Andoainen eta Argentinan, bihotza erdibituta

Xabier Lasa 2019ko eka. 10a, 07:54

Paola Gomez argentinarrak hamabost urte darama Andoainen bizitzen. Heldu orduko ez zuen zalantzarik eduki: euskara ikasi beharra zeukan. Jendaurrean lan egiteak euskara praktikatzeko aukera ahalbidetzen dio.

Noiz heldu zinen hona?

2005ean, eta kasualitate hutsa izan zen. Senarraren familiakoak hemen bizi ziren eta haiek tentatu gintuzten etortzeko. “Korralito”aren aurreko krisi garaia sufritzen genuen, eta Argentina uztea iruditu zitzaigun egokiena. Gure helmuga Europa zela, askoz gehiago ez nekien; niretzat Espainiakoa jendea, galiziarra zen; badakizu, topikoen indarra... Nolanahi ere ez nuen denbora askorik behar izan “lur hartzeko” eta ohartzeko Euskal Herrira irisi nintzela, eta bertan integratzeko nahitaezkoa dela hizkuntzarekin eta ohiturekin bat egitea.

14 urtez Euskal Herrian, damu zara etorri izanaz?

Batere ez! Dena dut gogoko hemen, paisajea, giroa, jendea, ohiturak, hizkuntza...

Zerk deitu zizun arreta Andoainera etorri eta segituan?

Lehen begi kolpean, Kale Nagusiko alde zaharrak eta bere etxeen egiturek, formak... Eta aldi berean, Leitzarango bailarak! Gizarteari begira, berriz, jendeak zeinen ondo antolatua daukan dena, horrek eman zidan zer pentsatua. Ordutegiak, eguneroko mugimenduak... Ameriketatik datorren batentzat harrigarria da herritarrak nola inplikatzen diren hondakinen birziklapenean, zeinen garbia dagoen dena. Hemengo bat Argentinara joango balitz, zeharo harrituko litzateke, hango kale zikinak ikusita, ze gutxi birziklatzen den... Zerbitzu publikoen alorrean ere, zer esango dizut! Hemen kexatu egiten da jendea, baina hangoarekin ez dago konparatzerik. Han denagatik ordaindu beharra dago. Argentina Ameriketako herrialderik europearrena dela diote, baina ez dakit...

Kanpotar sentitzeko motiborik ba al daukazu?

Batzuetan bai. Nahiz eta hemengo ohiturak-eta hartzen joan eta saiatu integratzen, barru-barruan kontziente zara ez zarela hemengoa erabat, eta horrek zerbait markatzen zaitu. Esate batera, jaiak ez ditut bizi hemengo baten antzera, nahiz eta euskal dantzen ikastaroetan parte hartu eta gero saiatu erromerietan dantzan egin.

Amerikar ugari itzultzeko gogoz egoten dira. Eta zu?

Bietan zatitua daukat bihotza, Argentinan eta Euskal Herrian, baina ezetz esango nuke, zerbait erantzutekotan. Han daukat familiaren zati bat; etorri izan da hona bisitan, eta ikaragarri gustatu zaie Euskal Herria. Ulergarria egiten zaie gu hemen geratu nahi izatea. 

Euskaldunak itxiak direnaren ustea, topikoa ote?

Ezetz esango nuke. Beharbada Argentinakoekin gertutasuna handiagoa erakutsi ohi dute, iraganean garai txarretan hemendik hara joandako familia asko dagoelako. Gaztelania ezagutzeak ere asko errazten du komunikazioa.

Euskara zer moduz doakizu?

Etorri eta berehala familia osoa Villabonako irakasle batekin jarri ginen euskara ikasten. Geroxeago, lantokiko baldintzak zirela medio, Ordiziako eta Lasarteko euskaltegietan jardun nuen. Andoaingo euskaltegira joaten naiz une honetan. Poliki-poliki ari naizela esango nuke. Hizketan hasten naizenean, gehien kostatzen zaidana euskaraz pentsatzea izaten da; izan ere, buruz, ezin da erderatik euskararako itzulpen literala egin! Hala ere, eguneroko bizimodua da niretzat euskaltegirik praktikoena; bi semeekin saiatzen naiz, ikastolatik bidaltzen dituzten euskarazko oharrak irakurtzen ditut, Aiurri sarean irakurtzen dut... Orendain eta Alegian aerobica eta gimnasia ematen ditut, eta hango jendearekin ere ederki praktikatzen dut, nahiz eta ez oso ondo moldatu hitz guztiei itsasten dieten “e” horrekin... Euskal musika jartzeko eskatzen didate ikasleek.

Han hemen zabiltza lanean...

Argentinan magisteritza ikasi nuen, baina hemen zaila egiten zait lana topatzea. Hezkuntza formalaz kanpoko ekintzetako irakaslea naiz, eta gimnasia, aerobica eta zumba irakasten ditut Orendain, Alegia eta Andoainen; azken honetan ZumbaLokura zentroan. Uda partean, berriz, Zizurkilen Pasusen lan egiten dut zerbitzari bezala. Herri txiki horietan polita izaten da euskararen kontu hori, ze bezeroak ohartzen direnean kanpotar izanik euskaraz saiatzen zarela, eskertu egiten dizute eta gertutasuna adierazten dizute. 

Kirola praktikatzeko grina zabaldu da azken aldian...

Nik gorputza mugiarazten duten kirol eta jardun guztiak ditut gogoko, gimnasia, bizikleta, lasterketa, aerobica... Ona da osasunarentzat, gorputzarentzat zein buruarentzat, eta horretaz gero eta gehiago jabetzen ari da gazte jendea. Gorputzak guztiei ematen dizkigu seinaleak, adieraziz estresak jota gaudela, bizitza dena azkar ari garela kontsumitzen... Premia latza daukagu gorputza astintzeko eta burua kezkez husteko, gimnasioan ordu betez besterik ez bada ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!