Berrikuntzekin dator Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

(Ezkerretik eskuinera) Patxi Baztarrika, Estibalitz Alkorta eta Ainara Rodriguez.

Aurrerantzean bi sari banatuko dituzte: "Kazetaritza Saria" eta "Komunikazio Saria". XXXI. edizioa beteko du aurten Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak.

Goizean izan da XXXI. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren (RAKS) aurkezpena Eusko Jaurlaritzak Donostiako Andia 13 kalean duen egoitzan. Bertan izan dira Ainara Rodriguez Andoaingo Udaleko alkateordea, euskara zinegotzia eta RAKS-eko epaimahai burua; Patxi Baztarrika Andoaingo Udaleko euskara teknikaria eta RAKS-eko epaimahaiko idazkaria eta Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako HPS-ko Euskara Sustapeneko zuzendaria. Helburua euskarazko kazetaritzaren eta komunikazioaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea da.

Berrikuntzekin dator RAKS aurtengoan bai edukiari bai formari dagokionez. Lehen berrikuntza da bi sari egongo direla. Bata urteroko "Kazetaritza Saria" deitutakoa, eta berria "Komunikazio Saria". Andoaingo Udaleko euskara zinegotzia den Ainara Rodriguezek azaldu duenez, "Kazetaritza Saria" berriemailetzaren eta kazetaritzaren ezaugarri eta irizpideei estuki lotua dago, eta Komunikazio Sariak euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrietara egokitzeko bidean egindako urrats esanguratsuak eta berritzaileak sarituko ditu". Edozein euskarritako lanek izango dute saria eskuratzeko aukera, hala nola prentsa idatzia, irratia, telebista, Interneteko agerkari digitalak... gehitu du.

Euskarazko kazetaritza sendotzeari garrantzia ematen diotela dio Rodriguezek. "Betiko prentsa, irrati eta telebistaren ondoan, edozein eratako gailu erabiltzen ditugu gaur informazioa eta entretenimendua eskuratzeko, eta horiek guztiak euskaraz izatea ezinbesteko dugu". Horri loturik, sare sozialetan, webguneetan, publizitatean eta Interneten komunikazio jardunak euskaraz sortzea eta euskarazko eskaintza hedatzea ezinbestekoa dela azpimarratu du. "Euskaraz bizi nahi dugulako, indartsu ikusi nahi dugu euskara hedabideen eta komunikazioaren mundu gero eta zabalagoan".

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren oinarriak

Patxi Baztarrikak azaldu ditu RAKS-en oinarriak. “Kazetaritza Sariari dagokionez, 2019ko urtarrilaren 1etik irailaren 15era arteko tartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu diren kazetaritza-lanek izango dute saria eskuratzeko aukera. Eta Komunikazio Saria eskuratzeko aukera izango dute, euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailetzat jotzen direnek. Betiere, 2019ko urtarrilaren 1etik irailaren 15era bitartean euskaraz sortu, ekoitzi eta, kasua bada, zabaldutako komunikazio ekintza bat, komunikaizo proiektu bat edo komunikazio proposamen bat izan  beharko du nahitaez". Bi kasuetan saria 9.000 eurokoa da, eta diruaz gain, Xabier Lakak Sarirako berariaz egindako irudi artistikoa ere eskuratuko dute.

Beste berrikuntzetako bat zera da, finalisten hautaketa. Aipaturiko sari bakoitzerako, gehienez ere, lau finalista aukeratuko dira, orotara zortzi. Finalista horietatik bi saridun irtengo dira, bata Kazetaritza Sariaren irabazlea eta bestea Komunikazio Sariarena. Gainontzeko sei finalistek ere jasoko dute Xabier Lakak Rikardo Arregi Kazetaritza Sarirako sortutako irudiaren serigrafia.

Epaimahaia zazpi lagunek osatuko dute: Jose Inazio Basterretxea (UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea), Itxaro Borda (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Aingeru Epaltza (idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea), Maite Goñi (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua), Elixabete Larrinaga (UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea), Ion Muñoa (Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea), eta Jon Sarasua (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua). Mahaiburua Ainara Rodriguez izango da eta idazkaria, berriz, Patxi Baztarrika.

Lanak aurkezteko epea irailaren 15ean amaituko da eta posta arruntez edota helbide elektronikoz bidal daitezke: raks@andoain.eus

Finalisten berri azaroko 4ko astean emango da, eta irabazleak azaroaren amaieran emango dira jakitera Bastero Kulturgunean ospatuko den sari banaketako ekitaldian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!