Roge Miguez IDK Gipuzkoako andoaindarra

Andoni Urbistondo 2019ko api. 12a, 18:00

Roge Miguez CAF-en langile eta IDK Gipuzkoako bigarren entrenatzailea da. Elkarrizketan hizpide ditu CAFeko proiektuak, saskibaloiaren askatasuna, familiaren babesa…, igande honetan saski taldeak partida erabakiorra jokatuko du.

Puntual iritsi da hitzordura Roge Miguez (Andoain, 35 urte). Andoaindik Donostiara bidean geldialditxoa egin du Urnietako HK10 hotelean. CAF enpresatik etxera, etxetik Josean Gasca pabilioira, eta handik etxera. 7 hilabetez erritmo itoa, etxeko emaztea eta hiru seme alabekin ordu gutxi egonda. Baina saskibaloiak ematen dio indarra, satisfakzioa, eta etxekoen laguntzarekin, aurrera jarraituko du. Lanbidea lehenetsiz, IDK taldearen play-offak atzerritik jarraitu beharko baititu. 

Nor da Roge Miguez? 

35 urteko andoaindarra. La Salle eskolan ikasi eta bertan hasi nintzen saskibaloian jokatzen, eta kadeteetan Gipuzkoako selekzioarekin. Askatuak taldetik deitu ziguten, eta bi urte egin genituen kadeteetan eta jubeniletan. Ia-ia oharkabean, gaztetxoak entrenatzen hasi nintzen. Pixkanaka tituluak eskuratzen hasi nintzen, eta Hernanin klub bat sortzeko aukera sortu zen. Han egon nintzen urte batzuetan, baina Unibertsitateko taldeari lotuta, beti ere. Muntaketako gradu ikasketa lortu nuen 19-20 urterekin, eta berehala CAFen lanean hasi. 2009an Brasilera joan nintzen bi urtez, hemen egiten nuen guztia utzita. Bueltan goi mailako entrenatzaile titulua atera nuen, ikastaroa Donostian zela baliatuz, eta pixkanaka eta IDK Gipuzkoa Basket taldeko entrenatzaile Azu Muguruzaren eskutik, taldeko dinamikan sartu nintzen. Espainiako LF-2 mailan aritu ginen aurrena, bigarren mailan, eta Huelvan eta Caceresen igoera play-offak jokatu genituen. Caceresen sari potoloa lortu genuen, Lehen Mailan jokatzeko txartela. 2013 urtea zen. Urte horretatik aurrera serioago hartu nuen nire entrenatzaile laguntzaile jarduna. Azuk esan zidan delegatu on bat behar zuela, langile fin bat, eta urte eta erdi Eva Gonzalezekin, aurretik zegoen delegatuarekin partekatu nuen lana. Hortik aurrera, bakarrik, Gonzalezek utzi egin behar izan zuelako. 2014ko Eguberrietatik aurrera entrenatzaile laguntzailea naiz.

Zein da zure lana, zehazki?

Astero arratsaldetan egiten ditugun lau lan saioetan parte hartzen dut, goizekoetan ezin dudalako: astelehena, asteartea, asteazkena eta ostirala. Izan bideoa, jaurtiketak, alor taktikoa, partidak… Zeregin asko ditut. Eta gero bideo analisia, aurkariaren scouting-a. Egun funtsezkoa bilakatu da, aurkaria xehatu, jokalariz jokalari analisi zehatza egin, ze jokaldi egiten dituzten eta beste… 3 partida, 120 minutu prestatzen ditugu, 20-25 bat minutuko hiru bideo jokalariei, eta gero, esan bezala, jokalarien ezaugarriak banan bana. Informazio asko dago, eta neurtu egin behar dugu.

Nolakoa da zure egunerokoa?

Luzea… Goizeko 06:00tan jaikitzen naiz, 07:00tarako Beasainen lanpostuan. 15:00tarako etxean, bazkalduta. Atseden txiki bat hartu, txandala jantzi eta Donostiara, eguneko lanak egitera. Etxera bueltatzerako 21:00ak dira, gutxienez. Bidaiak, hotelak…, askotan gu geu gara gauza horiek antolatzen ditugunak. Orduak azkar pasatzen dira.

Eta etxean, festa… Familia ugaria zarete!

Bai, hiru seme-alaba ditut. Uxue lau urtekoa, eta bi biki, urte batekoak: Unai eta Ion. Idoia emaztea santu bat da, eta horri esker, ia egun guztia etxetik kanpo pasa dezaket. Askotan etxera iritsi eta negar marrurik ez entzuteak arduratzen nau, horrek etxean lasai daudela esan nahi duelako. Afaltzen dut, Idoia emaztearekin egon, ordenagailuarekin beste gauza batzuk egin… eta gauerdia jota ohera. Azkenean lo orduak lapurtuz egiten duzu aurrera.

