Leizarango sei taldek Agredako torneo ospetsuan jokatu dute

Xabier Lasa 2019ko api. 26a, 13:36

Agreda herrian (Soria) estatu mailako hainbat talde biltzen dituen torneoa jokatu zen joan den aste santuan, eta bertan Leizarango sei taldek parte hartu zuten. Kadete mutilek lortu zuten emaitzarik onena, irabazleak izan baitziren. Gainera, Unai Pernasek jokalaririk onenaren saria jaso zuen.

Hona gainerako taldeen sailkapenak, mailaz maila:

Jubenilen mailan, mutiletan, laugarren geratu ziren, eta nesketan, bosgarren.

Kadeteen mailan, nesketan, bosgarren.

Eta azkenik, infantiletan, mutiletan bosgarren, eta nesketan zazpigarren.

Torneoko antolatzaileek Leizaran azken urtetan gonbidatu duten taldeetako bat izan da, Zarauz, Urdaibai, Tarazona, Soria, Gijon eta beste zenbait talderekin batera. Ospea handiko torneoa da Agredan jokatzen dena eta emaitzen gainetik, Leizarango jokalarientzat ezin egokiagoa izaten da beste herrialdeetako jokalariekin indarrak neurtzeko ez ezik, baita horiek ezagutzeko ere.

Youtubeko “Valonmano con V” kanalaren eskutik ostegunetik igandera bitarte jokatu ziren partidu guztiak zuzenean ikusteko aukera eduki zen. Kadete mailako mutilek Tarazonaren aurka jokatu zuten finalean, adibidez, Andoainetik joandako jokalari, entrenatzaile eta jarraitzaileen animoak eta txaloak ikusi ahal izan ziren. Giro paregabean ospatu zuten 21-17ko garaipena.

Hona zeintzuk jokatu zuten finalean. Zutik, ezkerretik eskuinera: Josu Alias, Ander Beroz, Asier Cruz, Iker Uria, Aner Nieto, Unai Pernas, Odei Iglesias, Markel Aznar, Mikel Garnacho, Arkaitz Amenabar (entrenatzailea), Ander Eizagirre, Damien Kelly, Manex Etxeberria, Julen Callejon, Eneko Brosa, Ander Egaña, Oier Moreno eta Ander Melendez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!