Aniztasunetik agintzeko prest

Jon Ander Ubeda 2019ko mai. 31a, 11:30

Garaipen argia eskuratu zuen EH Bildu alderdiak gainerako alderdi politikoekin elkarrizketak abiatuko dituela iragarri du. Andoni Alvarez Lete alkategaiak gobernagarritasuna lortzeko herriak duen “aniztasuna” kontutan hartuko duela dio.

Bilgunean egin zuten agerraldia, astearte eguerdian, eta bertan Ana Carrere egungo alkatea eta Andoni Alvarez Lete alkategaia izan ziren. Haiekin batera, zinegotzi akta eskuratuko duten Esti Mujika, Jon Zulueta, Garazi Usandizaga, Xabier Fondon eta Julian Lopez.

Andoni Alvarezek eskertza adierazi zuen, igandean jasotako babesagatik. Gobernagarritasuna bermatzeko lanean hasi dela iragarri du, herriak erakusten duen aniztasuna kontutan hartuz: “Andoain herri anitza da. Eta hiru sentsibilitate politiko nagusiak beti lehiatu dira parez pare. Oraingoan aldea nabarmenagoa izan da. Aniztasun hori kontutan izan behar da gobernatzeko”.

“Badugu gobernu programa aurrerakoi bat osatzeko ardura eta gaitasuna: Pertsonen beharretan zentratuta, ezberdintasun sozialak murrizteko pentsatuta dagoena. Aurrerakoia, euskaltzalea, feminista eta ekologista izango dena eta herriak behar dituen inbertsioak aurrera eramateko konpromisoa duena”, gaineratu zuen.

Esti Mujikak hauteskundeen balorazioa egin zuen: “1979tik lehen indarrak atera duen emaitzarik onena da. “Herritarrek EHBilduren kudeaketa eredua babestu dute: eredu partehartzailea, gardena, hurbila eta arduratsua: egin ditugun zuzenketa eta inbertsioak egokiak izan direla baieztatu dute. Andoaindarrek EH Bilduk proposatu duen hautagaitza plurala eta programa erakargarria hautatu dute”.

Garaipen argiaren gakoak

Andoni Alvarez Lete buru den EH Bilduk garaipen argia lortu zuen Andoainen, azken hiru agintaldietako emaitza onena lortuz. 2823 boto lortu zituen (7 zinegotzi), eta bigarren izan zen PSE-EE alderdiari alde handia ateraz (1940 boto, 5 zinegotzi). EAJ-PNV alderdia hirugarren izan da (1680 boto, 4 zinegotzi). Elkarrekin Podemos alderdia izan da laugarren (606 boto, zinegotzi 1) eta PP bosgarren (204 boto).

Gauzak horrela, nagusiki gako hauetan oinarritzen da EH Bilduren garaipena:

• Inoizko emaitza onenak lortu ditu, 2823 botorekin (2112 boto 2015ean, eta 2500 boto 2011n).

• Aldea handitu die aurkariei. PSE-EEri 883 boto atera dizkio (2015ean 225 botoko aldea zen), eta EAJ-PNVri 1143 boto (2015ean 362 botoko aldea zen).

• EH Bilduren botoak abstentziotik, abertzaletasunetik eta ezkerretik eratorri direla ondoriozta daiteke. 2015eko emaitzetatik hona, eta Aldundirako botoen alderaketan ere, EAJ-PNV eta Elkarrekin Podemos botoetan jaitsi dira. Gauzak horrela, demokrazia garaiko hautagai bozkatuena bilakatu da Andoni Alvarez Lete.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!