Memoria eta bizikidetza ulertzeko modu ezberdinak

Xabier Lasa 2019ko api. 26a, 11:40

Urigainen antolatu zuten bizikidetza eta memoriari buruzko gogoeta.

Elkarbizi taldeak, Oreki fundazioarekin elkarlanean, 2019ko hitzaldi eta tailer zikloari hasiera eman dio. Martxoaren 30ean foroa antolatu zuten Urigainen, ‘Bizikidetzaren aldeko memoria’ izenburupean.

Euskal Herrian hainbat elkarte ari dira lanean, hausnarketak eta proposamenak plazaratuz. Batik bat, ETAk jardun armatua amaituz geroztik hartu dute indarra eta protagonismoa. Asko dira eta nork bere ikuspegia agertzen du, konplexua den gai baten inguruan. Maiz ez dute bat egiten hainbat kontzeptuen gainean: iraganarekiko oroimen kritikoa, ETAren eta estatuaren biolentziei eman beharreko tratamendua, biolentziaren legitimazioa eta desligitimazioa, biktimei zor zaien egia eta justizia, biktimen gizarte funtzioa, etorkizunerako irakaspenak, zer da bakea eta zer bizikidetza…

Azalpenak eta parte hartzea

Ordu erdiko mintzaldia egin zuten bost elkarteetako ordezkariek. Eta ondoren, entzuleen txanda heldu zen. Pertsona askok altxatu zuten eskua parte hartu nahian, baina moderatzaileak ezin izan zien denei aukera eman, denbora faltagatik. Gogoan elkarteko Ariztimuñok Andoainen iraganean gertatutako hainbat pasarte hartu zituen gogoan; mahaikideak eztabaidarako jartzen ari ziren gai eta kontzeptuak orokortasunetik konkretura jaitsi nahi izan zuen, eta horrek zenbait entzuleren iritziak eragin zituen, hain zuzen.

 

“Giza eskubideen urraketa berberei eskubide berberak dagozkie"

JON MOÑUX - ARGITUZ

Gipuzkoako udalerri askotan, tarteamn Andoainen, memoria txostenak landu ditu, herri mailan gertatu izan diren giza eskubideen urraketen erregistroa eginez.

• “Egia guztiak biltzea da gure irizpide nagusia, alegia, motibazio politikoa duten indarkeriazko gertakizun guztiak: erailketak, torturak, bahiketak, estortsio ekonomikoak, mehatxuak, jazarpenezko biolentziak… ETA, CCAA, BVE, GAL, gerra zikina edo polizien gehiegikeriak eragindakoak. Ekiparaziorik, ekidistantziarik eta jerarkiarik ezarri gabe”.

• “Giza eskubideen adierazpen unibertsala da gure erreferentzia, esparru teorikoari dagokionez. Batez ere bere printzipioetako bat gurea egiten dugu: giza eskubideen urraketa berberei eskubide berberak dagozkie, diskriminazio ezaren printzipioari jarraituz; berdin dio nor izan zen urraketaren eragilea”.

• “Abiapuntua guretzat 1956an dago, frankismoak lehen salbuespen egoera ezarri zuenetik, eta frankismo berankorrarekin, trantsizioarekin eta demokraziarekin jarraitzen du. Hots, 1956tik hasi eta gaur arte. Ikerketa bat egiterakoan, antolakuntzaren eta metodologiaren aldetik egokia da oroimen historikoa eta oroimen hurbila bereiztea”.

• “Arlo juridikoari buruz, nazioarteko hainbat doktrina hartze ditugu kontuan, biktima kontzeptuaz eta haien eskubideaz nazioarteko legediak jasotzen dituena, eta baita Espainiako estatuko eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko legedia ere”.

• “Metodologiari dagokionez, motibazio politikoko gertakizun guztien kronologia egiten dugu, herri bakoitzeko dokumentuak eta testigantza eta iritzi pertsonalak bilduz, zinegotziak edo zinegotzi ohiak, biktimak, kultur eta gizarte mailako eragileak, preso ohiak… Aniztasuna bermatzen saiatzen gara, baina gure asmoa ez da inkesta soziologikoa egitea”.

