La Salle-Berrozpek ereserkia estreinatuko du

Xabier Lasa 2019ko mai. 10a, 13:20

La Salle-Berrozpe ikastetxearen ereserkia aurkeztu zuten joan den asteazkenean. Joxe Mari Oiartzabal da doinuaren sortzailea eta Joxeramon Berrondo hitzena. Kale Txikiko jaietan estreinatuko da ereserki berria, “La Salle-Berrozperi goraipamen edo omenaldia egin nahi dio Gora Kaletxiki txarangak kontzertu batekin, era horretan”.

Ikastetxean egin zen aurkezpen ekitaldian bertako irakasle, ikasle eta gurasoek hartu zuten parte, egileez gain.

Ikastetxeko gerentea den Jon Iartzak esan zuenez "polita da kanta, eta ikastetxearen komunitatea osatzen dugun kide guztiak pozik egoteko moduan gara".

Berrondok adierazi zuen ikastetxearenganako aitortzak eta eskertzak bultzatuta osatu dutela ereserkia Oiartzabalek eta biek. “Aitortza, ikastetxe honek balorean jartzen laguntzen duelako Andoaingo herria, ez bakarrik hezkuntza eskaintza 2 urtetik 23 urte bitarteko ikasleei egiten dielako, baita ere beste hainbat balore lantzen dituelako, anitz garrantzitsuak. Azken horietatik, aipa ditzakegu, besteak beste: Izartxo aisaldi taldea, egunduko lana egiten baitu umeak sozializatzeko; Kanpezuko kanpaldia udako aisialdi egunak primeran igarotzeko; edo eta, familia eguna, ikas komunitate osoa lotzeko ezinbesteko ekitaldia bihurtzen dena”.

Eskertzari dagokionez, Berrondok zera gaineratu zuen: “Musikari bezala, Gora Kale Txiki txaranga oso eskertuta sentitzen gara La Salle-Berozperekin. Aspalditik sentitu ere eskertuta. Izan ere, gure txaranga Berrozperen gerizpean sortu zen orain 16 urte. Eta geroztik ere ikastetxea beti azaldu zaigu eskuzabal, beti eman dizkigu erraztasunak edozertarako. Azken urte honetan, gainera, larri ibili gara, bapatean entsaiatzeko egoitzarik geratu garelako. Baina ikastetxera hurbildu bezain pronto, bere arduradunek ateak ireki dizkigute. Holako jarrera topatzen den lekuan, nola ez sentitu eskertuak!”.

Berrondok eta Oiartzabalek doinuaren inguruko xehatasunak eman zituzten. “Modu menorrean hasten da, musikarientzat gertutasuna eta goxotasuna adierazten du era horrek. Gero, lehenbiziko estrofan modu mayorrera pasatzen gara, alaitasuna eta indarra transmitiu nahian. Eta segidan, modu menorrera itzultzen da berriro. Azkenik, bigarrengo estrofaren eskutik, amaiera indartsua ematen zaio, esanez gustura gaudela ikastetxean”.

Letra xumea daukala doinuak aitortu zuen Berrondok. “Ereserki batek xumea behar du izan, bestela buruan eta oroimenean ez da geratzen. Hitz eta esaldi xinpleak bildu behar dira, baina atzean esannahi handia daukatenak”.

Hona letra osatzen duten bi bertsoen mamia:

Andoaingo herriak / badauka altxorra / ikaslek hezitzeko /estalpe ederra / La Salle Berrozpe da / baloreak lantzeko / eraikia dena.

Betidanik eskolan / pertsonak hezitzen / bakoitzari lagunduz / arreta eskeintzen / familia ederra / dugu guk osatzen / La Salle Berrozpen / gure eskola!

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!