Hauteskunde Orokorren biharamunean egonik, zein analisi egiten duzu? Estatu mailako eta udalerriko emaitzak ikusita, zein da zure balorazioa?
Gure datuak onak izan dira, baina datu guztiak erlatibizatu egin behar dira. Kongresurako hauteskundeetan botoa ez da hain finkoa, eta herritar askok botoa hauteskundearen arabera erabakitzen du. Parte hartze handia izan da, eta jeltzaleekin parez pare egon gara. EH Bilduk, orokorrean, emaitza onak lortu ditu lurralde guztietan. Azkar batean, horixe nire analisia.
Zure azken egunak dira alkate lanetan. Nola bizi duzu egoera hori?
Udaletxean sartzen naizenean hemengo zereginetan murgildu eta ez naiz galdetzen didazunaz horrenbeste jabetzen. Azken plenoa deitzea falta zaigu, eta pleno hori prestatzen gabiltza. Udaletxetik ateratzean, gertukoen eta lagunen artean egoeraz kontzientzia hartzen noa. Hilabete eta erdi geratzen da agintaldia amaitzeko.
Bi marka hautsiko dituzu: Perez Gabarainek urte asko pilatu zituen alkate bezala, agintaldi ezberdinetan zehar. Baina inoiz ez da alkate modura zortzi urtez jarraian aritu. Aro bat osatuko duzu.
Zortzi urte dira, bai. Baina ez pertsona bakar baten inguruan, proiektu politiko baten inguruan baizik. Bi agintaldietan jarraian herritarren onespena jaso dugu, hori nabarmentzea oso garrantzitsua da. Talde bat gara, eta neu talde horren buru ari naiz.
Bi agintaldietan emakumea alkatetzan. Eta ez dira gutxi zinegotzi diren emakumezkoak. Gizarteari begira emakumeen ikusgarritasun hori lortzea beharrezkoa zen.
Garrantzia handia ematen diot horri. 40 urte bete dira demokrazia garaiko lehen alkateak izendatu zituztenetik. Urteurreneko ekitaldi hartan alkate izandako lau emakumezko besterik ez ziren agertu. Oraindik ere bide luzea egiteko dugu. Emakume bat aginte postuan egotea, neu izan edo beste emakume bat izan, garrantzitsua da. Azken agintalditan emakumezko asko egon dira zinegotzi lanetan. EH Bilduko lehen agintaldian, esaterako, zazpi zinegotzietatik bost emakumezkoak ginen. Eta agintaldia sei emakumerekin amaitu genuen.
Garai batean Perez Gabarainekin edo Amutxastegirekin gertatzen zen fenomenoa zuregan errepikatzen ari dela nabari dut. Kalean zoazela hango eta besteko herritarrak hurbiltzen zaizkizu. Duela zortzi urte ez zinen hain ezaguna, eta orain aldiz kalean geratzen zaituzte. Alderdiaren marka hori gainditu eta denen alkate bilakatu zarela esango zenuke?
Urteen poderioz erreferente modukoa bilakatzen zara, eta diozun hori maiz gertatzen ari zait. Eskaeraren bat egiteko, zerbait jakinarazteko edota besterik gabe hitz egiteko hurbiltzen zaizkit herritarrak. Jakin badakit horiek guztiak ez direla nire botu-emaileak. Herritar horientzat gertuko harremana izatea garrantzitsua da.
Zure ibilbidea aztertzen hasita, zer nahiago duzu: Zortzi urtez alkate izan zarela adieraztea? Ala bi agintaldian aritu zarela esatea? Ezberdina baita.
Ez dut inoiz horrela planteatu. Denera, maila pertsonalean zortzi urte izan dira. Baina egia da bi agintaldi oso ezberdinak izan direla, eta programaz edota udal jardueraz ari naizenean askotan bereizten ditut lehen agintaldia eta bigarren agintaldia.
2011ko argazkiekin alderatuta, argazki horietan oso gazte nabari zaitut. Desgaste handia al da alkate izatea?
Bai, desgaste handia da. Oso gauza positiboa da alkate izatea, eta nire iritziz alkate gisa jardutea guztiz gomendagarria da. Loari orduak kendu behar zaizkio, hori bai, 24 orduko lanaldi modukoa baita. Opor garaian ere telefonoa gertu eduki behar izaten da.
Egia da, bestalde, behin dinamika hartuta, karguari neurria hartu niola. Baina ardura handia dela aitortu behar dut.
