Zorionak Jon! Aurkari onenaren aurka irabaztea lortu duzue. Nolakoa izan da partida?
Partida gogorra izan zen, APOEL aurkari ziala baita. Ligako onena da, ez alperrik azken urteetan Ligako irabazlea izan baita. Hamargarren minutuan aurretik jarri ginen markagailuan eta orduan abantailari eusteko gogor hasi ginen lanean. Defentsa ona egin genuen, eta ondoren iritsi zen bigarren gola. Sufrituta, baina garaipena lortu genuen azkenean.
Balentria handia zuena...
Denboraldi hasierako erronkak bete ditugu. Helburua Europako lehen kanporaketetara sailkatzea zen, eta hori Ligan lortu genuen. Kopa lortzea zen beste helburua, klubak 30 urte baitaramatza Kopa irabazi gabe. Lortu genuen, eta pozarren gaude. Egun batzuk beharko ditugu lortu duguna asimilatzeko.
Eta orain zer? Zer moduzko harrera egin dizuete zaletuek?
Atzo Kopa irabazita, denboraldia amaitu da. Gaur jai dugu, eta bihar ospakizun ofizialak egingo ditugu gure zaletuekin, futbol zelaian bertan. Atzo halere festa ikusgarria izan zen, hiriburua iristean jendetza zain genuelako. Autobus batean erakutsi genien kopa zaletuei, ibilbide arriskutsua izan zen une batzuetan, baina merezi izan zuen. Selekzioko azpitaldeetan lortutakoez gain, hauxe da nire lehen titulua. Ospakizun hauek bizitzea ikaragarria da niretzat.