Apirilean, Zumea plazako apustu etxearen irekierarekin batera, negozio horren aurrean hainbat kartel agertu ziren. Gutxi iraun zuten zutik, apustu etxeko langile batek gauean bertan kendu zituelako. Aste batzuk igarota, Andoaingo hiru herrikidek epailearen aurrean deklaratzeko agindu bana jaso zuten. Horren aurrean, astearte arratsaldean asanblada irekia deitu zuten. Salaketa jaso duen herrikideetako batek egoera zein den azaldu zuen: “Gaiarekin kezka genuen. Gazteen artean ludopatia, familia hausturak... arazo handiak sortzen ari dira. Real Sociedad taldekoek galdeketa egin zuten bazkideen artean, apustu etxeen inguruko publizitatea jarri edo ez erabakitzeko. EITBk dagoeneko iragarri du ez dituela apustu etxeen iragarkiak eskainiko. Andoainen kanpaina txikia egitea pentsatu genuen, kartel batzuk jarriz. Helburua gaiarekiko sentsibilizatzea zen. Gure sorpresarako zitazioa jaso genuen, epaitegira joateko, eta zitzazio horretan hiru lagun identifikatuta gaude. Guri inongo momentuan ez digu ez Ertzaintzak ezta inongo poliziak identifikatu. Apustu etxeen kamarak erabili dituzte, eta ezabaian dago kamera horien erabilera. Saiatu gara apustu etxeko jabearekin gaia bideratzen, baina berak ez du nahi izan. Zalaparta aukeratu du, eta guk zalapartarekin erantzungo diogu. Kartel batzuk jartzea ez da delitua. Gure duintasuna defendatzera joango gara. Karteletan ez zegoen ez mehatxurik ezta irainik ere”.
Azalpenak amaituta, eta “Aputu etxeak kanpora” afitxak eskuetan zituztela, bertaratu zirenek argazkia atera zuten.
Hitzaldia ekainaren 10ean
Ludopatia eta adikzioen inguruan, hitzaldia antolatu dute. "Ekintza Bibe" taldearen eskutik, gaiari buruzko argibideak eskainiko dituzte. Urigainen izango da, 18:30ean hasita.