Udalgintzan sartu zineten 2011n. Lehen pauso horiek, gaurko ikuspegiarekin, nola gogoratzen dituzu?
Inozentzia apur batekin. Testuinguru politiko zailean iritsi ginen udalgintzara, gure hautagaitzak azken ordura arte kolokan izan zirelako. Ni ez nintzen militantzia politiko handiko pertsona izan, eta udalgintzarekin nuen harremana oso oinarrizkoa zen. Beraz, 2011ko garai hartatik, inozentzia hori eta genuen ilusioa gogoratzen ditut.
Beste modu batera ezinezkoa litzateke, bereziki udalgintzara sartu ginen modua kontutan hartuta. Krisi ekonomikoak bete-betean harrapatu gintuen, ezker abertzalearen legez kanporatzeak eragin zuzena izan zuen egitura guztietan. Bilduk eduki zezakeen egitura deseginda zegoen, eta zerotik abiatu behar izan zen.
Udalerri askotan egoera antzekoa izan zen. Gaurko ikuspegiarekin eta pilatu dugun esperientziarekin, hasierako garai haiek gogoratzen hasi eta “ene!” modukoa ateratzen zait. Administrazioari buruzko ideia gutxi genuen, eta egoera ekonomiko oso oso larria aurkitu genuen. Zailtasunei aurre egiten xahutu genuen gure ilusio eta indar guztia. Nekagarria izan zen. Baina aldi berean esperientzia handia metatu genuen. Ikasketa prozesu oso handia izan zen.
2015ean agintea berriro hartu zenutenean baliatu zenutena, bestalde.
Zulueta, Mujika eta Alberro ardura postuetan murgildu ziren. Sendo, gainera. Taldea osatu genuen, eta denon ekimenari esker gure lana biderkatu egin da.
Aipa ditzagun hainbat egitasmo zehatz. Horietako bat hondakinen kudeaketa da. Bosgarren edukiontzia errotuz doa eta errefusarako txipa duen edukiontzia txertatu duzue. Aparteko zalapartarik gabe, dirudienez.
Herritarrek dagoeneko ulertzen dute zein den dinamika, eta ingurumenarekiko kontzientzia geroz eta handiagoa da. Herritar askok normaltzat hartu dituzte aldaketak. Hobetzeko gauzak baditugu, noski. Poltsa egokia erabili behar da organikoa bereizteko garaian. Eta poltsa edukiontzi barruan
sartzeko ahalegina egin behar da.
Eskualde mailako garapen agentzia. Zergatik kostatzen da hainbeste martxan jartzea?
Lehenik eta behin, maila politikoan, ordezkaritza anitza duen sei herrialde direlako. Hortik abiatuta erakunde berria sortu behar da. Ezeretik sortu behar da, gainera. Denbora honetan guztian zehar legedia aldatu egin da, eta udalaz gaindiko erakundeak sortzeko arauditegia asko zorroztu da.
Erakunde horri zein egitura eman, lantalde batekin hornitu, erakundea antolatzeko forma juridikoa eta teknikoa eman... horiexek dira egitasmoa luzatzeko arrazoi nagusiak. Agentzia sortzeko bidean utziko dugula espero dut.
Azpikolako harrobia. Azken sententzia Udalaren aldekoa izan da. Garaipen pertsonal modukoa al da?
Ez, inondik inora. Udal erakundearen garaipena izan da. Josetxo Maraña Udal idazkariak egindako lana nabarmendu behar da. Juridikoki Udalaren eta herriaren interesak defendatzeko lan sakona egin du. Guk gure programa politikoan Azpikolan egitasmorik ez abiatzeko promesa egin genuen. Horrela idatzita oso ondo dago. Baina gero hori juridikoki landu egin behar da. Alkatetzan sartu aurretik ez genekien zenbateraino zegoen egitasmo hori landuta.
Sententzia Udalaren aldekoa izan bada, meritua Udal idazkariarena eta berarekin batera lanean aritu diren teknikari guztiena da.
Arrate pilotalekuan eraldaketa handia izan da.
Poz handia ematen dit Arrate nola geratu den ikusteak.
Frontoian, ordea, ezustekoak izan dira.
Aurreikuspenak ez dira bete, bereziki Arrateko planoetan agertzen zenaren eta benetan zegoen materialaren artean alde handia zegoelako. Frontoiaren paretak eta zorua ez ziren uste bezain sendoak. Eta frontoiko lana egin ahal izateko Arrateko azpialdearen oinarria sendotu behar izan da. Hori dela eta, gaikaldea eta behekaldea batera konpontzea ezinezkoa izan da.
