"Vitoria, 3 de marzo" filma Basteron ikusgai

Xabier Lasa 2019ko mai. 10a, 14:36

Andoainen asteburu honetan estreinatuko da “Vitoria, 3 de marzo” filma. 1976ko egun hartan poliziak erail zituen bost langileren inguruko gertakizunak islatzen dira, fikzioaren bidez. Larunbatetik astelehenera ikusgai dago, ohiko ordutegian.

Lan baldintza hobeak eskatuz Gasteizeko milaka langile greba mugagabea burutzen ari ziren 1976ko martxoan, eta testuinguru hartan, hilaren hiruan Zaramaga auzoko San Francisco elizan bildu ziren, asanblada egiteko asmoz. Poliziak bortizki erantzun zien, eta ondorioz, bost langile erail eta ehunka zauritu eragin zituen.

Aurrez, mugimendu asanbleario sendoa sortua zen Gasteizen, eta errealitate hori kezkagarria egin zitzaion Franco hil ostean oraindik agintzen ari zen diktadurari. Langile mugimendu hori estatu osora zabalduko ote zen beldur zen gobernua, eta errepresio latza erabiliz erantzun zion. 

Pelikulak Begoña gaztea du protagonista nagusia, eta bere begietatik deskibatzen dira Gasteizko hiria erabat aztoratu zuten gertaera haiek. Begoña ez ezik, baita bere lagun-mina eta bere familia gatazkaren erdian murgilduko dira ezinbestean, eta euren bizitza betirako markatuko duen erabakia hartu beharko dute.

Filma maiatzaren 1ean estreinatu zen, eta orduz geroztik jaso dituen kritikek azpimarratu dutenez, bete-betean asmatu du errekreazio historikoari dagokionez. Ordu eta erdiz ikuslea entretenitzeko gaitasuna edukitzeaz gain, beste bi bertute onartu zaizkio filmari. Batetik, geure hurbileko historian gertatu zen atal mingarri bat gogorarazten digu. Eta bestetik, mahai gainean jartzen du demokraziak frankismoari eskaini izan dion inpunitatea. Izan ere, nazioartean ezarrita dagoen egiaren, justiziaren eta kalte-ordainaren aldeko printzipioa ez da aplikatu Franco hil osteko berrogei eta gehiago urtetan ez Gasteizen ezta ere gainerako giza eskubideen urraketekin. Biktimek estatuko zein Argentinako epaitegietan errudunen aurkako salaketak jarri dituzte azken urtetan.

"Vitoria, 3 de marzo" | BASTERO

  • Larunbata, 11: 19:30, 22:00.
  • Igandea, 12: 19:30.
  • Astelehena, 13: 19:30; 22:00.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!