Andoaingo biktimen aldeko salaketa, Tolosako epaitegira

Xabier Lasa 2019ko eka. 11a, 15:43
Andoaingo biktimak, apirilaren 13an ospatu zen omenaldi ekitaldian

Andoaingo Udalak frankismoaren krimenen aurkako kereila ipiniko du Tolosako epaitegian, bihar goizean. Ekimenarekin bat egin dute Andoaingo hainbat biktimek, kereilaren aldeko Euskal Herriko Plataformak eta Oroituz elkarteak.

Goizeko 09:00etan jarri dute hitzordua. Ana Carrere alkatea eta udal ordezkari politikoek kereila kriminala aukeztuko dute epaitegian, 2017ko uztaileko udalbatzan aho batez hartu zuten erabakia gauzatuz. Epaitegian izango dira, halaber, 1936-1980 epean frankismoak eragin zituen zenbait biktima.

Atzera joanda, gogoratu behar da 2017ko uztailean Frankismoaren krimenen aurkako Euskal Herriko Plataformak eta Oroituz elkarteak mozioa aurkeztu zutela udalbatzan, eskatuz Udala pertsonatu zedin frankismoak herrian eragindako krimenen aurka. Proposamena aho batez onartu zen udalbatzan, eta harrez gero Oroituz elkartea txostena osatzen aritu da, herriko biktimei elkarrizketak eginez eta artxiboak arakatuz.

Txosten horrek, Molaren tropak 1936ko abuztuaren 16an Andoainen sartu zirenetik 70eko hamarkadaren bukaera arte diktadura frankistak eragindako giza eskubideen urraketen kronika egiten du. Besteak beste, 1936-1939ko epean nahiz 60 eta 70eko hamarkadetan fusilatu edo atxilotu eta torturatuen kasuak jasotzen dira.

13 herritar edo familia batu dira txostenera, Udalarekin batera kereilan pertsonatzeko asmoz.

Biharko ekitaldia garratzitsuetzat jo du Oroituz, elkarteak “Frankismoaren krimenek urteetan gozatu izan duten inpunitatearen aurkako pauso historikoa izango da biharko ekitaldia. Gure herriari dagozkion Egiaren lerro asko idatziak daude jadanik, eta orain aurkezten diren salaketa guztien erantzukizunak Justiziari dagokio eskatzea. Azken batean, estatu guztian eta Euskal Herrian frankismoak eragindako milaka eta milaka biktima guztien artean andoaindarrek ere beraien duintasuna eta dagokien Justizia aldarrikatzen dute. honek duen balioa adierazteko deialdi zabala luzatzen diogu andoaindar orori Epaitegiaren aurrean goizeko 09:00etatik aurrera, bere babesa eta atxikimendua plazaratzeko egingo dugun elkarretaratzera ager dadin”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!