Javi Rodriguez
“Ezin eta ezin ibili gara partidu osoan. Hasieratik 3 edo 4 goleko aldea eta oso zaila jarri zaigu egoera iraultzea. Partiduan zehar noizbait lortu dugu berdintzea Urola, baina berriz ere aurrea hartu digute. Ofizio handiko taldearen itxura erakutsi du gaur Urolak, eta zorindu egin behar zaio horregatik.
Denboraldi bikaina egin dugu, baina azken igoera fase honek erritmo onean iristea eskatzen zigun, eta beharbada hori ez dugu lortu nahi genukeen moduan. Izan ere, lesioa ugari jasan ditugu taldean. Nik neuk bost bat hilabetetan geldirik egon behar izan dut.
Izugarria izan da gaur armailetan ikusi dena. Bagenekien klubak astean zehar kanpaina polita egina zuela Andoaingo zaletuak Allurraldera erakartzeko, gu animtzeko asmoz. Baina ez genuen espero horrenbestekoa. Andoainen halako girorik ez dut inoiz sumatu. Urolak ere jarraitzaile ugari ekarri ditu Andoainera. Armailetan publikoak biziki animatu gaitu, Gora Kaletxiki txarangak ere bere partea jarri du... Aparta izan da Allurralden bizi izan duguna gaur. Pena bakarra, jakina, guk ez irabazi izana izan da, eta batez ere, geure publikoari ezin eskaini izana igoeraren garaipena. Benetan merezia zeukan gaur eskaini digun berotasunagatik. Ea hurrengo denboraldian ere igoera fasera iristen garen!”.
KRONIKA
Igoerarako aukerarik gabe ere, denboraldi bikaina izan da
Senior mutilen mailako Leizaranek ezin izan zuen Urola garaitu larunbatean, eta mailaz igotzeko atarian geratu da, sekulako denboraldia egin arren. Allurraldeko irabazleak igotzeko txartela lortzen zuen, eta Urolak eskuratu zuen, merezimenduz. Leizaran beti joan zen atzetik markagailuan, 19-25ra iritsi arte. Armailetan egundoko festa izan zen, bi taldeek makina bat jarraitzaile erakarri baitzituen. Dizdira handiko finalaren tankera hartu zuen partiduak.