Burdinaren urteko batzarra Bekaiztegi baserrian

Xabier Lasa 2019ko mai. 30a, 11:38

Goiburuko Bekaiztegi baserrian elkartu ziren Burdinako kideak.

Andoaingo elkarteak egindakoa aztertu eta etorkizuneko erronkei begira jartzeko batzarra egin zuen.

Burdina taldeak urteko batzarra ospatu zuen Bekaiztegi baserrian, joan zen ostiralean. Ekitaldia gogoeta egiteko baliatu zuten. 19 urteko ibilbideari begira jarri ziren, zer eta nola egin den baloratzeko. Era berean, etorkizuna hizpide izan zuten.

Ander Otaño Burdinako kideak adierazi duenez, “Burdinak hasierako espirituari eutsi dio gaurdaino: auzolana oinarri hartuta, han-hemen baztertuta eta sasiak hartuta zeuden ondare historikoak berreskuratzea eta gizartearentzat argitan jartzea, alegia. Aitzurra eskuetan hartuta Andoaingo zenbait boluntariok, 2000 urtean, bertako elementu historikoak –karobiak, errotak, garbitokiak, burdinolak– txukuntzeari ekin zioten. Orduz geroztik, ibilbide luze eta oparoa egin du elkarteak”. Boluntario horiek, gehi bidean batu zaizkienak, nahiz eta arkeologian, historian, etnografian eta beste zenbait giza jakintzatan adituak ez izan, trebatzen joan dira. Eta aldi berean, Andoaingo ikuspegia gainditu eta Tolosaldeko eta Nafarroako makina bat udalerrietarako jauzia eman dute. Burdinak gero eta deia gehiago jasotzen ditu herri horietako udal eta gizarte elkarteetatik, elkarlanean jarduteko proposatuz. Geroz eta zabalduagoa baita ondare historikoa berreskuratzeko gogoa. "Pozgarria da, Burdinarengan konfiantza dagoela adierazten duelako, eta guri lanean jarraitzeko ilusioa handitzen digulako”.

Manu Izagirre eta Alfredo Morazari eskertza

Burdinako kideek azken urtetan elkartera batu diren bi adituei eskertza adierazi nahi izan zieten. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ondare historikoaren sailean teknikari gisa urtetan jardun duen Manu Izagirre izan zen horietako bat. "Aldunditik erretiroa hartu zuenetik, urtetan pilatutako ezagutza eta eskarmentua Burdinari eskaini dizkio, eta miresgarria da erakutsi izan duen jarrera hori”. Aranzadi elkarteko Alfredo Moraza arkeologoa da Burdinako kideek izendatu zuten bigarren pertsona. “azken urtetan burutzen ari garen hainbat proiektuetako  zuzendari teknikoa da, eta horrek gure eginkizuna teknikoki eta metodologikoki sendotu egin du”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!