Ertzaintza eta Udaltzaingoa lapurreta gehiago saihesteko lanean ari dira

Aiurri 2019ko api. 25a, 12:23

"Olagaingo dorreak" bezala ezagunak diren etxebizitza multzoak. Argazkia Egea, Facebooketik hartua.

Azken hilabeteetan saiakera bat baino gehiago izan da Andoainen, eta Aste Santuko oporraldiko egun hauetan Olagain auzoan lapurreta bat baino gehiago izan da. Udaltzaingoa eta Ertzaintza gertutik jarraitzen ari dira gertaerak, lapurreta gehiago saiheste aldera.

Andoaingo Udalarekin harremanetan, sareetan eta kalean bolo-bolo dabilen kontua baieztatu diote Aiurri astekariari. Azken egunetan hainbat lapurreta izan da, eta arazoa ez da soilik Andoaingoa. Beterri-Buruntzako herrietan ere kasuak biderkatu egin dira. Udala arazoaren gainean dagoela adierazi diote Aiurriri, Udaltzaingoa eta Ertzaintza elkarlanean ari direla gaineratzearekin batera.

Ertzaintzaren presentzia handia izaten ari da, bertako bizilagunak adierazten ari direnez.

Lapurrak sistema ezberdinak erabiltzen ari dira. Etxean norbait ote dagoen konprobatzeko, ateetan silikonazko markak ipintzen dituzte, edo margoekin ikono ezberdinak jarri. Lapurreta egiteko etxebizitzak zehazten dituzte horrela. Antza denez, modu horretara azken egunetan lapurreta bat edo beste egin dute Olagainen.

Bizilagunen artean kezka handia da. Segurtasun indarrak gainean daudelako lasaitasun gehiago adierazi dute, sare ezberdinetan jakinarazitakoaren bera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!