Manuel Berazari gaur eskainiko diote azken agurra

Xabier Lasa 2019ko api. 23a, 14:25

Manuel Beraza, ezkerrean. Argazkia: Irutxulo.

Manuel Beraza Olabarrieta andoaindarra 72 urte zituela hil zen joan den larunbatean. Azken hiru urtetan Kutxa Fundazioko presidentea izan zen. Ordurarte Mondragon Taldean hainbat goi ardura eduk zituen. Bere aldeko hileta elizkizuna gaur, asteartearekin, San Martingo parrokian egingo da arratsaldeko 18:30etatik aurrera.

Argazkian, Eneko Goia Donostiako alkatearekin eta Enrique Ramos zinegotziarekin ageri da, Egia auzoan Aldakonea eremuan hirigintza proiektua gauzatzeko Udalak eta Kutxa Fundazioak sinatu zuten hitzarmena aurkeztu zuten egunean, 2018ko uztailaren 10ean.

Kaletxikin izan zuen bizitokia Beraza Olabarrieta familiak. Luis Berazak eta Jazinta Olabarrietak zazpi seme eduki zituzten guztira. Zaharrenetik gazteenera: Manuel, Luis Mari, Ramon, Jexus Mari, Amador, Gurutz eta Xabier. Anai guztien antzera, Manuelek ere La Salle ikastetxean ikasi zuen eta 11 urte zituela Saturrarango apaiztegiko bidea hartu zuen. Bertan bi urte egin, eta Donostiako seminarioan jarraitu zituen ikasketak. 23 urterekin apaiztu, eta Eibarreko parrokiako zereginetara destinatu zuen Donostiako Gotzaitegiak. Bertan zazpi urte egin zituen, habitua uztea erabaki zuen arte.

Amaia Arreserekin ezkondu, eta Beasainera joan zen bizitzera. Bikoteak bi seme alaba eduki zituen, Garbiñe eta Iñigo.

Abadetza utziz geroztik, Manuel Berazaren lan ibilbide guztia kooperatibismoaren mugimenduarekin doa lotuta. 1977an Mondragon korporazioko kooperatiben munduan murgildu zen, eta lehenbizi automozio arloko Fagor Ederlan lantegiko hautaketa departamenduan jardun zuen. 

Mondragon taldean segurtasun, erregulazio eta kontrol osagaiak ekoizten dituen Ordiziako Orkli lantegirako jauzia egin zuen ondoren. Lantegi hori zutitu zuen lan-talde kidea izan zen 1974an, hain zuzen. Bere zuzendari izatera iritsi zen 1986an. Besteak beste, berak zuzendu zituen Orklik Txinan eta Brasilen ireki zituen lehenengo filialen irekitze prozesuak.

2017tik aurrera Mondragoneko Osagaien Arloko Lehendakari ordearen ardurak hartu zituen.

 

Kutxa Fundazioko presidentea

Orain zazpi urte erretiroa hartu zuen, eta Donostian jarri zen bizitzen. Gizon ekintzailea izaki, Kutxa Fundazioko lehendakariaren posturako izendatu zuten berehala.

Kutxaren Gizarte Ekintzaren kudeaketa eta administrazioa da Kutxa Fundazioaren helburu nagusia. Bere jardueren artean, honakoak daude: garapen sozio-ekonomikoa, kulturala, artistikoa eta asistentziala eta ingurumen-garapena eta interes orokorreko beste xede batzuen lorpena helburu duten proiektu eta jarduerak sustatzea. Fundazio horretako batzordean beste andoaindar bat dago, Xabier Arberas Ezama hain zuzen.

Jexus Mari, bere anaietako batek adierazi duenez, “gizon ona, langile eta ekintzailea zen, eta berehala egin zuen bat kooperatiben filosofia humanista eta sozialarekin. Taldean lanean oso ondo moldatzen zen gizona zen, eta ikuspegi eta jarrera ezberdinak zeuden tokietan moderatzailearen eta bateratzailearen zereginak betetzeagatik zeukan irabazia ospea. Egia esan, balio handiko ezaugarri ugari zituen berarekin, eta horri esker nahiko urrun iritsi zen Mondragon kooperatiben munduan”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!