Berdintasun plan berriari begira lanean hasi dira

Daiteke gizarte aholkularitzaren eskutik, Andoaingo Udaleko Berdintansun Sailak datorren asterako lan saioak antolatu ditu. Urigainen bilduko dira, eta bitartean www.andoainenberdin.org webgunean galdetegia bete daiteke.

Azalduko al zenukete zer den aurrera eramaten ari zareten berdintasun plana? 

Sandra: 2014an onartu zen bigarren berdintasun plana. Garai horretan oraindik ez zegoen Berdintasun sailik, eta guztia Gizarte Zerbitzuetatik kudeatzen zen. Planak lau urtetako iraupena izaten du, eta ondoren ebaluaketa eta berdintasun plan berri baten definizioa etorriko dira. Aurten hasi gara balorazio eta ebaluazio lanarekin.

Plana nolako garatuko da?

Jaione: Herritarrei begira bi topaketa ezberdin aurkeztu ditugu, egindakoaz hausnartzeko eta aurrera begira jartzeko garrantzitsua baita herritarren inpresioak jasotzea eta ezagutzea.

Lidia: Hurrengo astean izango dira saioak, zehazki, ekainaren 12an eta 13an. Lehen egunean emakumeak, emakumeen elkarteak eta mugimendu feministak gonbidatuko ditugu. Eta 13an, berriz, herritarrak eta herriko eragileak.

Zer da plan honekin lortu nahi duzuena?

Sandra: Lehen helburua, berdintasun plana egonkortzea da. Bigarrena, epe luzerako erronka handi moduan, genero ikuspegia udaleko beste politika arloetan txertatzea da. Eta hirugarrena, indarkeriaren eta jabekuntzaren inguruan dauden ildoak egonkortzea eta aurrera begirako urratsak ematea.

Herritarrak erraz animatuko al dira?

Jaione: Parte hartzeko esango nieke. Berdintasun plan berriak hurrengo lau urtetarako politikak zehaztuko dituelako. Agian, oso urruti dagoela dirudi. Baina gure kaleko argiteria edo kalean ditugun gune beltzak gainditzeko udalean dauden teknikariek jenero ikuspegian formakuntza jaso behar dute. Garaia orain da. Proposamenak eta eskariak jasotzeko garaia da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!