• “Herriz herriko txosten horiek ez dira biktimen eta urraketen zerrenda soil bat. Gertatu denaz hausnartzeko eta oroimen hurbilari ekarpena egiteko tresna da”.  

• “Iraganetik irakaspenak ateratzea da helburua. Alegia, iragana ahaztu gabe, ibilbide eta pentsaera ezberdineko herritarren artean memoria partekatzen saiatzea da giltzarria”.

• “Herriz herri lantzen ditugun txostenen amaieran, zenbait iradokizun planteatzen ditugu. Besteak beste, honakoak: biktima guztienganako aitortza bideratzeko ekimenak sustatzea; biktimen arteko hurbilketa prozesuak garatzea; txostenaren inguruan eztabaida irekitzea herriko esparru ezberdinetan; egiaren bila gehiago sakontzea, datuak ikertuz eta txostenaren mugak gaindituz; transmisioa bermatzea, gazteei zuzendurikoa lehenetsiz; hezkuntzarako plan berariazkoak eratzea, ikastetxeekin bat eginik; Oroimenaren eta Bizikidetzaren arloan elkarlanerako topalekuak sustatzea, kontseilu edo foroak eratuz, gizarte eragile, biktima eta udal ordezkarien artean”.

 

“Komeni da Andoainen bizi izan zen izuaren giroa gogoratzea, Euskadiko beste herrietan bezala”

EUGENIO - ARIZTIMUÑO GOGOAN

Gesto por la Paz-eko kideek osatzen dute, batez ere. Indarkeriaren deslegitimazioa bilatzen dute.

• “Komeni da Andoainen bizi izan zen izuaren giroa gogoratzea, Euskadiko beste herrietan bezala. 1990eko azken urtetan eta 2000ko hasieran izan ziren bost gertakari ekarriko ditut hona, kronologikoki. Lehena: Jarrairen panfleto batek zioen: “kontuz txibatoak, Munipa kolaboratzaileak. Jelkidez jantzitako zipaioak, sasi ezkertiar azpi-sugeak. Estatu zapaltzaile terrorista hau sustengatzen ari zarete”. Bigarrena: Andoaingo HBk publiko egin zuen idatzia, non zinegotzi emakume batengatik zioen azalez aldatzen zuen suge politikoa zela. Hirugarrena: panfleto mehatxagarria, diana batek inguratutako zinegotzi irudi batekin eta Euskal Herritik aldegiteko eskatuz. Laugarrena: Andoaingo bizilagun bati bidalitako idatzi anonimoa, Gesto por la Pazen ekitaldietan parte hartzeagatik “ezustekoa” eduki dezakeela gogoratuz. Eta bosgarrena: maiatzaren 8an, Andoaingo kaleetan zehar ikusitako pintadak. Kale Berriko atzealdean bi topatu nituen: “Foro de Ermua, hijos de puta” , “ De Lacalle jodete asesino”. Plazaolako atzealdean, berriz, beste batak hala zioen: “Jose Luis Lopez de Lacalle, jodete, ETA herria zurekin. Presoak gose greban, elkartasuna. Giza eskubideak non daude?”. Ez ziren 24 ordu pasa hil zutenetik”.

• “Oroimen duina aldarrikatzeko, ezinbestekoa da erantzukizunak identifikatzea eta bereiztea, eta baita, nor den biktima eta nor ez. Biolentzia, batez ere, ETAren terrorismoak ekarri du. Sufrimendu handia eragin du”.

• “ETA diktaduraren testuinguruan jaio izanak ez du justifikatzen bere ibilbidea. ETAren ekintzen erantzukizuna bere kideena da soilik, libreki erabaki baitzuten biolentzia praktikatzea". 

 

“Gizarte zibilak izan behar du bake eta bizikidetza dinamikaren bultzatzaile nagusia”

AGUS HERNAN - FORO SOZIALA

Elkarte, sindikatu eta norbanakoek osatutako kolektiboa da. Desberdinen arteko elkarrizketarako espazioa izateko jaioa da. 