Martxa horrekin, emazteak dagoeneko etxetik bota ez bazaitu, konforme…

Bera eskubaloi jokalaria izana da, badaki kirolari grina edukitzea zer den, eta ulertzen du niretzat eguneko ordu horiek oso garrantzitsuak direla, gustura ari naizela, ez dirua irabazteko, atsegin dudan zerbait delako baizik. Saskibaloiak halako bizipoza, indarra ematen dit egunerokoan. Partida guztietara etortzen da, eta Manoli bere amak, nire amaginarrebak ere, asko laguntzen gaitu. 

Emakumezkoen denboraldia ere ez da oso luzea.

Ez, 7 bat hilabete, irailean entrenamenduak hasi, eta martxoa bukatu bitarte, beste aste pare bat play-offak jokatzen badituzu. Asteburuetan ere, bat kanpoan egiten dugu, eta bestea etxean, eta ondo eramaten dut, 7 hilabete azkar pasatzen direlako. CAF, saskibaloia eta kito, horrela joaten dira egunak niretzat.

Zer da gogorragoa, CAFeko langile eta saskibaloi entrenatzaile izatea, edo umeak heztea?

Umeekin denboraren nozioa galtzen duzu. Uxue jaio zenean, lau urte atzera, izan nuen tentazioren bat saskibaloia uzteko. Bigarrenaren bila joan ginen, eta bikiak etorri ziren. Emazteak dauka ardura handiena, eta eskertzen diot. Saskibaloia hobby bat da niretzat, ez dit onura ekonomikorik suposatzen, Donostian IDKrekin irabazitakoa etxean laguntzen duen langilea kontratatzeko erabiltzen baitut. Aspertzen naizenean utziko dut, baina oraingoz oso gustura nago.

Zein da zure lana CAF-en?

Muntaketa talde bateko enkargatua naiz. Proiektu bakoitzean zeregin ezberdinak ditugu, gure lana enkarguak puntual kunplitzea da. Dena oso ondo egituratuta dago, ataletan. Ardatz bakarrari esker mugitzen diren enpresa mordoa garela esango nuke. Prentsaren bitartez ezagutzen gaituztenontzat munstro handi bat gara, baina enpresa txiki askoko enpresa handi bat garela esango nuke.

Euskal Herrian zaudenean hainbestean, baina atzerrira bidaltzen zaituztenean zer? Orain Eskoziara zoaz, eta denbora luzerako; 12 aste… 

Beno, hala da. Baldintza ekonomikoak onak dira CAFen, eta onartu beste erremediorik ez daukat. Beranduxeago izan eta saskibaloi liga bukatu ondoren izango balitz, hobeto, baina badakizu, ezin diot uko egin, nire bizibidea CAFen dagoelako. 

Glasgow hirian imajinatzen zaitut, internetera kateatuta, IDKren partidak streaming bitartez ikusten…

Bai, bai, ziur. Whatsapp piloa ere idatziko dizkiogu elkarri Azu Muguruzak eta delegatuak… Etxeko gauza gehienak ere lotuta utzi behar ditut, emazteak ahalik eta lan gutxiena izan dezan etxetik kanpo.

Lointek Gernika edo Cadi La Seu izango duzue aurkari final-laurdenetan. Bietatik zein nahiago duzu?

Gernikak oso bidaia erosoa dauka alde. Seu, aldiz, nahiko bidaia gaiztoa da, eta gainera oso gaizki letorkigukeena. Gironan jokatu dugu azken jardunaldian, igande arratsaldean, eta Cadi la Seuren aurka arituko gara, Seu d’Urgell-en asteazkenean. Alegia, astelehen goizaldean iritsi etxera, jipoi handia hartuta, eta astearte arratsean beste 700 kilometro nekoso busean, Seu d’Urgell arte. Lointek nahiago nuke, Cadi la Seu oso kirol une gozoan baitago.

Finaurrekoa jokatzeko aukera erreala al dauka IDK Gipuzkoa Basketek?

Bai, zergatik ez. Baten edo bestearen aurka, kanporaketa %60-40 dagoela esango nuke, Cadi La Seuk edo Lointek Gernikak partida erabakigarria etxean jokatuko luketelako. Azken bi denboraldietako final-laurdenetako kanporaketetan 2-1 galdu genuen. Gernika eta La Seu menderatu ditugu Ligan etxean… halako abisuak ematen ari garela esango nuke, ez garela irabaz errazak. 

Nola iritsiko da IDK play-offetara?

Ondo, aurreko bi denboraldietan baino hobeto, horietan justu-justu, azken orduan lortu genuelako kanporaketak jokatzeko txartela, eta fisikoki muga-mugan iritsi ginelako apirilera. Denboraldi honetan aste batzuk badira txartela lortu dugula, badakigu seigarren izango garela bai edo bai, eta karga arindu dugu pixka bat azken bi astetan, final-laurden horietara berriro bete-betean iristeko.

Zein parametron neurtu behar dugu IDKren jarduna, eta emakumezkoen saskibaloia?

