Agenda 21, eskaeraz beteta

Aita Larramendi ikastola, La Salle Berrozpe, Leizaran eta Ondarreta ikastetxeetako ikasleek hondakinen kudeaketa jorratu dute ikasturte honetan. Maiatzaren 10ean ondorioak udaletxean bertan aurkeztu zituzten, Udal ordezkarien aurrean.

LHko, DBHko eta Batxilergoko ikasleek hondakinen aurrean duten jarrera eta ezagupenak aztertu dituzte, eta praktika onak ezagutzeko aukera ere izan dute. Ez dira horretara mugatu eta azterlana etxeko eremura, herrigunera eta saltokietara zabaldu dute. Ikasleen ordezkariek esan zutenez, “jasangarritasunaren irizpideak diseinatzeak jendartean eta ingurumenean onurak dakartza. Horregatik, hobekuntza-proposamen batzuk proposatzera etorri gara, baita gure gain hartuko ditugun konpromisoak azaltzera ere”.

Jokaera desegokiak

Andoaindarren jokaerak aztertu dituzte, eta etxeko eremuari dagokionez hara zertaz ohartu diren, besteak beste: 

• Etxean behar dutena baino gehiago erosten dute, eta ondorioz, zabor asko sortzen dute. 

• Zaborra murrizten askoz ere gehiago saiatu behar dute, ez sortzeak, arazoa desagerrarazten duelako. 

• Sortzen duen hondakinaren gehiengoa zaborretara botatzen du eta gutxi berrerabiltzen du; batez ere, gazteok eta helduek. 

 

Kaleari begira jarriz gero, hona ikasleek atera dituzten zenbait ondorio:

• Edukiontzi mota desberdinak egon arren, leku guztietan era guztietakoak ez daude. Batez ere, arropa, olioaren eta pila biltzeko zaborrontzi gutxi dago. 

• Zaborrontzi handiak ez dira erosoak ume, gazte, adindu eta mugikortasun arazoak dituztenentzat. 

• Zaborrontzien inguruan zabor ugari pilatzen da, herritarrek kanpoan uzten dituztelako.

• Herritar askok hondakinak gaizki sailkatzen dituzte. 

• Hondakin arriskutsuak eta bereziak biltzeko etxolaren berri herritar gutxik dute edota gutxik erabiltzen dute. 

• Aisi garaian hondakin asko sortzen dituzte, batez ere, gazteok eta helduek, eta horietako asko lurrera edo belardietara botatzen dituzte, batik bat, zigarro muturrak, mokadutxoen ontziak, bildukinak eta hondar edo azalak.  

• Hondakinok jasotzeko ontzi ugari daude, baina leku batzuetan oraindik gehiago jarriko genituzke, batik bat, Manuel Lekuonan, Goiko plazako frontoiaren inguruan, Jose Luis Lopez de la Calle parkean.  

• Edukiontzi txiki askok oraindik sailkatzeko aukera ez dute ematen; hala nola, Juanita Alkainen, Ondarreta parkean, Txistoki pasealekuan (batzuk falta dira) eta Jose Luis Lopez de la Calle parkean. 

• Txakur jabe askok oraindik gorotzak ez dituzte jasotzen. 

 

Herri saltokien inguruan egin zituzten gogoeten artean, hona zenbait:

• Salmenta leku gehienetan sortzen duten hondakina plastikoa eta papera edo kartoia dira. 

• Denda eta saltoki gehienetan saltzen diren produktuak bilgarri ugari dituzte eta asko alferrikakoak dira. Plastikozko poltsak saltzen dira, herritarrek etxetik eramaten ez dituztenerako, batez ere. 

• Saltokietan salgai dauden produktu gehienak urruti ekoiztutakoak direla. Erosle gehienek ere non ekoiztu diren ez dakitela. 

• Askok ez dute ezagutzen Andoainen zein gure eskualdean ekoizten diren produktuak zeintzuk diren. 

• Bildukin gabe erosketak egiteko aukera murritzak ditugu (azoka…). 

Ikasleen konpromisoak

Hondakinen kudeaketaren inguruko diagnostikoa egin ostean, hona zer nolako konpromezuak hartu zituzten ikasleek:

• Ez ditugu helduen ohitura txarrak jarraituko. 

• Zaborra ez dugu lurrera botako edo kalean utziko. Zakarrontzirik ez badago, gurekin eramango dugu.  

• Norbait hondakinak lurrera botatzen ikusten badugu, zakarrontzira botatzeko eskatuko diogu. Lurrean ikusten ditugun hondakinak ere jaso egingo ditugu. 

• Zaborra hobeto sailkatuko dugu. Zalantza sartzen zaigunean, galdetu egingo dugu. Ingurukoei ere berdin egitera animatuko ditugu. 

• Behar duguna bakarrik erosiko dugu, kapritxoak alde batera utzita. 

• Bilgarri gabeko edo gutxiko elikagaiak, produktuak eta litxarreriak erosten saiatuko gara.

• Gauza berriren bat erosi nahi dugunean, bigarren eskukoa erosteko aukerarik badaukagun begiratuko dugu. 

• Erosketak egiteko etxetik poltsa edo taperra eramango dugu, baita harategi, arraindegi eta fruta-dendetara ere. 

• Arropa, aparatuak eta abar hausten zaizkigunean, berri bat erosi aurretik konpontzera eramango dugu.

• Bertako produktuak eta ekologikoak ahalik eta gehien erosten saiatuko gara. Horiek, eta bilgarri gutxikoak, herrian non saltzen diren ikertuko dugu eta ingurukoei informatuko diegu. 

• Erostean hondakinen etiketak begiratuko ditugu, jatorria, osagaien ekoizpen modua eta abar jasangarriak diren jakiteko. 

Udalari eskaerak

Ekitaldian zehar, Andoaingo Udalari zertan hobetu dezakeen gogorarazi zioten, eta aldi berean zenbait eskaera egin:

• Zaborra lurrera botatzeagatik edo lurrean uzteagatik isunak jartzea.

• Txakur kakak jasotzeko poltsak banatzea eta banderatxoen ekimenari eustea.

• Zigarro muturrak gordetzeko poltsatxo bereziak banatzea edota zaborrontzi bereziak jartzea. 

• Edukiontziek aho handiagoa izatea, baxuagoak izatea, errepide ondoan ez egotea eta tapa indarrik gabe zabaltzeko moduan jartzea. Zaborra nola sailkatu jakiteko azalpen irudiak jartzea. 

• Olioa, arropa eta pilak botatzeko edukiontzi gehiago jartzea, baita hondakin berezien etxola ere.

• Txartela pasatzeko aparatua baxuago jartzea eta pasa ondoren irekita denbora luzeagoz egotea. 

• Zaborra ondo sailkatzeagatik saritzea (diruz, herriko dendetarako erosketa bonoak edo deskontuak…).

• Ume, familia eta jubilatuei hondakinak murrizten, berrerabiltzen eta birziklatzen erakusteko tailerrak egitea.

• Ibai ertzeko eta belardietako hondakinak biltzeko lan-taldeak sortzea.

• Erosketetarako taperrak eta zorroak herritarrei banatzea. 

• Plastikozko poltsen prezioa, fruta dendetan, arraindegietan eta harategietan garestitzea edo debekatzea

• Bilgarri hondakin ugari sortzen duten enpresei zerga igotzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!