• “Iñaki Arrizabalaga biktimak dioen bezala, mikro kontakizunekin egin beharko dugu aurrera, eta eraiki denok partekatu dugun espazioa, denok gustura sentitzeko moduan. Bost osagai beharko dira: 1.- Bakearen eta giza eskubideen oinarritutako etorkizun baten aldeko konpromisua; 2.- Gertatu den guztia jakitea eta mahaian jartzea; 3.- Kontakizun guztiek entzun behar dira; 4.- biolentzia praktikatu edo babestu duten eragile guztiek irakurketa kritikoa egin behar dute; 5.- Biktimak gustura egon behar dute espazio horretan”.

• “Oroimenean gaian, bi errealitate daude. Batetik, jadanik 22 udalerrietan ezberdinen arteko elkarrizketak sortzeko espazio edo foroak abian jarri dira, eta zenbaitetan agiriak kaleratu dituzte. 

• “Gizarte zibilak izan behar du dinamika horren bultzatzaile nagusia. Eta horretarako auker asko daude: 1.-Andoainen eta beste 22 udaletxetan abian jarri diren dinamiken antzekoak indartuz, eta ezberdinen arteko espazioetatik eraikiz. 3.- Beste eskarmentutatik ikasiz, nahiz eta geuk geure etorkizuna eraiki behar dugula jakin; 4. Alderdi politikoen oroimenaren eta bizikidetzaren ponentzian sakonduz”. 

• “Atzera begiratu behar da atzeranzko ispiluarekin, baina aurrea begiratuz. Eztabaidei irtenbidea topatu behar zaie, ez gara korapilatu behar bidean. Kontsentsuak topatu behar dira politika publikoak egingo dituztenekin, alde politikoekin alegia. 

• “Belaunaldi gazteen artean dagoen ahazturak kezkatzen gaitu. 

 

“Irizpide politiko eta ideologikoak etikaren gainetik jartzen dira”

PATXI MEABE - ETIKER

Setien gotzainaren inguruan eratutako Etikarte Fundazioarekin du harremana.

• “Ez da gauza berbera eragindako mina eta samina aitortzea, eta, eragindako min eta samin injustua aitortzea. Iruditzen zait sarkastikoa dela nork bere burua biktima irredento gisa aurkeztea, iraganean indarkeria ilegitimoa babestu eta justifikatu duenean; edo eta, hirugarren munduan gertatzen diren indarkeriaren aurkako adierazpenak egitea, eta aitzitik, begiak ixtea gauza berbera gertu-gertu eduki dugunean”.

• Zoritxarrez, ikusten ari gara Gasteizko Legebiltzarreko ponentzian guztiek ezin dutela onartu iraganean ez zela arrazoirik egon terrorismo politikoa praktikatzeko. Irizpide politiko eta ideologikoak etika humanistikoaren gainetik jartzen dira”.

• “Ezeren gainetik, argi adierazi behar da gertatu dena ezin dela errepikatu. Pertsonen duintasuna eta bizitzeko eskubidea edozein ideien gainetik daudela.

 

"Memoriari dagokionez, Nafarroan ikuspegi murriztailea izan da"

JUANA GARCIA - ZABALTZEN

Nafarroako ikuspegitik ari dira lanean. 

• "Nafarroan sustrai politikoa duen biolentziari lotutako desmemoria egon da historian zehar. Demokrazian bi biolentzia mota izan dira, ETAk eta eskuin muturrak eta estatuko funtzionarioek eragindakoa. Aldi berean, bi ikuspegi murriztaile egon dira: soilik frankismoko biolentzian sakondu nahi duena, eta soilik ETAren biolentzian sakondu nahi duena”.

• “Frankismoa eta demokrazia bizi izan ditugun belaunaldiak nolatan ez gara eraildakoen alargunak edo seme-alabak eta horien hiltzaileak identifikatzeko gai izan?
Hona Nafarroan desmemoria eragin duten zenbait arrazoi: 1. Giza faktorea: sufritu zuten familiek beren oinordekoak babestu nahi izan zituzten;
2. Herriz herriko errepresioan makina bat herritarrek hartu zuten parte, gizarteari deserosoegia egin zitzaion atzera begira jartzea;
3. Biktima gehien zeuzkaten PSNk eta UGTk ez zuten parte hartu trantsizioan piztu zen mugimendu memorialistan”.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!