Alderaketa egiteko pertsona egokiena ez naiz, agian… Bera Bera gu baino koska bat gorago dagoela esango nuke, Ligak irabazi eta Europan sarri ari delako. Emakumezkoen Realaren pare gaudela esango nuke, orain komunikabideetan oihartzun mediatiko handia lortzen ari bada ere. Aintzat hartu IDKren diru poltsa mugatua dela, urteko milioi erdi eurora ez dela iristen. Jendea ari da, pixkanaka hurbiltzen Gascara, baina kirol eskaintza aparta dago Gipuzkoan: Lehen Mailako bi talde futbolean, Bidasoa eta Bera Bera, Gipuzkoa Basket ACBn… Ari gara, pausoak ematen, eta ez da gutxi.

Harrobirik ba al dago, maila gorenean emakumezkoen saskibaloi talde bat elikatzeko?

Jokatzen duen herrialdeko jokalari gehien dituen taldea gara Dia Ligan… Baina lehiakortasuna handitzen den neurrian, maila horretako neskak gora iristea ez da erraza izango. Eta gero Afrikako neska asko sekulako garaiera eta indarrarekin datoz, eta gurean ez daukagu dohain hori, zoritxarrez. Klub asko daude, lan ederra egiten dutenak, eta baikorra naiz.

Andoaindarra zarela esan duzu, herrigintzan publikoki aritu gabea zara, baina aurrerantzean laguntza emateko konpromisoa erakutsi duzu, EHBilduko herriko zerrendako kide izango baitzara. 

Bai, hala da. Laguntasun handia daukat Andoni Alvarez hautagaiarekin, aspalditik, pilota eskolatik, eta eztabaida politiko eta sozial asko izan ditugu. Zerrendako kide izateko aukeraz mintzatu zitzaidan, estimutan ninduela, eskertuko lukeela nire laguntza, eta baiezkoa eman diot. Baina hautagaiak zerikusi zuzena izan du. Ziur aski beste hautagairen bat aurkeztu izan balitz ez nuke baiezkoa emango. Izan ere, askotan esan izan diot Andoniri ea zergatik ez zen aurkezten alkate gai moduan, eta aurten animatu da.

Azu Muguruza IDK Gipuzkoa taldeko lehen entrenatzailearen iritzia

Harengana jo dugu Roge Miguezi buruzko adierazpenak eskaini ditzan.

Zer da bigarren entrenatzaileari eskatu ohi diozuna?

Eba Gonzalez aurreko entrenatzaileak, lan arrazoiak tarteko, taldea uztea erabaki zuenean Roge Miguezek ordezkatu zuen. Taldean zegoen, gure dinamikan murgilduta. Beste funtzio batzuk betetzen zituen. Gonzalezen postua betetzeko Miguez izan nuen gogoan. Lehenik eta behin, gure lan dinamikaren ezagutza handia zuelako. Taldea ezaguna zitzaion, hainbat lan egiten ari zelako. Bion arteko solasaldian, bera indartsuen sentitzen zen lanak egitea eskatu nion.

Egunerokoan, scouting lanak egiten hasten da. Aste osoko lanaldiaz arduratzen da, eta hark abiatutako lanari segida ematen diot nik. Lan hori oso ondo menderatzen du, eta espero dut alor horretan piskanaka gauza gehiago egin ahal izatea.

Pistan, partida bakoitzeko lehen zatian parte hartzea izaten du. Eta, ondoren, jokalari bakoitzari bere jokoan hobekuntzak eta zehaztapenak egiten dizkio. Neuk jokorako irizpide orokorrak eskaintzen ditut, eta berak badaki jokalari bakoitzari zein zuzenketa egin behar dizkion.

Jokoaz harago, bidaia antolatzeko ardura berea da.

Partida jokatzeko unea iritsi aurreko minutuetan alboan izaten dut beti. Aurrera eraman nahi ditugun defentsarako eta erasoko jokaldiak aipatu eta partidan zehar horiek aurrera eramateko ardura Rogerena da.

Feeling handia behar da.

Jokalariek ere feeling hori badute, Rogerekin.

Halaxe da, duen izakeragatik oso gertuko pertsonatzat dute. Zerbait eskatu nahi dutenean ez dira askotan niregana hurbiltzen, Rogerengana jotzen dute lehenbizi.

Igandean Gascan, eguerdiko 12:00tan

IDK Gipuzkoarentzat partida garrantzitsua izango da, Cadi La Seu taldearen aurka jokatuko duena. Buruz burukoaren bigarren partida izango da, igande honetan eguerdiko 12:00tan hasita.

Asteazken iluntzean Seu de Urgell herrian final laurdenetako lehen partida jokatu zuten. Eta buruz burukoaren bigarren partida Donostian izango da. Zaletuak gipuzkoarrak animatzera joateko aukera polita da. Bi partidak jokatuta, emaitza banakoa balitz, hirugarren partida jokatuko da hurrengo asteazkenean (apirilak 17), iluntzeko 20:00tan hasita Seu de Urgell herrian.

Kilometro asko pilatu dituzte IDKkoek, denbora tarte txikian. Astelehen goizaldean Gironatik iritsi ziren, busean egindako bidaian. Eta asteartean berriro abiatu ziren Kataluniara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!