekukotzak aintzat hartu zituzten: "Hainbat biktimen eta herritarren hitza jasotzeko aukera izan dugu. Euren guztien lanari esker, EAEn lehen aldiz erreparazio eskubidea modu tranbersalean jasotzen duen protokoloa dugu".

Indarkeria matxistaren aurkako borrokan lanean jarraitzeko deia luzatuz, protokoloaren sinadura ekitaldiari amaiera eman zioten.

Erlazionatuak

Protokoloaren sinadura ekitaldia

Jon Ander Ubeda 2019 api 04 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!