Behin lanak amaituta, bada azpimarratu nahi dudan xehetasuna. Legeak dioenaz harago joan eta irisgarritasun mailako neurri asko hartu ditugu. Gormutu, itsu eta bestelako ezintasunak dituztenentzat egokituta dago. Alor horretako adituek egindako lanagatik zoriondu gaituzte.
Bizikidetzan urratsak eman dira. Duela sei urte edo Aiurrin Errenteriako bizikidetza egitasmoa eredutzat hartu zenuen. Argituzeko txostenaren aurkezpenean alde guztietako biktimak elkartzea lortu zen. Udalaren lorpen modura bizi izan duzue hori?
Oso garrantzitsua izan da. Urte batzuk atzera ezinezkoa zirudien. Denontzat prozesu modukoa izan da, prozesu pertsonala. Hitz egiterakoan, hitzen erabileran... prozesu dinamikoa eta interesgarria izan da. Gatazkaren harira hitz egitea eta iraganeko min horiek leuntzea garrantzia handikoa da. Elkartasunaren eta enpatiaren ikuspegitik, iazko abenduko ekitaldia garrantzia handikoa izan da.
Udaletxean sartu zinenetik zure izaera feminista aldarrikatu duzu. Mugimendu horrek, hain justu, azken bi urteetan bultzada handia ezagutu du. Etorkizuean mugimendu horretan burubelarri ikusiko al zaitugu?
Lehenik eta behin, agintaldia amaituta, atseden hartzen utzidazu. Oso gazte nintzela feminismoarekin sentsibilizatu nintzen. Gakoa norbera boteretzea da, bizitzaren arlo guztietara eraman behar dena. Aldea dago: Ez da emakumea izatea, feminista izatea baizik. Nire joera ez da berria, baina poztekoa da gazteen artetik datorren bultzada berria.
Etorkizunaz ari garela, zure lan bizitza nondik nora bideratuko duzu?
Atseden hartu nahi dut, lehenik eta behin. Nire ibilbidea kirolarekin lotuta egon da beti, eta kirolaren mundura bueltatzeko asmoa daukat.
Udal politikagintza uztera zoaz, baina oso aktibo ikusten zaitugu Andoni Alvarezen aldeko hautes zerrendan.
Erreleboa emateko hortxe izango naiz. Ikasitako guztia gure egitasmoari eskaini nahiko nioke. Kostata eta halabeharrez, udalgintzari buruz asko ikasi dugu, eta hori besteen esku uztea dagokigu orain. Behar dutenerako alboan izango naute.
Faltan botako duzu Udaletxeko erritmoa eta dinamika?
Egoera horretatik pasa direnek horixe adierazi didate, baina nire kasuan ez dut uste horrela izango denik. Agintaldia bukatu eta oporretara noa, eta ondoren uda dator. Beraz, distantzia hartzeko denbora tartea izango dut.
Zer ikasi duzu denbora tarte honetan?
Kirol mailatik nator, eta mundu horretan kudeaketa oso estua da. Baliabide gutxi daude eta baliabide horiei zukua atera behar zaie. Denetik egin beharra dago. Nire kasuan, esaterako, sekula ez nuke pentsatuko ogasun arloari gustua hartuko nionik. Arlo ekonomikoa, eta ez bakarrik Udalekoa, oso interesgarria egiten zait.
Eta, bestetik, oso interesgarria da hirigintza arlo sozialaren ikuspegitik lantzen denean.
Zer aldatuko zenuke zure ibilbidean, aukera izango bazenu?
Hainbat gauza hobeto egin zitezkeen, ez dugu beti asmatu. Erabakiak hartu behar dira askotan, eta egindako akatsak hurrengoan hobeto jokatzeko baliagarriak izan dira.
Zure alderdikoak ez diren beste ordezkari politikoekiko zein oroitzapen gordeko duzu?
Denetik egon da denbora tarte honetan. Udalgintzan arlo politikoa eta pertsonala dago, eta orokorrean jendeak hori bereizten badaki. Borroka politikoa ez da pertsonala, eta hori barneratzea eskertzekoa da. Agintaldi hau askoz errazagoa izan da, alde horretatik. Aurrekoa askoz zailagoa izan zen.
Denok ere ikasi dugula esango nuke.