Emozioen leherketa

Xabier Lasa 2019ko api. 14a, 12:32

Urduritasuna sumatzen zen futbolzaleen artean, larunbat arratsaldean. Ubitarten jokatutako 13 partidak irabazita, sailkapenean atzean dabilen Gure Txokoaren aurkako neurketak, logikaz, erraza zirudien. Baina urdiñei erantzukizunak gainezka egin zion, tarteka, partidan zehar. Jokalariek Dorronsoro entrenatzailearen aginduak, bereziki soseguz aritzeko aholkua, betetzea lortu zuen.

Asier Iraola atezainaren eremura bizpahirutan iritsita, bi gol sartu zituen Gure Txokoak. Baina gol bat gehiago sartu zuen Euskaldunak, eta horrela lortu zuten helburua.

Gora Kale Txiki txaranga Ubitarten izatea eskertzekoa izan zen. Zaletu ugari dantzan eta kantuan jartzea lortu zuten. Eta, era berean, askoren urduritasuna zertxobait kanporatu ahal izatea ere.

Epaileak amaiera agindu zuenean, orduan bai, emozio guztien leherketa estratosferikoa gertatu zen. Jokalariak eta entrenatzailea jausika, garrasika, elkarri besarkatuta. Azkar batean zelaira atera ziren dozenaka haur eta gaztetxo, ordura arte txintxo-txintxo egon eta gero.

Zirragarria izan zen irudia: oso atzera joan behar da Andoainen antzeko ospakizuna gogoratzeko. Eta zirarragarria izan zen klub osoa –taldeko teknikariak, goi mailako jokalariak eta behe mailatako jokalariak, zuzendaritza batzorde kideak eta zaletuak, denak batuta– elastiko urdinarekin erabat identikatuta ikustea.

Joxean Huizi zenak hasitako bideari segida eman dio Salba Parada gidatzen duen zuzendaritza taldeak, eta dagoeneko hasi dira lanaren fruituak jasotzen. Emakumezko jokalarien hazkundea izan zen lehen emaitza pozgarria, eta larunbatean lortutako igoera bigarren emaitza. 

Bide onetik doazen seinale da.

Erregional mailakoei geratzen zaizkien hiru jardunalditan txapelaz gozatzea dagokie. Eta zuzendaritzari, hurrengo urtera begirako taldea planifikatzen hastea; Gorengo mailatik Ohorezko mailara dagoen koska ahalik eta arinena izan dadin.

Bi detaile gehiago, bukatzeko. Dorronsoro eta jokalarien arteko sintonia ona, eta elkar komunikatzeko euskaraz aritzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!